Donostiako Aste Nagusia. Barrakak

Haurren jolas, gurasoen buruko min

Haurren barraka gunea portutik Urdaneta kalera aldatu dute, eta, langileek diotenez, «orain arteko urterik txarrena izaten ari da»Helduen gunean hogeita hamar atrakzio daude, eta umeen gunean hamar

Noria bana dago bi guneetan. Pasealeku Berrian handia ipini dute helduentzat; eta Urdaneta kalean txikia, haurrentzat. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko abuztuaren 18a
00:00
Entzun
Aste Nagusia su festekin, piratekin, Saguesko kontzertuekin eta beste gauza mordoarekin lotzen da. Baina zer da Aste Nagusia barrakarik gabe? Txikientzat, batez ere, ez litzateke gauza bera izango; eta, ziurrenik, ezta heldu askorentzat ere. Horregatik, urtero atrakzio mordoa izaten da Donostian. Aurten, bi gunetan banatu dituzte: txikien barraka gunea Urdaneta kalean dago, Artzain Ona katedralaren atzean. Helduena, berriz, betiko lekuan: Pasealeku Berrian.

Umeentzako gunean mota guztietako barrakak daude, hamar guztira: Ondarribi Show, igerileku txiki bat da bola batzuekin, eta umeak bertan sartzen dira uretan biraka ibiltzeko; Dragoi Landia, dragoi burua duen errusiar mendi txikia; Mini Noria; Txiki Landia, haurrek jolasteko gunea; jotzeko autoak; ohe elastikoak eta beste lau zaldiko-maldiko daude, animalia, motor, auto eta aulkiekin, besteak beste. Mutikoek jotzeko autoak eta zaldiko-maldiko motordunak aukeratzen dituzte gehienbat. Neskek nahiago dituzte ohe elastikoak eta animalien zaldiko-maldikoak.

Aukera zabala da, baina bertara joanda, ordea, ez dirudi jende asko ibiltzen denik. Eta hala omen. «Inoiz baino urte txarragoa izaten ari da», dio Jacobo Antonio Dos Santosek. Arrazoi asko daudela adierazi du, baina nagusietako bat, haren ustez, leku aldaketa izan daiteke: «Beste urtetan portuan egoten ginen bi astez, eta han askoz hobeto joaten zitzaigun. Hemen, diru erdirik ere ez dugu atera». Sandra Dos Anjos ere lanean dabil haurren gunean, eta hauxe kontatu du: «Portuan askoz errazagoa izaten zen, jendea hondartzatik ateratzean bertatik pasatzen zen eta. Hemen ez dabil ia inor, eta dabilena askotan paseatzen ibiltzen da. Uste dut jendeak ez dakiela hemen gaudela».

Barraka guztietan prezio berak ezarri dituzte. Bidaia bat bi euro kostatzen da. Bonuak ere badaude: sei bidaia hamar euroan. «Udalak ezartzen dituen prezioak dira. Ez digute uzten hortik igotzen», kontatu du Dos Santosek. Hala ere, familientzat ez da merke ateratzen. Marilo Garciaren hitzetan, «oso garestia» da. «Bi seme-alaba ditut, eta bidaia asko egiteko garestiegia da». Gehienak iritzi horretakoak dira. Oihana Arregi, aldiz, ez da harritu prezioak ikustean: «Urtero berberak izaten dira, eta, beharbada, ohituta gaudelako izango da».

Helduen gunean, atrakzio gehiago daude, 30 guztira. Denetik dago bertan: noria bat, bikingoen itsasontzia, Belgikako dragoia errusiar mendia, saltoka ibiltzen den Super Kanguro, deabruen gaztelua, beldurrezko pertsonaiez betetako hiru solairuko errusiar mendia eta abar. Janaria eskaintzen duten postuak ere badaude: ostatutxo bat eta gozoak eta azukre kotoia eskaintzen dituzten postu txiki bana, besteak beste.

Gune horretan jende gehiago ibiltzen da. Sergio Porta Super Kanguroko langilea da. «Zortea izan dugu hemen gaudelako. Ez gara ari guztiz ondo, baina, hala nola, lehengo urtekoari eusten ari gara. Ezingo gara kexatu».

Helduen atrakzioetako prezioak ere udalak zehazten ditu. Ia guztiak hiru euro kostatzen dira. Gutxi batzuek prezioak jaitsi dituzte, bi euro eta erdira; krisia dela medio, erabiltzaile gehiago erakartzeko asmoz. Beste batzuek bonuak ere eskaintzen dituzte.

Astelehenean, egun herrikoia ospatuko dute bi guneetan, eta atrakzio guztietako prezioak merkeagoak izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.