Komunikazioa. Ekografiak

Hasteko modukoa

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Beste bi larunbat geratzen zaizkigu oraindik 2011 bukatzeko. Baina larunbat txarrak dira: 24 eta 31. Hori ikusita, joan den zapatuan egin zuten Informe semanal berezia, Informe anual beharko lukeena kasu honetan: begiratu bat eman zieten urte osoan gertatutako albiste garrantzitsuenei —saioaren editoreen ustean, betiere—. Urtea amaitzearekin, klasiko bat dira gisa horretako begiratuak, kate eta saio asko eta askotan. Eta esaten dute finitzera doanari bizitza osoa pasatzen zaiola aurretik —Urtain antzezlanean gogorarazi ziguten berriz—. Eta ematen du hala urtea joateak, egutegia aldatzeak ere izango lukeela heriotza txikitik zerbait. 2011 hil da; biba 2012. Zenbakiek lasaitu egiten omen dute jendea, Harkaitz Canoren azken Twist nobelan irakurri dugun bezala. Baina baita durduzatu ere, gehitu genuke hemendik.

Ezen ahazteko moduko urtea izan baita 2011. Modu horretantxe aurkeztu digute behintzat Informe semanal-eko lagunek. A ze desgrazia salda: lurrikara bat hemen, tsunami bat hor, sumendi baten erupzioa harago. Tipo batek hiltzen ditu ez dakit zenbat lagun Norvegian. Ez dakit zenbat lagunek hiltzen dute tipo bat Libian —eta ikusi egiten dugu gainera—. Terroristarik bilatu eta gorrotatu eta bizardunenari itsasoan lur ematen diote —baina hori ez dugu ikusten, katxis—. Gero krisia, krisia, krisia. 7.000 milioigarren pertsona jaiotzen da, hala saldu digute bederen. Zenbaki batzuek ez dute jendea lasaitzen, hori ziur.

A, baina eskerrak berri onak ere egon diren: Aita Santuak bisita egin digu —bai, bai, Madrilera etorri da—. Eskerrak kirola geratzen zaigun, saskibaloia, txirrindularitza, tenisa —zer egingo genuke garaipen arranditsu horiek gabe?—. Pedro Almodovarrek pelikula berria estreinatu du —ai, barkatu, berri onekin ari ginen—. Baina berri on guztiak kirol-kulturetatik ez datozela ikusteko, urteko notizia alegera: ETAk jardun armatua utziko duela esan du, ahulezia gero eta handiago batek jota eta ezker abertzalearen biraketaren ondorioz—eta, ordena horretan, noski—.

2011 hau ahazteko modukoa izan da, arrazoi du Informe semanal-ek. Ez dakidana da 2012 hori, ahazteko modukoa ez, hasteko modukoa ere ba ote den. Akaso hobe genuke 2011 ezagun honetan geratzea. Baina, tira, hasi hasiko dugu, Urtezaharra joateak soilik ematen duen poz txikia hartzeko besterik ez bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.