Historiaurrea da Jean Clottesen (Esperaza, Frantzia, 1933) bizitzako zaletasuna. Paleolitoko Homo sapiens gizakiak haitzuloetan eginiko margolanak ikertu ditu urte luzez, eta gai horretan aditua da. Frantziako Kultura ministerioarentzat aholkulari lanak egin ditu, baita Eusko Jaurlaritzarentzat ere. Ekain, Altxerri eta Santimamiñeko haitzuloak Unescoren Gizateriaren Ondare gisa sailkatzeko berebiziko garrantzia izan zuten haren txostenek. Egunotan Euskal Herrian ibili da, Biltzar Atlantiarraren harira. Txamanismoa Paleolitokohaitzuloetan hitzaldia eman du Irungo Ficoba erakustazokan.
Zergatik margotzen zuten Paleolitooko gizakiek haitzuloetan?
Ezinezkoa da ziur-ziur jakitea. Nire hipotesia honako hau da: haitzuloetako margolanak naturaz gaineko boterez gainezka zeuden. Botere hori taldearen eguneroko arazoak konpontzeko erabiltzen zuten: gaixotasunak artatzeko zeremoniak egiteko, mito eta historia sakratuak ondorengoei transmititzeko, ehiza ona magiaren bidez opatzeko, abiatze zeremoniak egiteko... Txamanismoa normalean herri ehiztariei loturiko erlijioa da. Tradizioak egundaino gorde dituzten herri ehiztari askok ere txamanismoa praktikatzen dute.
Kobazuloak, beraz, erriturako tenpluak ziren?
Lur azpiko munduari, esaterako, beste mundua edo izpirituen mundua deitu izan diote. Bi jarrera har daitezke horren inguruan: barrura sartu, ala ez sartu. Xede praktiko batekin sartzen zen barrura Paleolitoko gizakia; botere hori era praktikoan erabiltzeko. Zeremoniak haitzulo barruan egiten zituzten. Animalia itxurako harkaitzetan margotzen zuten, eta, boterea zuelakoan, arroka ukitzen zuten, izpirituekin harremanetan jartzeko. Normalean kanpoaldean edo haitzuloen sarreretan bizi ziren, baina inoiz ez barrualdean.
Zertan oinarritzen duzu hipotesi hori?
Historiaurreko margolanak mendebaldeko XXI. mendeko ikuspuntutik aztertzen baditugu, historiaurreko gizakiak pentsatzen zuenetik oso urruti egongo gara. Inoiz ez dugu haien pentsatzeko era ezagutuko, baina, ahalik eta gehien ulertzearren, orain oso gutxi arte ehiztariak izan diren eta euren tradizioak orain arte gorde dituzten herrietara hurbildu behar dugu. Afrikan, Australian, Ameriketan eta Asian badaude horrelako herriak. Herri tradizional horiek mundua nola ikusten duten ulertu behar dugu, haitzuloetako gizakiak nola pentsatzen zuen jakiteko.
Margolanak egiteaz arduratzen zen pertsona bat al zegoen?
Nire ustez, margolanak egiten zituen pertsona espezializatu bat zegoen. Ekain haitzuloan, esaterako, ezin hobeki marrazturik eta margoturik dauden zaldiak daude. Europa osoko haitzulo guztietan aurki daitezke kalitate handiko margolanak. Horrelako margolan bikainak egiteak trebetasun handia eskatzen du. Margolanak egiteko aukeratzen zuten jendea oso trebea zen, eta pentsatzen dut teknika baten ikasketa zegoela aurretik. Horrela azal daiteke toki askotan kalitate handiko margolanak egotea.
Zer material eta teknikak erabiltzen zituzten?
Horretaz ziur hitz egin dezakegu, laborategietako frogak baitaude. Gorriz marrazteko hematite izeneko burdin oxidoa erabiltzen zuten. Beltzarentzat, berriz, ikatza edo manganeso oxidoa erabiltzen zuten. Kolore zuriarentzat, grabatze teknika. Beste harri bat arrokan igurtziz gero, marka zuria uzten du. Oso ohikoak ez baziren ere, eskulturak ere egiten zituzten. Artista hutsak ziren.
Praileaitzeko haitzuloari buruzko txostena egiteko eskatu zizuten. Ze egoeratan dago kobazuloa?
Orain urte batzuk nire iritzia emateko eskatu zidaten. Haitzuloa ikusi nuen, eta, aditu gisa, nire iritzia eman nuen. Haitzuloa garrantzi handikoa da, nahiz eta margolanak txikiak izan. Inguruko harrobitik babestu beharra zegoela azaldu nuen nire txostenean. Haitzuloak ez daude inoiz bakarturik, multzo baten parte dira, eta, horregatik, ingurua ere babestu beharra dago.
Euskal Herriko haitzuloek ba al dute Europako beste haitzuloekiko desberdintasunik?
Ez, kultur testuinguru berean aurkitzen dira. Ez da edonolako gauza haitzulo baten barreneraino sartzea ilunpetan margolan batzuk egitera. Garai hartan, bai Altxerrin, bai Nerjan (Andaluzia, Espainia), eta bai Errumanian ere egiten ziren halako margolanak. Sinesmen mota berdina zen, erlijio mota berdina.
Jean Clottes. Historiaurrean aditua
«Haitzuloetako margolanek naturaz gaineko botereak zituzten»
Paleolitoko gizakia ulertzeko, Jean Clottesen ustez, tradizioak gaurdaino gorde dituzten herrien ikuspegira gerturatu behar da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu