Ohi baino jende gutxiagorekin, baina giro lasaiean abiatu dira Baionako bestak. Herriko Etxeak ekitaldi ofizialetik bertsoa kentzeak polemika eragin zuen hilabete hasieran. Azkenean, irekitze ofiziala bertan behera gelditu da, eta bertsoak bere lekua izan du, Baionako Gazte Asanbladak antolatutako irekitze alternatiboan. Hiru bertsotan, ikarak ahantzi eta Baionan bestelako besta eredu bat gauzatzearen aldeko mezua zabaldu du.
Gure izatea ospatzea du
bestak berezko jatorri
Ez dakit nola bihurtu zaigun
zapia lotsatan gorri
bortxakeria ta bazterkeria
leiho berera etorri
bertsoak hatsa eman nahi dio
eta hats emanez sokorri
emakumezko gorputza duen
Baiona euskaldun horri
Segurtasunak ez gaitzala sar
bere hersturen menera
herra zabaltzen baitu kanpora
eta ikara barnera
ta noizbait heldu behar badugu
arazoaren muinera
denek aldatu beharko dugu
ez erortzeko gainera
mundu urrun ta hurbilduari
begiratzeko manera
Beraz ikarak erantz ditzagun
eta karrikara jautsi
Baiona alda ginezakeen
ametsari tinko eutsi
ta Amets horren sakonenetik
bizipoza erakutsi
bost egunetan kanta ta dantza
topa egin ta igurtzi
bestekin goza dezagun eta
besteei gozatzen utzi
Segurtasunak baldintzatuko ditu Baionako aurtengo bestak, eta Poliziaren begiradapean ekin diote 19:00etan bost eguneko jaiari. Lapurdiko herriko etxearen aurrean milaka lagun elkartu dira ordu horretan, eta besteak beste Aviron errugbi taldearen doinuekin alaitu dute unea bertaratutakoek.
#BF16 Aviron Bayonnaisen ereserkia kantatzen ari da publikoa @berriapic.twitter.com/6tn0acc2n2
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2016(e)ko uztailak 27
Zapi gorriak airean, Leon erregea esnatzearekin batera hasi dira besta ofizialak. Bi frankotiratzaileren zaintzapean iragan den ekitaldiak 15 minutu eskas iraun ditu.
#BF16 Hau gehiegizkoa da! Irekitze ofiziala hastear sniper bat Herriko Etxeko teilatuan. @berriapic.twitter.com/wG4Ic8I3lB
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) 2016(e)ko uztailak 27