Urteak dira Baionan Kantuz taldeak Baionako txokoak euskal kantuz bustitzen eta girotzen dituela. 1997an ekin zion bideari ikastolako gurasoek sortu taldeak, eta aurten 15 urte bete berri ditu. Haiek hasitako bidea zabalduz joan zen Euskal Herriko beste hiri eta hainbat herritara, eta egun arrakasta handia dute gisa horretako egitasmoek.
«Garai batean, ikastolan bazen Garapen komisioa deitu talde bat, haren helburua ikastolatik kanpo, ikastola garatzeko bideak xerkatzea zen, hainbat egitasmo eta ekitaldi antolatuz», azaldu du Guillaume Irigoienek, Baionan Kantuz egitasmoaren sortzaile eta partaideak hasierako garaiak gogoratuz. Nahiz eta denborarekin Baionan dauden bi ikastolak garatuz joan diren, Baionan Kantuz sortu zen garaian bultzada baten premia zuten ikastolek, ezagutuak izateko bultzadaren premia hain zuzen ere.
Baionan Kantuz jendea kantarazteko eta kantuak irakasteko biltzen den taldea da, jende guziari irekia delarik. Hilabete bukaera oro elkartzen dira helburu argi batekin: «Gure nahia, euskal kantua, euskara eta ikastola garatzea dira. Ikastola, ikastolatik kanpo ezagutarazi, eta Baionako hirigunean euskarari presentzia bat eman nahi diogu. Euskara izaten da gure ekitaldien mamia», azaldu du Irigoienek.
2003ra arte, ikastoletako gurasoek osatzen zuten taldea gehienbat, baina haurrak handitu ahala, ikastolako zikloa bukatu zuten. «2003tik, kide gehienak jada ez gara ikastolako guraso, ikastolak oraino ez baitu asmatu denbora gelditzen! Beraz, urte horretatik, Baionako ikastolen besta taldearekin Tuntuna deitu elkartea sortu genuen, ikastolekin elkar lanean segitu nahi genuelako», dio Irigoienek.
Urteak aitzina joan ahala, Baionan Kantuz taldea garatuz joan da pixkanaka. «Gero eta jende gehiago bertaratzen da. Hasieran, 40 bat ginen. Egun, 200 lagun biltzen gara hilean behin larunbat goizetan 11:00etan egiten dugun saioan. Nahiz eta orain ez dirudien, hasieran ez zen hain bistakoa Baionako hirian euskaraz kantatzen hastearena». Egun, data garrantzitsuetan 500 eta 700 parte hartzaile biltzen dira.
Garapena, alabaina, ez da soilik parte hartzaileen kopuruari begirakoa izan. Kantatzeko tankera pixkanaka hobetu dela ere azaldu du taldeko kideak: «Euskal kantuaz interesatuak ginenak eta gitarra jotzaile batzuk elkartu ginen hasieran, eta, pixkanaka, soinu jotzaile hobeak jin dira, taldea zabalduz eta onduz». Garatze horren isla da taldeak jada lau disko argitaratu izana. Datozen asteetan kaleratuko dute bosgarrena. «Kaleratu ditugun disko guziekin, 80 bat euskal kantu bildu ditugu: autore handienak, herri kantuak, lurralde guzietako kantuak, baita guk asmatutako batzuk ere», adierazi du Irigoienek. Baionan Kantuz-en heldu den ekitaldia Herri Urratsen izanen da, 10:30ean, Arabako gunean.
Kantuaren hutsunea betetzera
Euskara eta ikastola zabaltzeko nahia kantuan deklinatu izana, Baionan Kantuz-en kasuan bezala, ez da kasualitatea izan. «Garai hartan zegoen eta egun ere oraindik dagoen hutsune bati erantzuna eman nahirik, kantatzeari ekin genion. Gure belaunaldikoek kantatzeko ohitura handiagoa dugu. Garai hartan, tabernetan ez zen musikarik izaten, eta jendeak kantatu egiten zuen. Egun, jada hori galdu da». Baionan Kantuz sortu zenean gabezia hori nabaria izanik hasi ziren kantu eskolak garatzen; esaterako, Donibane Lohizunen ere Donibane Kantuz sortu zen. Aurten Donibane Kantuz-ek Euskal Herria Kantuz-en izena hartu du urtean behin Begiraleak elkarteak antolatzen duen ekitaldi nagusian. Ondotik, hilean behin, Donibane Lohizuneko xokoetan ibiltzen dira kantuan, euskal kultura zabaltzen, Baionan Kantuz-en gisan.
Euskal Herriko zazpi lurraldeetan gaur egun tankera bereko ekitaldiak antolatzen direla azaldu du Irigoienek, eta Euskal Herriko kantu zaleen elkartea ere badagoela, kantua kalera eramaten duten taldeez osatua dago.
Ekitaldi mota horiek duten arrakasta hutsune bat betetzetik etortzeaz gain, euskal kulturaren izaeraren baitan dagoela uste du Irigoienek. «Euskal kulturaren indarra herrikoia da, ez da elitearena. Jende guziek biziarazten dute euskal kultura. Bakoitzak bere baitan du artista zati bat. Euskaldunak ez direnak hurbiltzea ez da kasualitatea ere. Biziki parte hartzailea da».
'Baionatik Bilbora...'
Baionan duela 15 urte abiatu egitasmoak Euskal Herriko beste hiriburuetan izan du segida. Kantatzeko ohitura berritzeko, euskara kalera ateratzeko, eta jendearen arteko harreman sarea eta lagun giroa indartzeko modua dira kantaldiak. Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean gero eta jende gehiago ateratzen da euskal kantuak hiriko kaleetan barreiatzera.
Donostiako Kantu Jirak 2013ko martxoan beteko ditu hamar urte. Euskaldunon Egunkaria itxi zutela salatzeko antolatu zuten lehenengoa, 2003ko martxoan —urte hartako otsailaren 20an itxi zuten kazeta—. Bi urte lehenagotik bazeuden kantu taldeak hiriko hainbat auzotan. Intxaurrondon sortu zuten lehenengoa, eta Amaran, Aieten, Altzan, Antiguan eta Parte Zaharrean ondoren, baina Egunkaria-ren aldekoa izan zen lehenengo kantu jira.
Hileko hirugarren larunbatean biltzen dira ordutik, eta 12:00etan hasten dute saioa Parte Zaharreko Elkar dendaren atarian. Batez beste, 250 kantari elkartzen dira, baina izan da milatik gora elkartu diren kantaldi berezirik. Herri kantei errepaso zabala egiten diete. «Kantutegia sakon landu dugu: 126 abesti bildu ditugu liburuxka batean. Herri kantak bildu ditugu, tradizionalak eta herrikoiak, denetarikoak. Ederrak dira guztiak, doinu aldetik batzuk, hitzengatik bestetzuk», argitu du Kantu Jiraren koordinatzaile Joxerra Belokik. Zuberoako kantuek leku zabala dute errepertorioan, baina baita Donostiako eta Gipuzkoako abesti tradizionalek ere: «Behin batean Loiolan, Triste bizi naiz-eta, Markesaren alaba... Xalbadorren heriotzean, Jaun Baruak edo Eperra-rekin tartekatzen ditugu. Abestien aukeraketa zaindua egiten saiatzen gara».
Iruñean Kantuz-ek ere egin du bidea. Hileko lehenengo larunbatean elkartzen dira, eguerdian, Mercaderes karrikan. 2005eko irailetik ari dira euskal kantutegiaren berri hiriko kaleetan barreiatzen. Euskararen inguruan lanean ari diren elkarteek gorpuztu zuten egitasmoa, baina kantatzera joaten diren herritarrak dira Iruñea Kantuz-en arima. Egitasmoaren inguruko argibideak nahi dituztenek bi bide dituzte antolatzaileekin harremanetan jartzeko: 948-14 47 06 eta [email protected].
Iruñean bezala, hileko lehenengo larunbatean egiten dute Gasteiz Kantuz. Alde Zaharreko azoka dagoenean ateratzen dira kantuan, Bodegoi Gorbea plazatik, 12:30ean. Hileroko hitzorduari men eginez, gaur jantziko dituzte kantuz Gasteizko kaleak.
Eta kanta ezagunari gorazarre, Baionatik Bilbora ere iritsi da kantu jira. Bilboko Konpartsen eskutik hileko bigarren larunbatean Kalderapekotik irteten dira kantuan, 20:00etan.
Ezarian
Hamabost urte euskal kantuak zabaltzen
Euskara eta euskal kantutegia zabaltzeko sortu zen Baionan Kantuz duela hamabost urte; Baionan hasitako egitasmoa hedatuz joan zen, eta egun, jende ugari biltzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu