Jose Mari Andres. Itxaropena ikastolako zuzendaria

«Gure ikasle izandakoen seme-alabak gure ikasle izaten hasi dira»

Ibai Maruri Bilbao.
2012ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Nekatuta baina gustura» zegoen atzo Itxaropena ikastolako zuzendari Jose Mari Andres. «Halako gogobetetasun bat badut, esanez gauza handi bat egin dugula. Bi aste barru-edo, ikastolako jendea ohartuko da zer egin dugun», aitortu du.

Zelan joan da Ibilaldia?

Oso ondo atera zaigula esango nuke. Hasieran, pentsatu genuen ikusita eguraldia goibel zegoela arazoak izango genituela. Baina egunak aurrera egin ahala, gero eta jende gehiago agertu zen. Amaieran esango nuke jende zaparrada etorri zela. Giro ona izan dugu. Beraz, alde horretatik, pozik. Egindakoa hor dago; urte osoko fruitua jaso dugu.

Eguraldiaren beldur hori izango zenuten, zapatu gauerako eta domeka goizerako euria iragarrita baitzegoen.

Zapatu arratsaldean euria egingo zuela bagenekien eta domekan atertu egingo zuela. Baina zapatu arratsaldean ez zuen tanta bat bera ere bota, eta lasaitu ginen. Gauean euritan hasi zuenean, ordea, asko larritu ginen. Eskerrak atzo [domekan] ateri eutsi zion!

Athleticek Espainiako Kopako finala irabazi eta maiatzaren 27an gabarra aterako zuen ustetan, Ibilaldiaren eguna ere aldatu zenuten. Mesedegarri izan zaizuela uste duzue?

Gure egoera ikusita, ezinbestekoa zen. Irabaztekotan gabarraren ospakizuna Ibilaldiaren gainetik jarriko zen. Eta ez irabaztekotan ere, gure guraso asko Madrilen egon ziren. Ikusita pasa den astean eguenetik aurrera egin dugun lana, aurreko astean ezinezkoa izango zitekeen. Asmatu dugula esango nuke.

Erronka handia bete duzue, Ibilaldia bera, baina orain beste bat duzue zain: ikastolan bigarren lerroa osatu eta urte gutxian 700 ikasle izatera iristea.

Hori da gure erronka nagusia. Ibilaldia horra iristeko bultzadatxoa izan da, tresna bat. Baina hemen eguneroko lana, irakasleen beharra, hori izango da ezinbestekoa bigarren lerroa osatzeko. Ibilaldiko dirua ondo etorriko zaigu azpiegiturak eraikitzeko, baina gure lanak ekarriko du bigarren lerroa.

Ibilaldia prestatzeko lan dinamika bat sortu ohi da herrian, baita giro berezi bat ere. Horrek jarraipenik izango duela uste duzu?

Trapagaran beti izan da giro euskaltzalekoa, batez ere gazteen artean. Gogoa dute, ekintzak antolatzen dituzte; badago mugimendua. Ikastolak beti izan du talde horiekin lotura. Talde horietako kide asko, gainera, gure ikasle izandakoak dira. Posible da Ibilaldiak dinamismo horri bultzada bat eman izana, edo indarberritzen lagundu izana.

Datorren urtean Portugaleten egingo da Ibilaldia. Ez da oso ohikoa izaten eskualde berean hain segituan egitea, ezta?

Inguruak badu horren beharrizana. Gure eskualdeko kaleetan euskararen presentzia oso txikia da. Ez dago txarto gure atzetik Portugaletek egitea. Herri handiagoa da, populazio handiagoa dauka eta haren esfortzua ere behar da. Nik uste datorren urtean jendeak ez duela gogoratuko aurten non egin den, baizik eta Ibilaldia Portugaleten egingo dela.

Internetek eta sare sozialek garrantzia izan dute aurtengo Ibilaldian, lelotik hasita. Ikastolan halako tresnak euskaraz erabiltzera ohitzeak ikastetxetik kanpoko erabileran ere laguntzen du?

Teknologia berrien erabilera ez da berria gurean. Ikastolan aspalditik hainbat programa ditugu martxan. Sentsibilizaziorako kanpaina txiki bat izango zela uste dut. Gure erronka zailena da euskara ikastolatik kanpo erabiltzea. Badugu itxaropen izpirik, hala ere: gure ikasle izandakoen seme-alabak gure ikasle izaten hasi dira. Beheko mailetan nabarmena den fenomenoa da. Asko etxean euskaldunduta datoz, eta gaur egungo ikasleek duela hogei urtekoek baino erraztasun handiagoa dute euskaraz hitz egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.