Getxoko Komiki eta Manga Azokak hamar urte bete ditu aurten, eta, urteurren horrekin batera, Astiberri Bilboko argitaletxea eta Josep Maria Berenguer komiki editore beteranoa omendu dituzte. Argitaletxeak ere hamar urte bete ditu aurten. «Nik uste zentzu askotan ibilbide paraleloa izan dugula argitaletxeak eta azokak», dio Fernando Tarancon Astiberriko editoreak. Biek ere prestigiozko ibilbidea izan dutela azpimarratu du, une askotan elkartu direla.
Hasieratik irakurle helduengana hurbiltzeko ahalegina egin zuen Bilboko argitaletxeak, «hezkuntza jakin bat duen irakurlea, eta komikizalea ere ez dena», Taranconen hitzetan. Unean uneko irakurraldiak sor zezakeen plazera bilatzeaz gain, afizioa sortu nahi izan zuten sorreratik. Helburu horiekin, hamar urtean, batez beste 40 komiki argitaratu dituzte urtero, 350 denera. Horietatik asko kanpora esportatu dituzte, eta kanpotik ere ekarri dituzte egile ezagunen lanak.
Ibilbide hori nabarmendu nahi izan du Getxoko azokak, eta omenduak izateaz gain, erakusketa bat ere jarri dute Astiberrik argitaratu dituen komikien inguruan. «Onarpen hori positiboki hartzen dugu, nahiz eta hastapenetatik izan dugun egiten genuenaren berme eta babesa», Taranconen ustez.
Astiberriz gain, Josep Maria Berenguer La Cupula underground komikiaren editorea ere omendu du Getxoko azokak. Espainian komikiaren nahitaezko erreferentzia izateagatik omendu dute, eta hari eskainitako erakusketa ere jarri dute. Era horretan, La Cupula edizioak argitaratu dituen hainbat komikiren azal, bitxikeria eta eskaintzak biltzen ditu erakusketak. Berenguerrek esker oneko hitzak zituen azokarentzat: «Beti etxean bezala sentiarazi naute».
Erakusketa gehiago
Komikigintza eta jazz eta blues musikaren arteko harremana azaltzen duen erakusketa ere jarri dute azokako karparen barruan. Bulles Jazz Blues izenpeko erakusketa Komikiaren Belgikako Zentroak bultzatzutako ikerketa baten emaitza da, eta bi generoen arteko loturaren berri ematen du. 57 panel jarri dituzte, musikak binetak nola girotzen dituen erakusten dutenak.
Baina kanpoko komikigintza aztertzen duten erakusketak jartzeaz gain, hemengoa ere sustatu nahi izan du Getxoko Komiki eta Manga Azokak. Portugaleten komiki lehiaketa egiten dute urtero, duela 25 urtetik hona, eta urteurrena aprobetxatuz, aurtengo parte hartzaileen komiki guztiak jarri dituzte erakusgai.
Komikigintzara eskainitako asteburua ez da Geltokiko plazan dagoen karpara mugatuko, ordea, ezta asteburura ere. Izan ere, abenduaren 13ra arte hainbat erakusketa egongo dira komikia getxotarrei gizarteratzeko asmoarekin.
Bizkaiko Zubian Victor Santos egilearen Dioses y monstruos erakusketa egongo da ikusgai. Areetako Glass kafetegian, berriz, Dani Fanoren Hamaika irudiz ikusi ahalko da, eta Itzubaltzetako Jai Alai kafetegian, Daniel Castelloren Pikoteo ilustrado erakusketa.
Hamar urteko ibilbide paraleloa
Astiberriren hamar urteko bidea eta Josep Maria Berenguerren eskarmentua omendu ditu azokak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu