Gortina atzean, errealitate gordina

'Saturraran 1938-1944' antzezlana estreinatuko dute gaur Mutrikun, Saturrarango kartzelako pasarte ilunak argitara emateko.

IDOIA ETXEBERRIA MUTRIKU
2008ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Hamaseigarren entsegua da. Baina lehen aldia dute antzinako erara jantzita eta orraztuta. Daukaten itxura ikusteko gogoz, igogailuko botoia sakatu dute hiru aktorek. Igogailuan ispilua dagoelako. Atea ireki denean, barre algaraka hasi dira denak. «Zer piura! Hobe ez ikustea!!», ilea burura pega-pega eginda dauka Aintzanek. Pinportadun alkandora, gona luzea, takoiak. Korrika alde egin du oholtzarantz, barrez. Zuriz jantzitako moja aurkitu du bidean. Mila. Kaskarreko bat emateko prest, hori baita bere papera antzezlanean. «Moja gaiztoa da hau! Gaizto-gaiztoa!», azaldu du Jabitxuk, ondotik. Bera da aktorerik helduena: 60 urte; eta lehen aldia du oholtza gainean. «Kirioak dauzkat... dantzan-dantzan!». Igandean [gaur] estreinatuko dute lana, Mutrikuko kultur etxean: Saturraran 1938-1944. Saturrarango kartzelako pasadizo ilunak biziberrituko dituzte. Ehunka emakumek sufritutako oinazea ahaztu ez dadin.

«Orain arteko antzezlanekin konparatuta, oso desberdina da hau», Milaren arabera. «Hau ez da asmatutakoa, benetan gertatu zen!». Eta latzak dira antzeztu beharreko pasadizoak. «Nik ez daukat hitz asko: aginduak, eta zipli-zapla, astindu eta jo!». Saturraranen gertatutakoak barrua mugiarazten dio Jabitxuri: «Mojek ukituak egiten zizkieten kartzelara eramandako presoei. Emakumeak eta umeak gosez hiltzen ziren. Eskasa zen jatekoa. Batatak. Eta xomorroekin dena: ilarrak, babarrunak... Umeei ere esnea kendu egiten zieten, eta saldu, ekonomatoan!». Arantza Ugarte zuzendaria -Arantxa, Goizeko Izarra antzerki taldeko kideentzat- atzera eta aurrera dabil: «Bost minutu barru hasiko gara!». 20:35ak dira.

Komediarako tarterik ez da antzezlanean. Giro iluna eta hotza. Isiltasuna eta beldurra. Baina aktoreek bestelako aldartea dute. Umoretsu ageri dira, elkarri adar joka. Irribarrea ahoan eta tximeletak sabelean. «Jarri hemen!». Taldeko argazkia aterako dute, hasi aurretik. «Belaunak-eta ondo tapatu! Sasoi horretan bekatua zen!», esan die Pakita jostunak, irriz. Berak egin ditu mojen jantziak. Pla!, kokotekoa eman dio Milak lurrean eseritako neska bati, Anari, brometan. «Lurrera begira egon behar dugu, presoak bezala?», hark. «Ez da gure modelito eleganteena, e?». Eta barreak. «Serio, e!». «Barre faltsurik ez! Kar, kar, kar».

«Bagoaz, e? Argiak!!», esan du Ugartek. Entsegua hastera doa. «Ixoooo!». Marisol, ezkutuko narratzailea, irakurtzen hasi da. Kartzelaren historia kontatzen. «Hor atzean geldi egon, zarata sumatzen da!». Eta ondoren Jabitxu agertu da oholtzan, mahai baten atzean eserita, bere bizimodu petrala aletzen: Josefa Garcia Segretena egiten du; kartzelan bizitakoekin liburua idatzi zuen irakasle galiziarrak. «Ama nagusiaren ustez, gaizkileak ginen», irakurri du. Presoak eta moja biak kartzelako bizimodua erakusten ari dira: presoak ilaran jarrita, bakoitza bere fardeltxoarekin, eta mojak dena errekisatzen. «Jatekoa bakarrik ez, duintasuna ere kentzen zieten mojek preso iritsi berriei», dio offeko ahotsak. «Akordatzen zarete non dagoen argia? M-4 da. Ez, M-6!», gogorarazi die Ugartek.

Eguneroko bizitzako pasarteak antzeztu dituzte. Gosaria: txokolate ontza bana edo hiru piku. Lotarako ordua: 250 emakume gela batean, lurrean. Zigorrak: hankak uretan sartuta, ziegan. Hitz egiteko debekua. Derrigorrez mezetara joan beharra. Emakumeen ustezko delituak. Eta beste hamaika kontu, bihar Mutrikura doanak bertatik bertara ezagutuko dituenak. Argazkiek, ikus-entzunezkoek eta musikak lagunduko dute hamar antzezleen lana. Arreta eta memoria bizirik mantentzeko.



Zer:'Saturraran 1938-1944' antzezlana. Non: Mutrikun, Zabiel kultur etxean. Noiz : Gaur, igandea, 19:00etan. Antolatzailea : Mutrikuko Udala. Sarrera : Dohainik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.