Ezarian. Haurrak eta gerra

Haurtzaro galduaren isla

Donostiako Aieteko Kultur Etxean 'Hegan egitea debekatua: haurtzaroa eta gatazka armatuak' erakusketa ikus daitekeGatazka armatuetan harrapatutako haurren errealitate gordina erakusten dute irudiek

'Ikastuna'. Gaztetxoak direlarik ikasten dute armak erabiltzen gatazka eremuetan bizi diren haurrek. Irudian, Kaxmirren indenpendentziaren alde borrokatzen duen ekintzaile bat eta haren semea. RAMON JIMENEZ.
Adrian Garcia.
Donostia
2011ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Argazkiak ikusgarriak dira. Hunkigarriak. Hamabost urtera ailegatzen ez diren haurren aurpegi amorratuak arma bat eskuetan dutela; mina baten leherketaren ondorioz hanka bakarrekin futbolean aritzen den mutiko koxkorra; soldadu batengatik ezkutatu nahian dabilen umetxo baten aurpegi etsia… Argazkietako protagonistak lurralde urrunekoak dira, azal beltzeko edo herrialde islamiko batean jaiotako haurren argazkiak. Askok pentsa dezaketen baino hurbilago dago, ordea, argazki horien errealitatearen zio gordina.

Donostiako Aieteko Giza Eskubideen Etxean ikus daitekeen erakusketakoak dira argazkiok. Gernikako Bakearen Museoa Fundazioarekin elkarlanean antolatu dute erakusketa. Save the Children gobernuz kanpoko erakundeak aukeratu ditu argazkiak.Hegan egitea debekatuta: haurtzaroa eta gatazka armatuak erakusketan, irudiez gain gatazka horiei buruzko informazioa jaso eta ikus-entzunezkoak ikus daitezke. Abuztuaren 31 arte egongo da zabalik.

Munduko hainbat gatazkatan nazioarteko hamasei argazkilarik ateratako 36 argazki daude ikusgai. Tartean Angel Colina, Gervasio Sanchez, Corinne Dufka eta Jose Luis Cuestaargazkilarien lanak daude.

Egun 300.000 haur soldadu inguru daudela pentsatzen dute, munduko hainbat gatazkatan banatuak. Luze jotzen duten gatazka armatuetan ohikoa izaten da gerrillek haurrak erabiltzea. Soldadu helduen faltak bultzatzen ditu gerrilletako buruzagiak infanteria mota hori erabiltzera, gizarte guztietan klase babesgabeenak baitira haurrak. Askotan gerrak umezurtz eta etxerik gabe utzi dituzte. Abantaila nabaria dute hamabost urteko haurrek soldadu helduen aurrean: ez dira kexatzen, ez dute soldatarik eskatzen eta ez dute arriskua hautematen.

Antzina umeek ezin zuten gerrara joan, armak astunegiak zirelako erabili ahal izateko. Herrialde garatuek aurrerapen teknologikoa baliatu dute arma sofistikatuagoak eta arinagoak ekoizteko. Egun AEBetan eta Europan ekoizten diren arma modernoak erabilerrazak dira oso; hamar urteko ume bat muntatu eta desmuntatzeko gai izaten da. Gainera, gero eta merkeagoak dira. Uganda iparraldea urte luzez suntsitu zuen gatazka da horren erakusgarri. Merkeago eta eskuragarriago zen fusil bat erostea oilasko bat eskuratzea baino.

Gerretan haurrek izaten duten rola ez da soilik mugatzen soldadua izatera. Kanpaina militarri lotutako hainbat ekintzatan ere parte hartzen dute. Askok sukaldari, garraiolari eta espioi moduan ere lan egiten dute. Nesken egoera are larriagoa izan ohi da, maiz soldadu helduen esklabo sexual bilakatzen baitira.

Gerrillak ez dira haurrak armadaren zerrenda luzatzeko erabiltzen dituzten bakarrak. Kolonbiako, Aljeriako eta Israelgo gobernuen aldeko talde paramilitarrek ere adingabeak baliatzen dituzte.

Gaztetxoen errekrutatzea ez da beti behartua izaten. Gatazka batek herrialdea suntsitu eta haurrak bakartzen ditu. Ondorioz, unitate militar bat—edozein motakoa dela ere— gaztetxoen helduleku bakarra bihurtzen da, adopziozko familia baten rola betetzen duena. Inguruko pobreziaren eta kaosaren tamainak aukera gutxi uzten dizkie biziraun duten haurrei, eta ez zaie armak hartzea beste aukerarik geratzen.

Gatazka etnikoa denean, gaztetxoak gurasoak imitatu eta euren nortasun kulturala defendatu edo hildako senideen mendekua hartu nahi izaten dute.

Bake tratatu gutxik hartzen dituzte kontuan gerrako haur horien gizarteratzea. Talde armatu askok abiatze errituak pasarazten dizkiete soldadu berriei. Haurrak trebatze aldera, doktrinamendu programak jaso, jipoitu eta torturatu, eta preso babesgabeak edo haurraren senideak exekutarazi ohi dituzte. Horrek ezinezko egiten du behin gatazka amaituta adingabe horiek gizarteratzea, haur izateari aspaldi utzi baitzioten.

Nazioarteko legedia

Hamabost urteko haur batek ezin du autorik gidatu, alkoholik eta tabakorik erosi, ordainpeko lanik egin… baina soldadu izan daiteke. Horrelaxe zioen Nazio Batuen Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmenak. Beste edozein legek hemezortzi urtez azpiko oro haur kontsideratzen duen bitartean, NBEren hitzarmenak hamabost urteetan ezarri zuen gerra batean borroka egin ahal izateko muga. Urteetako mugimendu eta borrokaren ostean, 2000. urtean moldatu zuten hitzarmena. Egun, Aukerako Protokoloa deritzonak hemezortzi urtez azpiko oro indarrez errekrutatzea debekatzen du. Haurrak «borondatez» hartuz gero borrokatzeko erabakia, ordea, ez da legez kanpokoa nazioarteko legegintzaren arabera. Zaila egiten da pentsatzea gatazka armatu batean harrapatutako adingabe batek erabakiak presiorik gabe eta era librean hartu ahal izatea.

Kasualki, protokolo berri horren ezarpena oztopatzen zuen herrialdeak ez ziren ez Uganda, ezta Somalia ere izan —egun haurrak soldadu gisa erabiltzen dituzten bi herrialde—, baizik eta AEBak.

Gertuko argazkiak

Argazkilariek ateratako irudiak urruneko herrialdeetako gatazka armatuetan erabiltzen dituzten haur soldaduen egoera erakusten badute ere, iragan mendeari erreparatuz gero, Europan ez da batere arrotza haurrak gerlari gisa erabiltzea.

Herrialde garatuetako armada moderno eta profesional guztiek dituzte haurrak jomugan. Baionako jaietan Frantziako armadak haurrentzat prestaturiko jokoak dira horren adibide. Haurrei uniformea jantzi eta hainbat ariketa egitea proposatu zieten Abentura ibilaldiak deituriko ekimenean.

Frantziako armadak ez ezik, Erresuma Batukoak ere hamasei eta hamazazpi urteko nerabeak errekrutatzeko propaganda kanpainak egiten ditu, arrakastarekin gainera. Erresuma Batuko armadaren %40k adin horretan jantzi dute lehen aldiz uniformea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.