Jaiak. Sanpedroak Eskoriatzan

Haurrek aurrea hartuko diote txupinazoari

Gaur arratsaldean hasiko dira sanpedroak Eskoriatzan, eta Olazar Jubilatu Elkarteak emango du pregoia

Musika Eskolako dantza taldea arituko da Euskal Jaietan, herriko plazan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Urtero bezala, gaur, ekainak 28, Eskoriatzako San Pedro jaiak hasiko dira. Txupinazoa 18:00etan botako dute, eta orduan hasiko dira ofizialki sanpedroak. Aurtengo pregoia Olazar Jubilatu Elkarteak egingo du, bere 25. urteurrenean. Jasone Orbegozo diruzaina arduratuko da pregoia emateaz, eta urduri baina ilusioz dagoela esan du: «Lau lerrotan, udalari aukera hau ematea eskertu, elkartearen garrantzia azpimarratu, gazteriari mezu lasaigarria helarazi eta herritarrei sanpedroetan gozatzeko esango diet, eta guk ere horixe egingo dugu».

Hala ere, arratsaldeko seiak baino lehenago hasiko dira festak herriko txikienentzat; izan ere, 12:00etan, umeentzako margo lehiaketa izango da herriko plazan, eta ordubete geroago, sari banaketa egingo da.

Arratsaldean, berriz, 17:00etan, gazteek mahai futbol txapelketa jokatuko dute Gaztelekuan. Ordu berean, Itartetarrak erakusketa irekiko da Ibarraundi museoan.

Behin txupinazoa botata, Musika Eskolako bandak, txistulariek eta buruhandiek kalejira egingo dute. 19:00etan, Oilaskoetxea kale ikuskizuna izango da, eta Kultur Etxean, berriz, Eskulanak erakusketa zabalduko dute.

20:00etan eta 22:30ean Joselu Anaiak taldea arituko da plazan, eta, haien atzetik, Dantzaldi taldeak animatuko ditu festak. 22:30ean, helduen danborrada izango da.

Bihar ere egitarau oparoaz gozatuko dute herritarrek: txistulariak, pailazoak, lehiaketak, Musika Eskolako bandaren kontzertua, Alaiki taldearekin dantzaldia, eta abar. Hala ere, pilota partidak izango dira protagonista festetako bigarren egunean. Pilotari mitikoak izango dira bi saioetan. Batetik, lau t´erdiko partidan, Mendizabal eta Chafeek jokatuko dute; eta eskuz binakakoan, Mikel Goñi eta Galarza VI.a, Capellan eta Goñi III.aren aurka arituko dira. Sarrerak salgai daude Zarauztarra tabernan eta Manuel Muñoz kiroldegian; eta horien prezioa 10 euro da. Egunean bertan, pilotalekuko leihatiletan eskuratu ahal izango dira, 12 eurotan.

Etzi, goizean goizetik festa nonahi izango dute herritarrek. 15:30ean, XXI. Mus txapelketa egingo da Gernika plazan. Bikote bakoitzak 30 euro ordaindu beharko ditu parte hartzeko. Jasotako dirua lehen lau sailkatuen artean banatuko da; eta gazta eta txakolina ere emango dira sari gisa. 18:30ean, haurren danborrada izango da. Geroago, kuadrillen arteko jokoak egingo dira, eta Eskoitzako II. Banderia egongo da jokoan. Gauerdian, Triki Trake taldearekin dantzaldia egingo da plazan.Ez da etxera joateko arrazoirik izango Eskoriatzan.

Festen azken egunean, uztailaren 1ean, Euskal Jaia ospatuko dute. Goizetik txistulariak eta dantza taldeak ibiliko dira herriko bazterrak girotzen. 12:30etik aurrera, talogileak eta sagardo upelak jarriko dituzte plazan, eta,eguerdian, herri bazkaria egingo da Santa Mariñe plazan. Bi menueskainiko dira: bat helduentzat, 20 euroren truke, eta bestea, aldiz, umeentzat 10 eurotan. 19:00etan, sanpedroetako VI. Kantu Txapelketa egingo da. Taldean zein banaka abes daiteke, baina, ezinbestean, 16 urtetik gorako pertsona batek egon beharko du taldean. 300 euroko saria egongo da jokoan.

21:00etan, Ingoaldeu taldeak kontzertua emango du herriko plazan. Eta azkenik, festa biribilei amaiera emateko, bandera jaitsiera eta trumoikada egingo dira gauerdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.