Haurtzaindegia, ostiral gauetan zabalik

Gurasoei tarte gehiago uzteko, Bilboko Trastos haurtzaindegia ostiral gauetan zerbitzua ematen hasi da

Bilbo
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Gurasoentzat ostiral gauetanumerik gabeko planak egitea zail samarra izan ohi da. Bost lan jardunaldi gogor igaro ostean asteburura ahituta heldu, eta ezinezkoa izaten da bikotekidearekin edo lagunekin lasaitzeko denboratxo bat hartzea, haurrak zaintzeko senideren baten laguntza eskatzen ez bada, behintzat. Bada, Bilboko gurasoek etxetik kanpo ondo pasatzeko aukera gehiago izango dute hilabete honetatik aurrera. Eskutza kalean dagoen Trastos haurtzaindegiak umeak ostiral gauetan zaintzeko zerbitzua ematen hasiko da.

Trastoseko zuzendari Kusku Bolinagak azaldu du nola bururatu zitzaien proiektua abian jartzeko ideia. Orain dela hilabete hasi ziren dena garatzen. «Hona haurrak dakartzaten gurasoei proiektuari buruzko galdetegia pasatu genien, eta onarpena erabatekoa izan zen. Denei ideia bikaina iruditu zitzaien. Hori ikusita, martxan jartzera animatu ginen».

Gurasoek tankera honetako zerbitzua eskatzeko hainbat arrazoi egon daitezkeela argitu du. Batetik, hain beharrezkoa duten atsedena lortzeko, ondo datorkie haurtzaindegiaren zerbitzua, baina, bestetik, haurrak zaintzeko aitona-amonen laguntza askotan eskatzen dutela ere badakite gurasoek.

Aitona-amonekin ere hitz egin dute proiektuari buruz. «Amonekin batez ere», argitu du. «Hilean bi gauetan haurrak etxean izan ohi dituztela esan digute. Batzuetan gogoa izaten dute, baina beste batzuetan nekaturik daude, edo pertsona nahiko adinduak dira».

«Ostiral gauetan lan egiten duen gurasorik badago, edo noizean behin kuadrillarekin pote batzuk hartzera atera gura duenik ere», gogoratu du Bolinagak. Gabonetako afariak gertu daudela zerbitzu interesgarria izan daitekeela uste du.

Ordutegietan, hainbat aukera

Ordutegiari dagokionez, gurasoek hainbat aukera izango dituzte. Haurrak 20:30 eta 21:00 artean utzi beharko dituzte haurtzaindegian, baina bueltan hartzeko bi orduren arteko hautua egin ahal izango dute: lehenengoa, larunbateko 01:30etik 02:00etara izango da; eta bigarren aukera, berriz, 10:00etan. Prezioak aldatzen dira aukera batetik bestera. Haurra gauerdian hartuko duten haurtzaindegiko ohiko bezeroek 40 euro ordainduko dituzte, eta 50 euro beste bezeroek. Larunbat goizeraino luzatzen den zerbitzuak, berriz, 60 eta 70 euroko salneurria edukiko du. Haur bat baino gehiago uztekotan, bigarren anai-arrebak %50eko deskontua izango du. «Hiru etorriko balira, beste tarifa bat egongo litzateke», iragarri du Bolinagak, erdi txantxetan.

Krisiaren eraginez ideia berriak frogatzeko grina piztu zitzaiela onartu du, baina «ideiak gurasoen artean izan duen babesak animatu gaitu batez ere». Aste barruan, 30 haur inguru izaten dituzte Trastosen. Ostiral gauetan bostetik hamarrera izatea aurreikusi dute. «Gauetan, hasteko, bi geldituko ginateke lan egiten». Esperientzia ona bada, larunbat gauetan zerbitzua eskaintzeko asmoa dute. Txikientzat asteburu osoko gaupasa goiztiarra egiteko aukera, alegia. Lotan bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.