Hamaika kantu lagunekin

Lagunekin Kantari egitasmoak bere hamaikagarren ekitaldia martxan dauka jadanik Donostian. Kantuaren jiran ariko dira Intxaurrondoko Larrotxene kultur etxean maiatz osoan.

Iñaki Eizmendik iaz parte hartu zuen Lagunekin Kantari egitasmoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
xabier martin
Donostia
2012ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Intxaurrondo auzoko Lagunekin Kantari egitasmoak bere hamaikagarren urteari eman dio hasiera. Entzuteko gustua, kantatzeko plazera leloa dauka, eta ongi laburbiltzen du jardueraren xedea: kantuarekin gozatzea. Etzi bertan izango da horretarako lehen aukera Larrotxene kultur etxean; Aire ahizpak, Miren, Amaia eta Paxkalin, Fernando Aire Xalbador bertsolariaren bilobak kantuan izango dira.

Herri kantuak eta kantu berrien bertsioak abestuko dituzte; Sebastien Desgrans akordeoi jotzaileak laguntzen ditu. Zenbait kantuetan, berriz, a capella abesten dute. Etzikoa izango da lehen ekitaldia, beraz, eta hilaren 25ekoa azkena; kantu jira eta kantu afaria egingo dute egun horretan parte hartzaileek. Tartean beste hiru ekitaldi, Jon Sarasuarena, Pettirena eta etxekoekin kantari esaten diotena, hilaren 14an, 21ean eta 25ean.

Aspaldian abiatu zuten Intxaurrondo Zaharreko Bizilagun Elkarteak eta Donostia Kulturak elkarlanean Lagunekin Kantari. 2001ean euskal kantuen ikastaro bat abiatu zuten «galtzen ari zen taldean kantatzeko ohitura berritu nahian». Bide batez, auzoan euskal giroa bizkortzeko, euskaldunak euskaldunekin jarduera ludiko baten bidez harremanetan jarri zituzten.

Hurrengo urtean, 2002an, ikastaro bukaera gisa-edo, programa bat abiatu zuten; Lagunekin Kantari izena jarri zioten, eta Entzuteko gustua, kantatzeko plazera azpitituluarekin argi adierazi zuten kantuari gorazarre egitea zutela xede.

Kantariek emanaldiaren erdia jendearentzat kantatzen dute (euren abestiak), eta beste erdia jendearekin batera, (herri kantuak, tradizionalak eta berriagoak).

Etxekoekin kantari esaten diotena ere martxan jarri zuten. Ikastaroko gidatzaileak beste kantariren batekin kantatzen du formatu horretan ; Itziar Zamora izan da gidatzailea, ia urte guztietan. Horiez gain, proiektu osoaren filosofiarekin zerikusia duen atal bikoitz batek itxi ohi du programa: kantu jirak, auzoko kale eta plazatxoetan zehar, eta kantu afariak.

Lagunekin Kantari «Donostian jarduera estimatu eta erreferente» bihurtu dela diote antolatzaileek, «herri kantua estimatzen duen jendearen artean». Larrotxenetik hamar urteotan pasatu diren 30 kantarik eta taldek zerrenda polita osatzen dute; Amaia Zubiria eta Jean Mixel Bedaxagar, Amaren Alabak, Erramun Martikorena, Niko (eta Dominika) Etxart eta beste hainbat eta hainbat daude zerrenda horretan.

Aurtengoa programa berezia izango da, ohiko atalez gain,«kantaldi komentatu edo hitzaldi kantatu» bat antolatu baitute, bai eta urteotako hainbat momentu berezi jasota utzi dituzten argazkien erakusketa bat ere. Jarduera guztiak doakoak dira, eta kantuen hitzak banatzen zaizkio jendeari, bai abeslarien kantuenak, hainbat azalpenekin, bai jendeak berak kantariekin batera kantatuko dituen abestienak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.