Greba

Aurelia Arkotxa.
2010eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Astelehen goiza, Hendaiako gara. Bidaia-txartela saltzen didan emazteak: baduela 10 egun SNCFeko langileak greban direla. Abiadura lasterreko TGVa orain partitzen dela, ez dela Pessacen geldituko, TER herrialdeko trena bezala. Ez dudala hauturik. Bordeleko Saint-Jean gara, Bus 16. Cours de la Marne-Place de la Victoire. Plazan: B tranbia. Pessacerako bidean, tranbiako ahots automatizatuak geltoki izenak zerrendatzen ditu. Eta noiztenka, beranta (atzerapen) inportantak aldarrikatzen, greba manifak badirelako. Pessaceko campusa: arratsaldeko seiak aldera, ikasleek blokatzen Bordele3 unibertsitatea. Arratseko zazpi t'erdiak, berriz Saint-Jean geltokia. Hendaiara tren zuzenik ez dela. Akizera joan behar dela, handik autobusez Hendaiaraino. Emazte gazte batek: «bai, aspergarria, garraioen falta. Baina ez zait inporta: ikusten da mugimendu soziala indarrean dela». Akizeko garan, autobusa bidaiarien beha dago. Bikote adineko bat, alegera, Marseillatik heldu dena. Emaztea hori kanarioz beztitua, lastozko kapela zuria buruan. Marseillan 22 gradu egiten zuela. (Akizen 6,5). Bi bidaiari gazte la route egiten ari direnak. Etorkin bat hegoaldera doana bere bi zakurrekin : ttipiena katu-kaiolan badarama. Landetako pinudien artetik, badoa kurri autobusa. Gau ilunean. Tyrosseko argiak. Eliza aitzinean Marseillako bikotea jaisten. «Adichats brava gent!», dio txoferrak. Txoferrarekin bat egiten dut: autobusa lineak eskasegi direla. Hendaiako garara gauerdi t'erditan heltzen naiz. Asteartea, Baiona. Errobiko campusean ikasleen piketeak. Ikasle batzuk sua piztua dute. Kea. Hotza. Hamaikak aldera, manifestaldia. Poliziaren erranetan, 8.250 manifestari omen Baionan gaur. Sindikatuen erranetan: bi aldiz gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.