Zeledonen jaitsierarekin batera, gaur bertan hasiko dira Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak, hiria astebetez musikaz beteko duen etengabeko festak. Urtero bezala, mota ugariko kontzertuak antolatu dituzte hiriko hainbat eragilek, eta gaur bertan izango dira lehenak. Horietako bat Black Light Gospel Choir talde gaztea izango da (23:00).
Bi urte baino ez dituen arren, toki askotan jotzen aritu da Black Light, eta dagoeneko disko bat plazaratu du, Rebeca Rods abeslaria eta Paco Ortega produktorearen zuzendaritzapean. Hainbat tokitako abeslari gazteek osatzen dute taldea, eta Rods bera da ahots nagusia.
Taldea osatu zuten unetik gospel talde klasikoetatik urruntzen saiatu dira, eta gospel hutsa ez ezik, soul eta funk soinuetara ere hurbildu dira. Zuzeneko emanaldietan nazioarteko abeslari ospetsuen kantak abestu ohi dituzte, eta lehen diskorako Stevie Wonder, Michael Jackson, Leonard Cohen eta antzeko abeslarien piezak bere egin dituzte.
Baina gaurko egitarauak musika emanaldi gehiago eskainiko ditu gospelaz gain. Gauerdian, Jarabe de Palo taldea Aiztogile plazan izango da, eta Joseba Tapia, Arka plazako agertokian. Unibertsitate inguruko txosnetan Koxkor, EH Sukarra eta Sumision City Blues taldeak arituko dira.
BLACK LIGHT GOSPEL CHOIR
Non. Probintzia plazan.
Noiz.23:00etan.
Sarrera. Doan.
Gospel gaztea festa hasteko
Black Light Gospel Choir taldea Gasteizen izango da gaur gauean, Andre Mari Zuriaren jaien egitarauaren barnean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu