Ekolurra aldizkariaren 10. urteurreneko alea ateradu ENEEKek (Euskadio Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua), 40. alea, hain zuzen. Horrekin batera, erakusketa bat jarri dute martxan, eskualdez eskualde erakusteko asmoarekin. Urriaren 30a arte Ordiziako D'Elikatuz interpretazio zentroan dago ikusgai.
Hiru hilean behin kaleratzen da Ekolurra aldizkaria, Nekazaritza ekologikoaren gaia landuz. Egun, aldizkaria ENEEKek plazaratzen du, 2008a geroztik bera bakarrik. Lehenago, Ekonekazaritza federazioak plazaratzen zuen. Sortu zen garaian, Ekolurraren helburua «sektorea batzea» zela dio Alain Sabalza Kontseiluko teknikariak. «Sektorean barne komunikazioa» hobetzeko tresna bezala hasi zen teknikariaren esanetan. Betiere, nekazaritza ekologikoa gizarteratzeko.
Kontseilua sortzearekin batera, beste kolore edo kutsu bat ematea aztertzen hasi ziren, eta orain ere hala hasiko direla baieztatu du Zabaltzak. «Nekazaritza ekologikoaren gaia gutxi batzuen kontua ez dela ikusten dugu, naturaltasun osoz; gizarte guztiarena izan behar duela uste dugu». Ikuspuntu horrekin, aldizkaria zabaldu nahi dute. Lehenengo egin dutena, plazaratu diren aldizkari guztiak digitalizatu eta sarean zintzilikatuta, Ekolurra-ren hemeroteka sortu dute.
Orain funtzio berria dauka
Nekazaritza ekologikoa geure eskura izeneko bideo bat ere sortu dute. «Kalitate handikoa» dela dio, Zabaltzak, eta Euskal Herrian grabatutakoa dela. Bideoarekin batera DVD bat sortu dute, eta berau zabaltzeko asmotan dira. 2.000 harpidedun inguru ditu aldizkariak, eta guztiei banatuko diete. Gizabanakoek, alderdi politikoek eta elkarte batzuek osatzen dute harpidedunen sarea. Bestalde, ikastoletara ere zabaldu nahi dute; «izan ere, material didaktikoa eta adin guztietako ikasleentzako modukoa da».
Ekolurra-ren urteurrena ospatzeko, eta gizartean eman nahi dioten hedapena kontuan hartuta, erakusketa bat egitea erabaki zuen ENEEKek. Hamar poster egin dituzte aldizkariaren portada guztiekin. Hau da, urte bakoitzeko lau azalekin poster bana egin dute; beraz, urteko poster bat. Nekazaritza ekologikoaren azken hamar urteetako bilakaera azaltzen du erakusketak, Alain Sabalzaren ustez. «Portada bakoitzak bere momentuko egoeraren ideia bat ematen digula esan genezake. Biofraudeen kasua gogorarazten du azal batek, adibidez».
Azokan bertan, jendearekin bildu eta gaiaren inguruan eztabaidak ere antolatu dituzte. Joan den larunbatean, ekoizleak, kontsumitzaileak eta Kontseilukoak mahai batean eseri, eta nekazaritza ekologikoaren inguruan hitz egin zuten. Horrekin batera, elikagai ekologikoak jendeari probatzeko ematen ere ibili ziren.
Erakusketak eskualdeka egiteko asmoa daukate. Azaroaren hasieran Busturian dagoen Madariaga dorretxean izango da. Azaroaren 27tik abenduaren 4a bitartean, berriz, Gasteizko Ingurugiro Gaietarako Ikastegian.
Duela hamar urte, Ekonekazaritza federazioa sortu zuten hainbat taldek. Euskadiko nekazaritza ekologikoaren federazioa, hain zuzen. Aldizkaria orduan sortu zen. Federazioa arduratzen zen nekazaritza ekologikoaren sustapen ekintzez. Ziurtapen kontrola, berriz, Eusko Jaurlaritzaren esku zegoen. Kontseilua sortu zenean, ardura guztiak berak hartu zituen.
Hamar urte 'Ekolurra' aldizkariarekin
ENEEK elkarteak argitaratzen duen 'Ekolurra' aldizkariak hamar urte bete ditu. Ale berezi bat argitaratzeaz gain, urteurrenaren berri ematen duen erakusketa zabaldu dute Ordizian, nekazaritza ekologikoaren berri emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu