Tona erdi hegaluze prest dago arranparrilan erre eta Lekeition biltzen direnei 1,5 euroren truke pintxoa eskaintzeko. VI. Hegaluze Egunean herriko arrantzaleek bildutako hegaluze freskoa dastatzeko aukera izango da, 19:00etatik aurrera.
Lekeitioko Udalak eta San Pedro Kofradiak bi urtean behin antolatzen duten ekimena da. Gaur ere ehunka lagun bilduko dira Independentziaren plaza inguruan.
Goizean hasiko dira Lekeitio herriak itsasoarekin duen harremanaren adierazle diren ekitaldiak. 10:00etan, Itsas Arrainen erakusketa jarriko dute plazan, eta, ordu berean, Aittitta Txiki elkarteak antolaturiko marmitako lehiaketa hasiko da. 11:00etan, itsas korapiloen ikastaroa egingo dute. 15:00etan, berriz, mahai inguruan bildu, eta herri bazkariari ekingo diote.
19:00etan hasiko da hegaluze errea eta Bizkaiko txakolina dastatzeko garaia.
Lekeitioko kaleetan jai giroan murgilduta dauden bitartean, hainbat itsasontzi olatu artean ibiliko dira. 35. urtez Lekeitioko Hegaluze Arrantza Klubak antolatutako Hegaluze Arrantz Kopan lehiatuko dira ontziak. Kopa irabazteko helburuarekin, egun osoan arituko dira hamarka itsasontzi ahalik eta hegaluze gehien arrantzatzen saiatzen.
Aurten kontserba posturik ez da izango, antolakuntza eta ekoizleen arteko desadostasunak direla eta.
Gerizpean. Uda-pasa
Hegaluzea eta txakolina
Arranparrilan erretako 500 kilo hegaluze dastatuko dituzte gaur arratsaldean Lekeitioko herritarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu