Imajinatzen dut ez dela erraza izango. Gobernu aldaketak eragindako zuzendaritza aldaketak hari baten gainean dantzan utzi zuen bat baino gehiago. Hala dirau oraindik. Imajinatzen dut ez dela erraza izango, baina horrek ez du justifikatzen astearte gauean Patxi Lopez lehendakariari egindako elkarrizketan kazetariek erakutsitako maila eskasa.
ETB2ko Afrika Baeta eta Asier Odriozola eseri ziren Patxi Lopezen aurrean. Pentsatzekoa da galderak aurrez hitzartuak zeudela. Hainbat hilabeteren ondoren, lehendakari bat ez baita jarrera doakoz haren mende dagoen hedabide publikoan agertzen. Areago, etxe haren habeak kolokan izanda. Dena den, ia hiru ordu laurdeneko betelana ongi ala gaizki irudika daiteke.
Papera eta boligrafoa eskuetan, kazetarien galdera guztiak apuntatu nituen. Egindakoetan, datu esanguratsu bat: gai guztietan, etorkizuneko pausoen eta ikuspegien berri galdegiten zioten; ez zioten iraganeko edo orainaldiko erabaki eta arazoen inguruko azalpen bakarra eskatu. Azalpen eskari bakarra Espainiako presidenteak hartutako neurri batzuen gainekoa zen. Erakundeen burujabetza abiapuntu hartu eta ihesbidea errazegi uzteko modukoa izan zen. Eman zioten jokalekuaren aurrean eroso ageri zen lehendakaria. Hain zen nabarmena, irribarre ironikoz pasatu zuen elkarrizketa. Hain zegoen lasai, kazetaria zuzentzeko egoekiera bere egin eta pare bat txiste egiteko eskubidea eman zion bere buruari— «kar-kar, ez, ez, txantxa zen, orain serioski...»—. Hain sentitzen zen nagusi, Afrika Baetak erantzunak ekiditen zituela esan eta baietz esaten zuen irrifartsu, nahi zuen hura gordeta ere garaile izango zen.
Jarrera hori ez zen soilik Patxi Lopezek duen izaeraren isla. Ikusi dugu estuago. Arrazoiak bilatu eta ahalik eta egokien eman beharrean. Hori lortu egin behar. Eta lortzeko bidea, egin ez zizkioten galderetan dago. Nola liteke EITBko aferak ez hizpide izatea? Eta Hosni Mubaraki diktadore deitzean, haren azken negozio bidaian —Arabiar Emirerri Batuetan— izandako lagunak hala ez ote diren itauntzea? Eta bere gobernuak nola eramango duen auzitara Mikel Basabe legebiltzarkidea, sarean bolo-bolo dabilen bideoan Ertzaintza makuludun gaztea kolpatzen ikusita? Eta zer iritzi duen Aramaioko alkatearen absoluzioaz, hura luzaz bidegabeki miran jarri ondoren?
Komunikazioa. Ekografiak
Gutxiegi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu