Maribel Quiñones Martirio abeslariak (Huelva, Espainia, 1954)40 urte baino gehiago darama agertokietan, Andaluziako eta munduko musikaren interpretazio berezia egiten. La mujer y la copla hitzaldia emango du gaur, 19:30ean, Tomasene kultur etxean (Altza auzoa, Donostian), Jabier Muguruzak aurkeztuta.
Andaluziako koplak emakumeen hezkuntzan izan duen garrantzia aztertuko duzu hitzaldian.
Belaunaldi eta erdi batez, emakumeok heziketa sentimental handia jaso dugu abestion bidez. Eragin handia izan du guregan. Aztertu nahi ditut koplek aurkezten dituzten egoera psikologikoak, jelosiatik maitasun masokistaraino.
Baina kopletan ez al dira ikuspegi matxista eta mota guztietako estereotipoak adierazten?
Bai, noski. Kopla orduko gizartearen isla da, eta joera matxista du. Baina, horren ondoan, gauza poetiko, liriko eta zoragarri asko daude. Nik bertsoka azaltzen dut hau. Bertso horietan, gizon eta emakumeen arteko harremanak islatzen dira, erlijioa eta maitasuna ulertzeko modu bat, eta denboraren indarrez ikusi dugu modu horiek ez digutela zoriontasunik ematen. Orduan emakumeek ez zuten iritzia ere ematerik, eta pasio asko koplaren bidez adierazten ziren.
Gizonezkoek idatzi zituzten kopla klasikoak?
Gehienak, ia guztiak. Halere, batzuetan oso ikuspegi femeninoa zuten, sortzaileek emakumezko abeslarien lagun minak zirelako. Agian, emakumeek bestelako gauzak idatziko zituzten, baina ez dakit nolakoak izango ziren. Dena den, emakumeek euretzat hartzen zituzten, eta ikono gisa gurtzen zituzten.
«Pilula batzuk behar ditut, martxan jartzeko»... Zuk buelta eman nahi izan zenion generoari.
Estoy muy mala kopla modernoa izan daiteke, baita Separada sin paga eta lehen bi diskoetako kantak ere; musika aldetik bestelakoak badira ere, gizartearen erretratua hor baitago.
Lan handia egin duzu Andaluziako herri musika modernoa frankismoaren bahiketatik askatzeko. Zaila izan al zen hasieran?
Nire musika askea egiten saiatu naiz. 1984. urtetik, hainbat musika mota nahasten aritu naiz: jazza, flamenkoa, boleroa, tangoa... zoratzen nauten herri musika guztiak. Hasieran, zaila izan zen. Irudi bitxi batekin atera nintzen agertokietara, koplatik eta flamenkotik bezala rocketik eta undergroundetik ere banentorren eta. Hori guztia sartu nuen pertsonaian. Batzuek ezin ninduten ikusi, baina beste batzuek lagundu egin zidaten, eta ilea apaintzeko orraziak egiten zizkidaten. Artea horretarako dago, gogoak eta tripak mugiarazteko. Gorrotorik sortzen ez baduzu, edo egiten duzun artea oso light da, edo ez da artea. Batzuek uste zuten barre egiten ari nintzela. Denborarekin, konturatu dira kopla benetan maite dudala.
Koplak zu bezalako emakumeak sortu bazituen, zer aterako da gaurko nerabeek entzuten dutenetik?
Inoiz ez da egon horrenbeste musika entzuteko aukera, baina gehienak ez zaitu inora eramaten. «2.300 abesti ditut iPod-ean», esaten dizute. Horiek guztiak entzuteko bitan jaio behar duzu. Guri geratu zaizkigun kantak behin eta berriz entzun ditugunak dira. Ez da kopuru kontua: zirrara sortzen zaituena eta tontotzen zaituena bereizi behar duzu. Gaurko musika kleenex hori oso ona da jendea manipulatzeko.
Martirio. Abeslaria
«Gorrotorik sortzen ez baduzu, edo egiten duzuna oso 'light' da, edo ez da artea»
Andaluziako koplak bi emakume belaunaldiren sentimenduak hezteko izan zuen eraginaz mintzatuko da Martirio abeslaria gaur Donostian, hitzaldia abestiz jantzirik, Literaktum egitasmoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu