Luzea da Emmanuel Le Merlusek eginiko bidea. Haren aldarrikapenen tamainaren parekoa. Europa goitik behera zeharkatu du bizikleta gainean. Hizkuntza gutxitu bat non, hara joaten da Le Merlus, pedalei eraginez eta Bretainiako bandera bizikletaren atzealdean haizeak mugitzen duela. Orotara, 18.000 kilometro egin, eta 80 hizkuntza gutxitu inguru hitz egiten diren lurraldeak bisitatu ditu. Beste 2.000 kilometro inguru gelditzen zaizkio egiteko jaioterrira itzultzeko. Ongi bidean, urrian izango da bueltan Bretainian.
«Hizkuntza eta kultura aniztasuna aldarrikatzea eta sustatzea garrantzitsua da Europaren aberastasunerako». Mezu horixe zabaldu du Le Merlusek hamaika herrialdetan barna. Horretarako, Europako herrialde askotan sobera ezaguna den kirol bat erabili du: txirrindularitza. «Bizikletak distantzia luzeak egiteko aukera ematen dit».
Bere ama hizkuntzak, hau da, bretoierak duen egoerak kezkatzen du. «XX. mende hasieran milioi bat hiztun zeuden. Egun, 200.000 baino ez daude». Gainera, hiztun gehienak 65 urtetik gorakoak dira, eta horiei jarraipena emango dieten gazteak gutxi dira. «Itzuli honekin bretainiarren kontzientzia esnatzen saiatu naiz, gure hizkuntzaren alde zerbait egin behar baitugu. Hizkuntza hiltzen bada, kultura ere harekin hilko da». Herrikideei hizkuntza zenbateraino dengarrantzitsua erakusteko, diseinatzaile lanak egiten zituen Pondivi (Pontivy) herrian; lan hura utzi, eta bizikleta hartu zuen 2010eko maiatzaren 12an.
Europako kultur aniztasun izugarria bertatik bertara ikusi, eta aniztasun hori arriskuan dagoela ohartarazi du Le Merlusek. «Oro har, zailtasun handiak dituzte hizkuntza gutxituek, eta, zoritxarrez, asko desagertu egingo dira». Halere, hizkuntza gutxituen artean desberdintasun nabarmen bat egin behar delakoan dago. Mugen aldaketen eta beste faktore batzuen ondorioz, herrialde bateko hiztunak beste herrialdeko mugen barruan geratu dira, hizkuntza komunitate gutxitu bat sortuz. «Estaturik ez duten hizkuntza gutxituak 30 bat dira, eta horiek are babesgabeago daude».
Asimilazioaren arriskua
Erronka nagusi bati aurre egin behar diote hizkuntza gutxituek: asimilazioari. Le Merlusek bisitatu dituen Europako estatu gehientsuenek ez dizkie hizkuntza eskubideak bermatzen gutxiengo kulturala osatzen duten hiztunei. Oro har, hutsune handia nabaritu du ofizialki estatuek legean aitortzen dutenaren eta praktikan betetzen dutenaren artean.
Gutxiengo kulturalen errespetuan nabarmen atzetik dabiltzan herrialdeak Grezia, Bulgaria eta Frantzia direla dio. «Greziako turkiar, aromaniar, mazedoniar eta albaniar gutxiengoak ez dute ez inongo eskubiderik ez aitorpenik». Bulgaria hegoaldeko turkiar komunitatea herrialdeko biztanleriaren %10 da. «Halere, ez dute euren hizkuntza erabiltzeko eskubiderik». Frantziako hizkuntza gutxituen egoera larria eta hizkuntza eskubideen aitorpenik eza afera aski ezagunak dira.
Egunean 80 kilometro inguru egiten ditu bizikleta gainean. Orografiak laguntzen duenean, kilometro gehiago egiten saiatzen da, 140 inguru. Hizkuntza gutxitu bat hitz egiten den lurraldera ailegatzean, kulturaren sustapenean lan egiten duten eragileekin biltzen da, hizkuntza horrek duen egoeraren informazio ahalik eta osatuena jasotzeko. «Kazetariekin ere biltzen saiatzen naiz, itzuli hau eta, bide batez, kultur aniztasuna zabaltzeko».
Iragan ostiralean iritsi zen Donostiara. Euskal Herrian, bisitatu dituen beste toki guztien antzera, ateak zabalik aurkitu ditu. Igeldoko kanpinean hartuko du ostatu bihar arte. Ipar Euskal Herrira joko du ondoren, eta Frantzia hegoaldean okzitaniera hiztunekin bildu ostean, Bruselara joango da. Europako Batasuneko ordezkariekin bilduko da han, eta eginiko bidaia eta hizkuntza gutxituen egoera helaraziko die.
Kultur aniztasunaren aldeko neurri politikoak beharrezkotzat jotzen dituen arren, Le Merlusek badaki lanik garrantzitsuena norberaren etxean egin beharrekoa dela. «Aniztasunaren garrantzia aldarrikatu behar dugu».
Gurpil gaineko aldarrikapenak
Badira bi urte Emmanuel Le Merlus bretoiak hizkuntza gutxituak dituzten lurraldeak bisitatzeko asmoarekin bizikleta hartu zuela. Europa zeharkatu eta 18.000 kilometro egin ostean, Donostiara ailegatu da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu