Gozamenen txokoa, zabalik

Hogei urtez, janaria erosteko dendarik gabe bizi izan dira santsoldarrak. Aurten, baina, El Rincon de los Placeres denda ireki du Patxi Diaz de Ilarraza herriko alkateak.

Gutxinaka ari da Patxi Diaz de Ilarranza Santsolgo denda jakiz betetzen, baina badu horretan laguntzen dion lagunik. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Lohizune Amatria.
Santsol
2012ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Erromesez gainezka dago Santsolgo denda (Nafarroa). Sei kilometrora dago Los Arcos herria, eta bertatik ateratzen diren ibiltarientzako aurreneko geltokia da. Abenduan ireki zuen Patxi Diaz de Ilarrazak, eta geroztik, egunero sartzen da erromesen bat El Rincon de los placeres (Gozamenen txokoa) dendara, Santsolen dagoen jaki dendabakarrera.

Duela hogei urte itxi zuen Coro Bakedanok Santsolen zeukan denda. Dendarik gabe gelditu zen herria orduan, eta horrela bizi izan dira hogei urtez. Aurten, baina, gauzak aldatu egin dira. Adorez bete, eta denda txiki bat ireki du herriko alkateak. «Ohiko herriko denda bat da». Arrazoia dauka, eta gauza bera uste dute erostera doazenek. Xarmagarria dela diote gehienek. Lagunekin afariak egiteko erabiltzen zuen txokoa erabili du, eta izena ordutik dauka jarria. Gozamenen txokoa deitzen zioten, eta orain ere gozatzeko txoko izatea nahi du.

Eraikuntzan lan egin izan du beti Diaz de Ilarrazak, baina langabezian geratu zen duela bi urte. Egun, ez da erraza lana aurkitzea, eta horregatik, beste irtenbide bat bilatu du. «Denda bat irekitzea proposatu zidaten nire lagunek», azaldu du. Abuztuaren 6an izan zen dendaren inaugurazioa, eta suziriak eta guzti bota zituzten ospatzeko. «Zinegotzi batek gertaera garrantzitsua zela zioen, eta suziriak bota zituen. Zur eta lur geratu nintzen».

Donejakue bidean bertan dago Diaz de Ilarrazaren denda, baina erromesak ez ezik, herriko biztanleak ere badira haren bezero. «Egunak eta egunak daude. Batzuetan, erromesak dira gehiago, baina beste batzuetan, herritarrak etortzen dira», dio. Pozik dago orain arte saltzen ari denarekin: «Denetik saltzen dut».

Diaz de Ilarrazaren ustez, erdiguneko leku batean dago Santsol. Los Arcostik sei kilometrora dago, eta gertu ditu Logroño (Espainia), Viana eta Lizarra (Nafarroa) ere. Herri horietara joaten dira jakiak erostera santsoldarrak, eta kalez kaleko saltzaileak ere pasatzen dira herritik: «Fruta, arraina eta haragia ekartzen digun kamioi bana etortzen da». Baina Diaz de Ilarrazaren ustez, askoz hobea da herrian bertan denda edukitzea. «Pozik daude herritarrak; ahaztu zaiena erosteko tokia dute orain».

Denetarik du dendako apalategietan. Gosaltzeko beharrezko guztia, litxarkeriak, edariak, olibak, fruitu lehorrak... Zerrenda amaigabea da. Hala ere, dendaria ez dago guztiz ados. «Gutxika ari naiz denda betetzen; oraindik gauza asko falta zaizkit». Jendeak eskatzen dionaren arabera ekartzen ditu salgaiak, eta lagunek ere lagundu egiten diote horretan. «Erosketa zerrenda bat ere prestatu izan didate lagunek».

Zigiluak ere bai

Donejakue bidea bertatik pasatzen delako ireki zuen Diaz de Ilarrazak denda, eta erromesen eskarietara ere moldatu behar izan da. «Ziurtagiria zigilatzen al duzue?», galdetu dio ibiltari batek, fruta erosten ari zela. «Bai, noski», erantzun dio Diaz de Ilarrazak. Santsoletik pasatu dela egiaztatu ahal izateko zigilua jarri du dendariak ibiltariaren liburuxkan. Erromes asko pasatu dira azken hilabetean bertatik, baina badaki uda joatearekin batera erromesak gutxitu egingo direla.

Lan gutxiago izango du neguan. Baina eskertuko du hori ere. Dendaria izateaz gain, herriko alkatea ere bada, eta egiteko guztiak egin ahal izateko, ordutegia moldatu beharko du. «Telefonoa soinean daukat beti. Norbaitek zerbait behar izanez gero, aski du deitzearekin». Bezeroak oraindik asko dira, eta pozik dago horregatik. Baina, udan ere baditu une lasaiak. Orduan, 10 minutu barru hemen naiz afixa jarri, eta erosketak egitera ateratzen da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.