Gudaren lekukotza

Bigarren Mundu Gerrari buruzko jatorrizko hainbat tresna eta material biltzen duen erakusketa ikus daiteke Nafarroako Filmategian; urriaren 24ra arte izanen da zabalik.

Iruñea
2012ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Bigarren Mundu Gerra gizateriak nozitu duen gudarik latzena izan zela diote historia liburuek. Guda hura hasi zela 73 urte bete dira aurten. Urteurrena baliatuz, Nafarroako Filmotekak eta Nafar Ateneoak gudaren inguruko erakusketa eta zinema zikloa antolatu dituzte. Gudan (AEB) Ameriketako Estatu Batuetako armadak zein Alemaniakoak erabilitako hainbat material bertatik bertara ikusteko aukera ematen du erakusketak.

Bigarren Mundu Gerrari buruzko zinema zikloko filmak ikustera doan ikusleari aukera eman nahi diote guda hartan erabilitako jatorrizko uniformeak, kaskoak, borrokarako ekipoak eta soldaduek garbitzeko edo otorduak egiteko erabiltzen zituzten tresnak ezagutzeko. Hainbat erakusleihotan banaturik eta bakoitzean konparaketa bat eginez, AEBetako eta Alemaniako armadak erabilitako jatorrizko materiala ikus daiteke. Gudaren inguruko filmen kartelak, mapak, musika, liburu espezializatuak eta proiekzioak ere badaude.

Erakusketak, harrera ona

Jesus Artigas zinema kritikaria eta Bigarren Mundu Gerrako objektuen bildumazale porrokatua da erakusketaren koordinatzailea. Ez alferrik, erakusketan dauden objektu asko harenak dira. Gaiaz gehiago jakiteko egin dituen hainbat bidaiatan erositakoak. «Pelikulak ikustera heldu den ikuslea girotu eta filmean ikusten dituen hainbat objektu zuzenean ezagutzeko aukera eskaintzea da asmoa», dio Artigasek. Zinema zikloak eta erakusketak izan duten harrera onarekin oso pozik dago. Orain arte egin dituzten bi emanaldietan aretoa bete egin da. Hurrengoa eta azkena heldu den asteartean izanen da. A Time to Love and a Time to Die (Maitatzeko garai bat eta hiltzeko garai bat) pantailaratuko dute, 20:00etan. Erakusketak ere bisita franko izan du. Horregatik, irailaren 28an kentzekoa zen erakusketa, baina urriaren 24ra arte zabalik edukitzea erabaki dute antolatzaileek.

Gudarako AEBetako eta Alemaniako armadetako soldaduek erabiltzen zuten materiala da nagusi erakusketan. Bertara sartu, eta berehala Willys markako jeep bat topatuko du bisitariak. Ibilgailuaren gainean, garai hartako kamera bat daraman soldadu bat ageri da. Jeeparen jabea Iruñeko Txantrea auzoko Ramiro Bendorio da. Bertikalean kokatuta, lau beirategitan beste hainbeste maniki ageri dira orduko uniformeak eta gudan erabiltzen zituzten tresnak soinean dituztela. «Soldadu bakoitzak hogei kilo baino gehiago eramaten zuen gainean. Gainera, egunak ematen zituzten lo oso gutxi eginda. Gurea baino belaunaldi askoz ere indartsuagoa zen», azpimarratu du Artigasek. Erakusketaren zati handiena osatzen dute soldadu alemaniarrek eta amerikarrek egunero erabili behar izaten zituzten gerrarako lanabesek: irratiak; fronteek elkarrekin hitz egiteko telefonoak, pila eta guzti; zaurituak sendatzeko botikina; botak; iparrorratzak; pistolaren bengala eta sua; amerikarren granada txikiak eta alemaniarren handiak... Materialean bi armaden aldeak ere ikus daitezke. Alemaniarren uniformeak ikusgarriagoak dira, eta materiala ere kalitate hobekoa da; pistolak edo munizioa gordetzeko zakuak larruzkoak dira, eta amerikarrenak, oihalezkoak. Gerrarako erabili zen BMW motozikleta batek eta haren sidekarrak osatzen dute erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.