Haizea dirudite, baina ez dira erabat haize. Gogoratu Mike Powell Munduko Atletismo Txapelketan, Tokion, 1991n. Begiak aurrera begira, kontzentratuta, gero kolpean korrika hasi, abiada hartu eta jauzi egiteko. Korrika bezala mugitzen ditu airean hankak, eta une batez, laztandu egiten du hegan abiatzearen ametsa. Ez luzez, ordea, milaren gutxi batzuetan lurrera darama berriz gorputzaren zamak: 8,95 metroko jauzia, munduko errekorra. Inork ez du gainditu orduz geroztik. Adibide bat da, baina hor ibiliko da gizatasunaren muga. Giharren muturra ezagutzen dute puntako kirolariek. Hor ibiliko da gorputzaren ertza. Izan ere, hobekuntzak hobekuntza, haragiak, hezurrek eta tendoiek badute beren pisua, eta, kirol aditu askoren iritziz, murriztuz doa askoz urrunago heltzeko aukera. Bere muga fisiologikoetatik gertu dabil gizakia.
Kirolarekin beste du zerikusia kontuak zientziarekin. Modelo matematikoak badaude garaiz garaiko markekin, eta esponentziala da hobekuntzek marrazten duten malda. Handitik txikira doa nabarmen koska, lasterketa proben kasuan, adibidez. Minutukoak dira markatik markarako lehen tarteak, segundokoak gero, hamarrenekoak, ehunenekoak, milarenekoak... Malda horiek marraz dezakete giza gorputzaren mugarria Iñigo Mujika Araba Sport Clinic zentroko zuzendari eta fisiologoaren hitzetan. «Hemendik aurrera egongo dira errekorrak, noski, baina oso-oso pixkanaka iritsiko dira. Milarenak izan beharko ditugu kontuan hemendik aurrera distantzia laburretan, eta segundoak maratoietan. Benetako muga fisiologikoetatik oso hurbil daude atletismo probetako egungo markak».
Muga ez da hain estua kirol guztietan, ordea. «Gizakiak betidanik egin du korrika, adibidez, eta korrika egitean gizakiak jasaten dituen moldaketa fisiologiko eta fisiko gehienak eginda daude. Hor lor daitezkeen hobekuntza gehienak lortuta daude». Bestelakoa da igeriketaren kasua, Mujikak dioenez. Erabat moldatu gabe omen dago oraindik giza gorputza. «Uretan gizakia oraindik ez da hain efizientea. Uretan mugitzeko gaitasuna hobetuz doa. Gero eta entrenamendu hobea dute igerilariek, eta lehorrean egiten den prestakuntza fisikoak ere asko egin du hobera. Hor dago tartea markak hobetzeko». Igeriketakoak izango dira horregatik aurten Londresen jokatuko diren Olinpiar Jokoetako hobekuntza ikusgarrienak. Muga fisiologikoak oraindik gehiago behar daitezkeelako.
Hobekuntza teknikoak
Efizientzia da klabea kirol guztietan. «Abiadura zehatz batean mugitzeko duzun gastu energetikoa da efizientzia. Gorputzaren gaitasun hori ez dago gehiegi aldatzerik. Puntako kirolariek oso efizientzia maila handiak dituzte, gizakiaren efizientzia mugan daude, eta zaila da hobekuntzak lortzea. Baina aldaketa txiki bat nahikoa da hobekuntza nabarmenak lortzeko». Urteak dira elikadura eta prestakuntza gertutik zaintzen direla, eta atletismoan ez dago hobekuntzarako tarte handirik. Bestelakoa da egoera txirrindularitzan, esaterako. «Txirrinduaren egituran edo hura eraikitzeko erabiltzen diren materialetan badago hobekuntzak egiterik, eta horrek lagun dezake marka berriak lortzen», dio Mujikak. Eta berdina gertatzen da, noski, gorputzaz bestelako tresnak erabiltzen dituzten beste kirolekin ere. Giharrak beren ahalmenaren muturrean direnean, handia da hobekuntza teknikorik txikienen garrantzia.
Indibiduo batek eman dezake espeziaren neurria. Markak puskatzen dituen kirolari jakin horrek marrazten du gizakiaren ertza. «Usain Bolt (korrikalaria) bakarra dago munduan, noski. Hark egiten duena hark bakarrik egiten du. Badaude beste batzuk Boltek egiten duenetik oso hurbil daudenak, baina, azkenean, txapeldun olinpiarra bakarra da». Marka egiten duena da, azken finean, gorputzak noraino eman dezakeen erakusten duena. Gorputzik efizienteena noraino hel daitekeen frogatzen duena.
Dopinaren itzalpean
Deigarria da emakumeen atletismo marken kasua, Mujikaren hitzetan. Baita esanguratsua ere. 80ko hamarkada bukaeran egindakoak dira gehien-gehienak, eta haien azpitik aritzen dira egungoak. Emakumeen muga fisiologikoen gainetik daude, izan ere, marka horietariko gehienak. «Dopinaren laguntzarekin egin ziren 80ko urteetako lorpenak. Gero eta argiago dago hori. Ez da normala gizonek kirol guztietan hobera egiten jarraitzea, eta emakumeen kasuan halakorik ez gertatzea. Are gehiago, urteak aurrera joan ahala emakumeak kirol munduan gero eta murgilduago daudela kontuan harturik. Dopinaren laguntzaz lortu ziren errekor haiek, eta gaur egun balio horietara heltzeko arazo larriak daude».
Garai bateko aurreikuspenak ez ziren halakoak. 2020. urtea pasatuta, emakumeek gizonek baino maratoi marka hobeak egingo zituztela uste zuten zenbait adituk. Mujikak dioenez, kalkulu okerra izan zen hori. «Une hartan emakumeen errekorren eboluzioa azkarragoa zen gizonezkoena baino, eta horregatik pentsatu zuten joera horrek jarraitu egingo zuela. Emakumea kirolean buru-belarri sartu zenean gertatu zen hori, profesionalizatzen hasi zenean. Nabarmen egin zuten hobera orduan markek, noski, baina kiroletan emakumeak gizonaren markak gaindituko dituenik pentsatzea ez dut uste errealistegia denik».
Dena ez da gihar, ordea, eta garunak ere badu bere garrantzia kirol marketan. Muga fisiologikoez gainera, muga psikologikoak badaudela dio Mujikak. Roger Bannister aipatzen du, hark 1954an egindako milia, zehazki. «Nik baldin badakit inor ez dela inoiz bi orduko maratoi batera hurbildu, ez da logikoa pentsatzea atletismoan hasi eta bi ordu baino gutxiagoko maratoi bat egingo dudala nik. Korrikalari guztiek pentsatzen dute marka hori ezin dela lortu, eta norbaitek lortzen ez duen arte muga horiek ez dira gaindituko. Oso argigarria da Bannisterren kasua. Bazirudien ezinezkoa zela milia bat lau minutu baino gutxiagoan egitea. Lortu egin zuen berak. Muga hori apurtu, eta hurrengo hilabeteetan maiz gainditu zuten 4 minutuko marka hori, eta ez berak bakarrik, baita beste korrikalari batzuek ere». Motibazioak eta espektatibek badute zer esanik.
Baita genetika eta ingurugiroaren arteko elkarlanak ere. «Kenian, adibidez, jende askok du korrika egiteko gorpuzkera oso egokia, baina txikitatik ibiltzen dira eskolarako bidea korrika egiten; hamabost kilometro goizez, eta hamabost arratsaldez. Halakoak jende askok egiten dituenean, populazio horren barruan hobeak eta okerragoak egongo dira, baina onenek maila emango dute munduan. Ez da genetika hutsa, ezta ingurugiro hutsa ere».
Murritzak dira kirolean populazio berriak agertzeko aukerak, Mujikaren hitzetan. Dagoeneko hedatuta dago kirolerako sarbidea ia mundu osoan. «Globalizazioarekin hori gertatzen da. Orain ez dira soilik europarrak kirolean ari direnak, ez eta ipar amerikarrak bakarrik. Orain arte parte hartu ez duen herrialde bat, edo etnia bat agertu, eta markak apurtzen hastea pentsaezina da».
Marka bat aukeratu beharko balu maratoiarena ikusi nahi luke Mujikak. «Gustatuko litzaidake bi ordutik beherako maratoi bat ikustea, baina ez dut uste halakorik sekula ikusiko dudanik». Igeriketako marken hobekuntzan du esperantza. Londresen ikusiko da gorputzaren zer ertz dagoen oraindik zorrozteko.
Ezarian. Errekorrak kirolean
Gorputzaren ertzak
Prestakuntzak hobera egin arren, gero eta tarte txikiagoz gainditzen dituzte egungo kirolariek lehengoen markak. Giza gorputzaren muga fisiologikoetatik gertu daudelako gertatzen da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu