Ezarian. Ziudadela

Harri eta hiri

Gotortuta egon da Iruñea ia beti, baina gorabeheratsua izan da harresien eta hiritarren arteko harremana mendez mende. Babesa ematetik, hazkunde demografikoaren muga izatera eta, azkenik, babestuta egotera pasa dira hiriko murruak.

Gotorleku izateari utzi dio aspaldi Iruñeko Ziudadelak, eta zortzi bat kilometroko ibilbidea egin daiteke egun garai batean hiria babesteko erabiltzen ziren harresien inguruan diren belardietan. LANDER FERNANDEZ DE ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Inigo Astiz
Iruñea
2011ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Babesa eskaintzen zuten garai batean; hiriaren hazkundea mugatu egiten zutela eta, bota egin zituzten gero; eta azken urteetan haiek dira babesa behar izan dutenak. Hiriarenarekin batera doa Iruñeko harresien historia. Haren nortasunaren zati dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, hiri eta murruen artekoa tentsiorik gabeko harremana izan denik. Izan da batailarik haien artean,eta harreman hori aztertzeko hitzaldi ziklo bat antolatu du Udalak Iruñeko gotorlekuak izenburupean. Urtarrilean hasi ziren adituen konferentziak eta martxoaren 1ean bukatuko dira. Historiaz beteriko harremana da oraindik ere hiritarren eta harresien artekoa, historikoa, eta baita, etorkizuna duena ere, jadanik Iruñean zail bata harri eta hiri bereiztea.

Gune estrategikoan dago Iruñea eraikita. Hala iruditu zitzaion Pompeiori Kristo aurreko V. mendean, eta konfirmatu egin zen ustea mendeek aurrera egin ahala. Pirineorako, Aragoi eta Errioxaren artean da Iruñea, guztietarako pasabide. Hala, salbuespen gutxi batzuk gora behera, beti izan da gotortutako gune bat. Zaintza eskaintzen zion bertan zenari, Hego, Ipar, Eki zein Mendebaldeko mehatxuak aurrez ikusi eta haiei aurre egin ahal izateko.

Iruñeak egungo Iruñearen antzik izan baino lehen ere bazen harresiz betetako hiri. Bakoitza bere murruekin bizi ziren Nabarreria, San Cernin eta San Nicolas guneetako biztanleak. Hiru burgo, hiruak harresituak, harik eta 1423an, batu egin ziren arte. Elkarren aurka borrokan arituak ziren ordura arte, eta elkarrez babesteko eraikiak zituzten defentsarako hormak. 1276an, adibidez, handia izan zen batzuen eta besteen arteko gatazka. Iruñea batu baten parte izango ziren, ordea, denak XV. mende hasiera alde hartatik aurrera, eta denborarekin batu egin zituzten harresiak ere. Militarki balio ez bazuten ere, 1540 ingurura arte iraun zuten zutik.

Barruko etsaiaren aurka

Pizkunde garaikoa da hiriko Ziudadela, eta egun zutik diren harresiaren zatirik handiena. XVI. eta XVII. mendekoak, batez ere. Gaztelak Nafarroako Erresuma hartu zuenean Felipe II.ak defentsa sistema hobetzeko sortu zituen, eta bere garaian puntakoenen artean zegoen Giacomo Pelearo ingeniari militarrari eskatu zion laguntza horretarako. Italiako defentsa sistemen gisara antolatu zuen Iruñekoa hark. 1645ean bukatu ziren eraikuntza lan nagusiak. Kanpoko erasoetatik beste eraiki zuen gotorlekua, ordea, barruko erasoetatik babesteko.

Izan ere, gaztelarren konkista ez zen izan erresistentziarik gabekoa. Hainbat altxamendu izan ziren 1512az geroztik. Eraso horien aurka babesteko ere prestatu zuen Pelearok Ziudadela, Felipe II.aren aginduz. Ziudadelako gotorlekuari bost puntako izarraren forma ematen dioten bastioiak dira horren froga. Kanpora begira daude haietariko hiru, baina hiri barrura zuzenduak, aldiz, haietariko bi. San Anton eta Garaipen bastioia deiturikoak, hain zuzen ere. Nekez pentsa liteke, beraz, egoera hartan Nafarroako Erresumaren alde altxatzen zirenek harresi haiekiko sentimendu positiboegirik izango zutenik.

Loiolako Iñigo izan zen Gaztelako erresumaren defentsan borrokaldi horietariko batean aritu zenetariko bat. 1521ean, Ziudadela oraindik eraiki gabea zenean. Hirian kokatu zituzten armak gaztelarren aurkakoek gazteluari erasotzeko, eta Gaztelako soldaduek ez zuten dudarik izan: hiriaren aurka eraso zuten. Halakoetan zebilela zauritu zuten larriki hankan Loiolako Iñigo. Eta hala hasi zen Euskal Herriko santurik ezagunenetariko baten kondaira. Iruñeko harresietan, Gaztelako erresumaren alde, hiritarren aurka eraso egiten zebiltzanen aldean zegoela jasandako zauri haien ondorioz.

Denborarekin, teknologia militarrak aurrera egin eta indarra galtzen joan zen harresien defentsa funtzioa. Areago. Pixkanaka, hiria garatuz joan ahala, muga bilakatu ziren harresiak gero eta populatuagoa zegoen Iruñea harentzat. Osasun eta higiene baldintzak ez ziren onak, eta 1888an harresien hainbat zati bota, eta Lehen Zabalgunea eraiki zuten.

Eraisketaren poza

Horrekin aski ez, ordea, eta 1920an, militarrarenak ziren hiriaren Hegoaldeko murruak errege dekretu batez desjabetu, eta eraitsi egin zituzten. Zabalgunea eraikitzeko espazioa nahi zutenagintariek, eta lortu egin zuten, azkenean, gora behera legal batzuen ondoren. Iruindarrek pozez hartu zuten eraisketa, kontatzen denez, eta su festaren bat ere izan omen zen. Historiaren zati bat bota zuten lurrera, bai, baina era berean arnasa irabazi zuen hiriak. Eta hori zen hiritarrek nahi zutena, pena handirik ez zuten izan, horregatik.

1936an, guda garaian, jatorrizko funtzioa bete zuten berriz ere Iruñeko harresiek. Enfrentamendu militarren lekuko izan gabe ere, gudaren gune bilakatu ziren. Izan ere, leku hura hautatu zuten Francoren alde altxatutakoek hirian zen oposizioaren aurka egiteko. Han fusilatu zituzten Iruñeko ehunka eta ehunka pertsona. Eta, beraz, oroitza eta saminerako gune ere badira harresiak iruindar asko eta askorentzat. Urteetan isilduta egon ondoren, Gaztelugibelen jarritako plaka txiki batean ageri dira egun harri haien aurka eraildakoen omenezko hitz gutxi batzuk.

Handia da hiriaren eta harresiaren arteko lotura. Historikoa. Eta, horregatik, azken aldian, haiek babesteko aukera egin dute Iruñeko Udalek ere. 1964an pasa zen Ziudadela Espainiako militarren eskuetatik Iruñeko Udalarenetara, eta ordutik hona hainbat lan egin diren arren, 2004az geroztik da abian hiriko gotorlekuen zaharberritze plan orokorra.

Hiriari hain estuki lotutako ondare horrek duen balioari benetan duen pisua ematea da asmoa, eta aurten bukatu nahi dituzte Harresien Interpretazio Zentroa eraikitzeko lanak. Urtarrilerako zen irekita egotekoa, baina atzeratu egin dira lanak. San Bartolome izeneko gotorleku txikian kokatuko da gune hori, Media Luna parkean. Bitartean, ibilaldi edo korrikaldiak egiten jarraitzen dute iruindarrek hiriko harresien inguruan sortutako 8 bat kilometroko belardietan. Mugitu ez bada ere, garai batean baino gertuago da hiria egun bere harresietatik. Historian zehar izandako gora beherak gora behera, gotorlekuarekin baketuta, nolabait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.