Olentzero opariekin noiz iritsi zain daude etxe guztietako haurrak. Ez dute asko itxaron beharko, etzi etorriko delako. Dena dela, Bilbora egun bat lehenago ere iritsiko da ikazkina, bere laguntzaileekin gozokiak eta opariak banatzera. Donostia, Gasteiz eta Iruñera etzi iritsiko da. Baionan lehengo larunbatean izan zen, itsasontziz heltzekoa zen, baina eguraldi txarraren ondorioz, Olentzero Parken elkartu zen haurrekin.
1. Bilbo
Bizkaiko hiriburuan Olentzero bihar eta etzi agertuko da. Bihar kalejira eta ikuskizuna egingo du Arriaga plazan. Ekitaldian 80 artista eta 25 teknikari ibiliko dira lanean. 19:00etan, ikazkina Moyua plazan azalduko da. Kalejiran Kale Nagusia eta Nafarroa kaleak zeharkatu ostean, Arriaga plazara iritsiko da. Olentzero Basajaunek gidatuko duen orga batean joanen da, eta Mari Domingi, berriz, antzara erraldoi batean igota joanen da. Arriagan, Bilboko alkate Iñaki Azkuna izanen dute zain.
Kalejiran galtzagorriek gidatutako trizikloak ere izanen dira, eta argizko bengalak eta suzko erroberak erabiliko dituzte argitasuna emateko. Ikuskizun ibiltarian ez dira faltako zanpantzarrak, erraldoiak, trikitilariak eta gaiten batukada ere.
Behin Arriaga plazan, Olentzeroren musika bandak joko du, eta Olentzerok eta Mari Domingik Arriaga antzokiko balkoitik Gabonetako hitzaldia egingo dute. Ekitaldia bukatzeko, alkatearekin makila trukaketa eginen dute, eta Olentzero eta Horra Mari Domingi gabon kantak abestuko dituzte, besteak beste.
Etzi, berriz, 11:00etatik 14:00etara, Arriaga antzokian izanen da ikazkina, haurren zain. 10:00etatik aurrera 1.500 sarrera banatuko dira Areatzan antzokira sartu nahi duten haurren artean.
2. Gasteiz
Gasteizeraetzi goizean iritsiko da ikazkina. Udaletxean Olentzerok berak jasoko ditu haurren eskutitzak, 11:00etatik 14:00etara. Arratsaldean, berriz, Olentzeroren desfilea eginen da, 18:00etatik aurrera. Iparralde gizarte etxetik aterako da ikazkinaren segizioa. Hiriburuko kale nagusienak zeharkatu ondoren, udaletxeko atarian bukatuko da desfilea, Plaza Berrian.
Olentzerorekin batera ibiliko dira Mari Domingi, udal akademiako musikariak eta Arabako Dantzarien Biltzarreko eta Olabide ikastolako dantzariak. Olentzerok udaletxeko balkoi nagusitik eginen duen agurrarekin eta haren omenezko kantarekin bukatuko da ekitaldia.
3. Iruñea
Iruñera 18:00etan iritsiko da Olentzero. Iturralde eta Suit kaletik aterako da, eta II. Zabalguneko eta Alde Zaharreko hainbat kaletan barna ibili ondoren, ateratako tokira itzuliko da ikazkinaren desfile jendetsua.
Ikuskizunaren buruan Olentzero bera joanen da, eta atzetik txistulariak, gaiteroak, fanfarreak, dantzariak eta hainbat abesbatza. Denera, berrehun lagunek baino gehiagok parte hartuko dute desfilean. Baina Iruñeko Olentzerok badu beste berezitasun bat ere, Leitzako Arro baserritik ekarritako ehun abere ere ibiliko dira ikuskizunean. Tartean izanen dira 800 kiloko bi idi, hainbat ardi, oilo, antzara, basurde eta euskal txerri. Desfilea iluntzeko zortzietan bukatuko da, Olentzerori eginen zaion agur bereziarekin. Agur, jaunak abestuko diote, eta Zubietako joaldunek adarra joko dute eta joareak astinduko dituzte. Antolatzaileek baserritarrez jantzita joateko eskatu dute.
Iruñeko beste auzo batzuetan ere aterako da Olentzero. Udalak ez die debekurik ezarri aurten, eta deusen okerrik ez bada, Olentzero auzoz auzo ere ibiliko da, beraz.
4. Donostia
Donostiara, Olentzero eta Mari Domingi etzi iritsiko dira, menditik; 15:30ean, hain zuzen. Portaletasen agertuko dira, eta 16:00etatik 17:30era bitartean udaletxean umeen eskutitzak jasotzen ariko dira.
Bitartean, udaletxeko terrazan zapiak eta abarkak egiteko tailerra eta dantzak izanen dira, eta gaztaina erreak banatuko dira.
Ondoren, 18:00etatik aurrera, erdiguneko kaleetan barna desfilea eginen da. Olentzero eta Mari Domingiren karrozarekin batera, antzarak, ardiak, ahuntzak, idiak eta opariz betetako astoak joanen dira. Olentzerok ehun kilo ikatz eta bostehun kilo gozoki banatuko ditu.
Hiriko hainbat auzotan, talde batzuek antolatutako olentzeroak ere aterako dira.
Guztiok Olentzeroren esperoan
Baionan egon ondoren, Bilbora iritsiko da ikazkina, bihar arratsaldeko zazpietan azalduko da Moyua plazanIruñeko, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko kaleetan ibiliko da etzi Olentzero
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu