Greziako komunikabideek lau eguneko greba bat hasi zuten atzo, eta datorren astelehenera arte herrialde horretan ez dute informaziorik emango. Salbuespena deialdiari erantzun ez dioten blog batzuk izango dira.
«Patronalak, gobernuarekin batera, sektoreko lan eskubideak eta Gizarte Segurantza kendu nahi ditu», salatu du Greziako prentsaren sindikatu batzarrak. Kazetari asko kaleratu dituzte azkeneko hilabeteetan, eta horren aurkako protesta egiteko da greba deialdia. Izan ere, Grezian dauden 7.000 kazetarietatik 900 kaleratu egin dituzte.
Komunikabideetako arduradunek sektoreko kazetari eta profesionalei proposamen bat egin zieten duela gutxi: datozen hiru urteetan soldaten %15eko jaitsiera onartzea. Baina kazetari federazioek ez dute ontzat jo proposamena.
Grezian informazio orokorreko 23 egunkari daude, sei ekonomikoak eta bederatzi kiroletakoak. Duela gutxi, Apogevmatini egunkaria itxi zuten. Elefteros Typos egunkaria aldi baterako itxi zuten, eta lantaldearen %30arekin itzuli zen. Sindikatuen arabera, kazetarien lan baldintzak asko okertu dira azkeneko urtean.
Komunikazioa
Greziako hedabideetako kazetariek lau eguneko greba bat hasi dute
Sindikatuek adierazi dutenez, Greziako 7.000 kazetarietatik 900 kaleratu dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu