Ezarian

Harria bizi duen herria

Harri-jasotzearen historiaren azken ehun urteak bildu dituzte liburu batean, eta ehun harri-jasotzaile omenduko dituzte urriaren 20an, Donostian.

Maialen Unanue
Donostia
2012ko urriaren 13a
00:00
Entzun
Euskaldunak eta harriak estuki loturik joan izan dira mendeetan, batek daki noiztik. Belaunaldiz belaunaldi iraun duen herri kiroletako bat da harri-jasotzea. Telebistan eta plazetan ikusi arren, gutxik ezagutzen dute, gertutik behintzat. Jendeak mundu hori ezagut dezan, Harria, azken 100 urteei aitortza liburua egin dute. Guztira ehun harri-jasotzaile inguru biltzen ditu, eta, besteak beste, Idoia Etxeberria, Juan Joxe Unanue Goenatxo II.a, Aimar Irigoien eta Iñaki Otaegi Gibitegi dira bertan agertzen direnetako batzuk. Denak bat datoz: liburuan agertzea harro sentitzeko arrazoia da beraientzat.

Badira ia hogei urte Gibitegik harriak jasotzeari utzi ziola. Lesio baten ondorioz utzi zuen, medikuak osasunaren edo harri-jasotzearen artean aukeratu beharko zuela esan zionean. Harri handiak ditu gustuko, haren helburua pisu handiak altxatzea izaten zen —300 kilo altxatzea lortu zuen, 1993an—. Iñaki Perurena zuen gustuko, harri handiekin egiten zuen lanagatik.

Gehienbat harriekin egiten zituen entrenamenduak, eta damu da: «Beharbada, hori izan nire akatsetako bat. Azkenengo urteetan entrenamenduetan pesak altxatzeari ekin nion, eta nabaritu nuen hobera egin nuela. Lehenago hasi izan banintz... Tira, beti gertatzen da: denbora pasatzen denean konturatzen zara egindako akatsez».

Entrenamenduak «gogorrak» izaten ziren, «neguan, batez ere», baina momentu onak ditu gogoan Gibitegik: «Leku eta jende asko ezagutzeko aukera eman zidan harri-jasotzeak».

Goenatxo II.ak oraindik aktibo jarraitzen du. Badira urte batzuk txapelketak utzi zituela, baina ez du guztiz baztertu harri-jasotzearen mundua, oraingoz behintzat. Hilabete baino gehiago darama geldirik, apendizitisagatik operatu zutelako, baina urtea amaitu baino lehen markaren bat edo beste egiteko moduan izango dela dio.

Adina dela eta, burutik pasatu zaio erretiratzeko garaia gertu duela. Garai batean egunero entrenatu ohi zen, gimnasioan ez bazen, beste edozertan: «1990 inguruan marka mordoa egin nuen, baita erakustaldiak ere, baina horrek bere lana eman zidan». Besteek bezala, lanera joan behar zuen, bere orduak sartu, eta handik irtetean entrenatzera joan: «Ez neukan denbora ez lagunekin, ez familiarekin gustura egoteko ere».

Denbora asko kendu zion, horretan denak bat datoz, baina momentu onak ere eman zizkion: «Ameriketan bost bider egon naiz, inguru hura eta bertako jendea ezagutzeko aukera izan dut harri-jasotzeari esker».

Ia-ia ibiltzen ikasi baino lehen izan zuen Irigoienek lehenengo harremana harri-jasotzearen munduarekin. Lau urte besterik ez zuela, aitonak 15 kiloko zilindroa oparitu zion, egurrezkoa. Hura oso zalea zen, eta zaletasun hori bilobari pasatu zion. Hamar urte egin arte, jolasean bezala ibiltzen zen horrekin: «Ingurukoek esaten zuten oso gaztea nintzela, baina 26 urte ditut jada, eta oraindik martxan jarraitzen dut».

Agustin Ostolaza eta Joxe Antonio Gisasola Zelai harri-jasotzaileak ditu erreferente: «Gehiago ere aipa nitzakeen, harri-jasotzaile oso onak baitaude, direnak eta izan direnak».

Sasoian ikusten du bere burua, denbora luzez jarraitzeko moduan: «Momentu honetan ez dut inongo osasun arazorik, eta gai naizela uste dut». Marka bat prestatzeko garaian, zazpi egunetik seitan entrenatzen da Irigoien, mendia, gimnasioa eta harriak txandakatuz, eta falta dena, beretzat gordetzen du, deskantsatzeko. Oraingoz, marka pertsonal bat hausten saiatuko da urriaren 20an: 125 kiloko zilindroa 44 alditan altxatzea.

Liburuan agertzen direnen artean, Idoia Etxeberria oriotarra da gazteenetako bat. Lau urte inguru daramatza harriak jasotzen —15 urterekin hasi zen—, eta dagoeneko harri-jasotzearen historian pisu gehien altxatu duen emakumea da.

Ez da kasualitatea, zailtasunekin handitu egiten da. Harrien artean kubikoa du kutunena, Goenatxo II.aren modura, altxatzeko teknika handiena eskatzen duena, hain zuzen: «Zerbait berezia dauka, besteek ez dutena; jasotzeko estiloak eta daukan zailtasunak erakartzen naute».

Momentuan harriak jasotzen aktibo dabilen emakume bakarra da Etxeberria. Gogor entrenatzen da, egunero: «Hala egin behar dela erakutsi didate niri, eta, noski, horrek diziplina eskatzen du». Joxe Inazio eta Pello Saizar izan dira bere irakasle, Luixarbe anaiak, eta baita bere erreferente. Gogoz entrenatzen da, eta erakustaldi eta txapelketetan ondo ibiltzeko, ez du penarik parrandaren bat galdu behar badu: argi dauka zeri ematen dion lehentasuna. Hurrengo erronka, Irigoienek bezala, urriaren 20an izango du, 140 kiloko marka gainditzen saiatuko da: orain arte ez da izan hori lortu duen emakumerik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.