Bestaren erresuman, San Ferminen aroa hasi da. Hilaren 14a bitarte, santu beltzarana izanen da parrandaren errege. Eta iruindarrek, bisitan etorri diren kanpotar guztiekin batera, gogoz gurtuko dute. Gogoz eginen dute topa haren alde. Gogoz eginen dute besta, gau eta egunez, gorputzak aski dela erran arte.
Ohiturak ez zuen hutsik egin atzo, sanferminen hasieran. NaBaiko zinegotzi Iñaki Cabasesi egokitu zitzaion besten hasiera iragarri zuen suziriari su ematea. Urduritasunez ekin zion lanari, txupinazoa lehertu baino lehen onartu zuenez. «Iruindarrok eta gurekin gozatzera etorri zareten guztiok, gora San Fermin!», oihukatu zuen herriko etxeko balkoitik, eguerdian.
Txupinazoak lehertu zuen besta. Plazan bat egin zuen jendeak zapi gorria lepoan lotu eta Udaletxe plazatik hiriko gainerako txokoetara zabaldu zuen bestaren zurrunbiloa. Musikak lagundu zuen, urtero bezala, bestaren oihartzuna karrikaz karrika barreiatzen. Txistulariek, gaitariek eta Pamplonesa bandako musikariek hartu zituzten Alde Zaharreko karrikak, txalo artean. Iruindarrak bestarako gogoz ziren, eta erruz gozatu zuten sanferminen hasiera markatu zuen ekitaldiarekin.
Ofizialki atzo eguerdian hasi ziren Iruñeko bestak, baina parrandak aurretik ere hartu zituen hiriko bazterrak. Iruñekoak ez ezik, inguruko herrietakoak ere bai. Eguna epel ernatu zen, baina jatekoak eta edatekoak laster berotu zituzten iruindarren eta bisitarien barruak. Batzuenak, gehiegi, txupinazoak eztanda egin aurretik ere zutik eusteko arazorik izan baitzuen batek baino gehiagok.
Udaletxe plazan ere zutik eustea ez zen erraza atzo. Sumatu zen ostiralarekin egin zuela bat San Fermin egunaren bezperak, eta horrek jendetza erakarri zuen Iruñera. Inork ez zuen txupinazoa galdu nahi. Herriko etxeko plaza lepo beteta zegoen, suziria lehertu baino ordubete lehenago. Besta hasteko irrikan ziren iruindarrak.
Ikurrinak plazan
Bestarekin batera, aldarrikapenak ere izan zuen tokirik atzoko txupinazoan. Txapitelan hasitako ikurrinaren aldeko kalejira Udaletxe plazan amaitu zen.11:35 aldera, ikurrina handi bat eta bertze hainbat txiki sartu ziren herriko etxeko plazara. Euskal presoak Euskal Herrira ekartzearen aldeko mezuak zituzten pankartak eta puzgarriak ere agertu ziren. Udaltzainek eta foruzainek hartu zituzten Txapitela inguruko bazterrak. Atzo, hala ere, tirabirarik ez zen gertatu.
Lan esparruko aldarrikapenak ere izan ziren protagonista atzo Iruñean. Udaletxe plazan Inasako langileen aldeko pankarta zabaldu zuten. Irurtzungo lantegia ixtea erabaki dute jabeek, eta 160tik gora behargin kanporatzea, ondorioz.
Sanferminek, hala ere, krisia alde batera uzteko aukera eskainiko diete herritarrei. Hilaren 14a bitarte, behintzat. Urtebete egon dira zain iruindarrak hiriko besta giroaz gozatzen hasteko, eta ez diote aukera horri ihes egiten utzi nahi.
Atzo ederki erakutsi zuten hori. Urtebeteko besta gogoaren iturria ireki zuen eguerdian Cabasesek piztu zuen txupinazoak, eta ixteko asmorik ez dute iruindarrek. Bestak ez baitu etenik izanen Iruñean, datozen egunotan. San Ferminen aroa hasi da Nafarroako hiriburuan. Santu beltzaranak aginduko du datozen egunotan. Bestak hartu baitu, erabat, hiria.
Hasi da San Ferminen aroa
Txupinazoarekin batera, bestak eztanda egin du Iruñean; Udaletxe plaza lepo bete da sanferminetako lehendabiziko ekitaldianIkurrina handi bat eta presoen aldeko pankartak zabaldu dituzte enparantzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu