Eguerdian hasi dira inauteriak Tolosan. Kataluniari keinu eginez piztu da festa. Inauterietako udal korporazio bereziak Artur Mas Kataluniako presidente ohia izan du gonbidatu gisa, eta castell bat ere egin dute plazan (panpinekin). Gainera, Salou Euskal Herria dela aldarrikatu dute. Txupinazoa lehertu, eta sei egunez amaigabea izango den txaranga hotsean, salto eta brinkoka hasi dira tolosarrak eta Tolosara inguratutako guztiak.
Zuzeneko saio bereziak egingo dituzte ondotik, igandean, astelehenean eta asteartean, 11:00etatik 13:30era; elkarlanean ariko dira BERRIA eta Ataria. Asier Imazek eta Josu Ozaitak aurkeztuko dituzte hiru saio berezi horiek. Lehen ordu erdian kaleko giroa ikusiko da, bestelako hitzik gabe. Ondoren, bi aurkezleak San Frantzisko kaletik arituko dira, Gipuzkoako artxibo orokorraren paretik. Imazek azaldu duenez, unean uneko giroa jasoko dute: «Unean bertan kalean dagoen jendea elkarrizketatuko dute, eta, beharrezkoa bada, kazetariak platotik jaitsiko dira herritar mozorrotuekin hitz egiteko».
Atal bereziak ere izango dituzte saioetan. Esate baterako, Inauterizaindia tartean, inauteriekin lotutako hitzak definitzen saiatuko dira. Mozorro perfektua lortzeko gomendioak emango dituzte hainbat bideotan. Bertsoak entzungo dira, era berean. «Herritik kanpo bizi diren tolosar batzuekin Skype bidez hitz egingo dugu, inauterizaleak direnekin», esan du Imazek. «Ezustekoak» ere izango direla iragarri du Ataria-ko koordinatzaileak.
Gaurko txupinazoaren emanaldia eta hurrengo hiru saioak zuzenean ikusteaz gainera, gerora edozein unetan ikusi ahalko dira BERRIAren zein Atariaren webguneetan.
BERRIAk, bestalde, datozen egunetan inauteriekin lotutako argazki galeriak jarriko ditu bere webgunean.