Bilboko Aste Nagusia

Haurrek zein helduek egin dute korrika krosean

Adin guztietako parte hartzaileak aritu dira Aste Nagusiko Hiri Krosean: 2.000 lagun inguru elkartu dira

Kategorietan banatu zituzten korrika egiteko. MARISOL RAMIREZ / ARP.
Bilbo
2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Atzo arratsaldean Bilbon korrika egiteko aukera izan zuten adin guztietako neska eta mutilek. Hala, apenas oinez ibiltzen dakitenek zein oraindik umeentzako aulkian doazenek ere Aste Nagusiko Hiri Krosean aritzeko aukera izan dute aurten. Guztira, 2.000 lagunek parte hartu zuten, Jon Bilbao ekitaldiaren antolatzaileak jakinarazi duenez.

Bost kategoriatan egin zuten lasterketa, neska eta mutilen artean bereizita, nagusien proban eta elbarrituen kasuetan izan ezik. Arratsaldeko bostetan hasi zen kirol ekitaldia, zazpi eta hamabi urte bitartekoen probarekin. Ondoren, 13 eta 17 urte artekoei heldu zitzaien korrika egiteko txanda. Bi kategoria horietan, biak batuta, 450 bat lagun aritu ziren lasterka. Gogotsu aritu ziren korrikalari gazteak, eta baten batek bidean zapatilak ere galdu zituen.

Horien lasterketen ostean, probarik ikusgarrienaren txanda ailegatu zen. Zazpi lagunek aulki gurpildunean hiru kilometroko ibilbidea egin zuten, ikusleen harridurarako. Izan ere, ezin uka daiteke atleta horien meritua, gogo biziz aritu baitziren.

Txikitxoenak ere, korrikan

Haien ostean, etxeko haur txikienen txanda iritsi zen. Denetarik ikus zitekeen neska eta mutilen lasterketan. Kilometro erdiko ibilbidean gogotsu aritu ziren haurtxoak, aitarekin, amarekin, anai-arrebekin edota aitona-amonekin. Aulkitxoan zihoazenak ikus zitezkeen, baita senideen eskutik helduta zihoazenak ere, oinez ibiltzen ikasi berriak, hain zuzen.

Txikitxoen ostean, nagusienen txanda ailegatu zen, 18 urtetik gorako korrikalariena. Sei kilometroko ibilbidea egin zuten; Areatza, Uribitarte, Guggenheim eta Euskalduna jauregira joan -etorria egin zuten. Bertan parte hartu zuen Virginia Berasategi pregoilariak, Aste Nagusiaren hasieran agindu zuen bezala. Horrekin batera, mundu osotik etorritako korrikalariak ikus zitezkeen, baita tokikoak ere, edonolako jantziekin mozorrotuta eta kalimotxo edalontziak eskuetan, «edariaren azukrea erregai moduan erabiltzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.