Musika Ex Machina jaialdiak hamar urte bete ditu, eta urteurrena ospatuko dute aurten, gaurtik azaroaren 24a arte. Bilbo eta Gasteiz hartuko dute agertoki gisa, musika, bideoak, margolanak, argazkiak eta bestelako arte adierazpenak aurkezteko.
Ohiko musika eta arte ereduetatik at, esperimentaziorako joera duten sortzaileak dira protagonista MEM jaialdian. Aurtengo jaia zabaltzeko, Oliver Hockenhull artista kanadarra aukeratu dute. Haren lanari buruzko emanaldia zabalduko du Hockenhullek berak, 19:00etan, Bilboko Tabu aretoan. Ordu eta erdi geroago, artistaren Shot On Blood: Kozmikonic Electronika filma emango dute Gasteizko Ibu Hots aretoan. Filmaren izenburua hitzez hitz hartu beharrekoa da: izan ere, irudien erdia 35 mmko kamera batekin filmatu zuen, odolez eginiko emultsio batean. Eskuz egin zuen emultsioa eta eskuz prozesatu zuen sortzaileak. Hockenfullen lana New Yorkeko Arte Modernoaren Museoan erakutsi dute, besteak beste.
Bihar, Ioana Serban artistaren marrazkien erakusketa zabalduko dute Tabun. Gasteizko Iguana kafetegian, MEM 2011 jaialdiaren irudia landu duten Pilar Baizanen eta Borja de Diegoren argazkiak ikusi ahalko dira. Ibu Hots aretoan, 20:00etan, Luger eta Los Nitxos taldeek joko dute. Igandean jarraituko du jaialdiak, Mugstar taldearekin, Gasteizen.
MEM JAIALDIA
Noiz. Azaroaren 24a arte.
Non. Bilbon eta Gasteizen.
Hamar urte esperimentatzen
MEM Nazioarteko Arte Esperimentalen Jaialdia izango da Bilbon eta Gasteizen, gaurtik azaroaren 24ra arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu