Ibon Corada. Bilboko erraldoi eta buruhandien konpartsako kidea

«Haurrek miresmen handia diete erraldoiei»

G. Salces Alcalde
Bilbo
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Hamasei urte zituenean hasi zen erraldoiak dantzatzen Ibon Corada, eta dagoeneko bederatzi urte daramatza lan horretan.

Nola hautatzen duzue zein pertsonaia eraman behar duen kide bakoitzak?

Urtero zozketa bat egiten dugu. Aurten, Lina tokatu zait. Orain arte Mina deitu izan da, baina izena aldatu diote, ez dakit zergatik. Pitxitxiren emaztea edo emaztegaia zen.

Erraldoiak oso pisutsuak direla ematen du.

Berrienek, Linak eta Pitxitxik, esaterako, 25 kilo inguru pisatzen dute. Zaharrenak, berriz, 50 kilotik gertu daude.

Zama horrekin ez zarete luzaroan arituko dantzaldi bakoitzean, ezta?

Gehienez, minutu edo minutu eta erdi egon gaitezke dantzatzen. Balsa dantzatzen dugunean pixka bat luzeagoa da; berezia da, eta guztiok batera dantza egiten dugu. Kalejira egiten dugunean motzagoa da, eta txandaka ibiltzen gara.

Erraldoien urdailean ez du hotzik egingo.

Ez, ez. Sauna bat da.

Haurrek nola hartzen zaituztete, beldurrez ala miresmenez?

Umeek miresmen handia dute. Dantzatzen gabiltzan bitartean hanken artean sartzen zaizkigu. Erraldoien oinarria burdinazkoa da, eta noizbait norbaitek min hartuko du, baina ohituta gaude eta ez da ezer gertatzen.

Zer iruditzen zaizu Euskal Museoko erakusketa?

Erakusketa oso ondo dago. Pertsonaia historikoak dira eta jende askok ez ditu ezagutzen. Ingelesa eta Pitxitxi bai, ezagunak dira, baina don Terentzio, adibidez, daukagun irudirik zaharrena da, eta ia inork ez du ezagutzen. Guretzat ondo dago; jendeak balio handiagoa emango die.

Eta gazte bat nola moldatzen da Aste Nagusian goizero erraldoi bat dantzatu ahal izateko?

Etxera goiz samar itzultzea beste erremediorik ez dago. Tira, goiz... ezin gara pasatu, baina parranda egin behar da. Zer izango litzateke Aste Nagusia txosnarik gabe?

Dagoeneko gutxi falta zaizu bukatzeko.

Bihar egunik onena izango da, erraldoien topaketa egingo dugulako. 80 erraldoi inguru bilduko gara. Gainera, ez dago askorik mugitu beharrik, eta, jende asko dagoenez, elkar animatzen dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.