Mendia

Hego polora iritsi dira

Iñurrategi, Zabalza eta Vallejo Amundsen-Scott basean dira; 1.200 kilometro falta dituzte Antartika zeharkatzeko

Kometak baliatuta ziztu batean osatu zituzten atzo 80 kilometro. TRANSANTARTIKA 2011.
2011ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
«Kafesne bero bat aulki batean eserita hartzen ari gara, azkenean». Hala abiatu zuen atzoko eguneko kontaketaren pasarteetako bat Mikel Zabalzak, hego polo geografikoan eraikitako Amundsen-Scott basetik idatzitako mezuan. Egunerokoan plazer txikia dena ezohikoa eta luxu handia baita Antartikako muturreko baldintzetan. Alberto Iñurrategi, Juan Vallejo eta Mikel Zabalza atzo goizean iritsi ziren hego polora, hegoalderen dagoen Lurreko puntura. 80 kilometro falta zituzten iristeko, eta, haizea eta kometak bidelagun, hiru orduan osatu zuten tarte hori. Antartikan 09:15 zirela iritsi ziren hego polora, Euskal Herrian 10:15 zirenean.

Bezperako egunean, abenduaren 28an, ekialdeko haizeak egin zien inuzentekeria. Hego poloa 80 kilometro eskasera zuten, baina haizeak «norabide zuzenetik» ateratzeko arriskuan jarriko zituen espediziokideak, eta alferrikako ahaleginik ez egitea erabaki zuten. Egun osoa geldirik pasa zuten, dendaren babesean.

Atzokoan bai. Eguraldi iragarpenek asmatu, eta kometak aireratuta hegan egiteko modua izan zuten. Esnatu, ohikoa dutenez, goiz esnatu ziren. Zabalza izan zen goiztiarrena, Antartikako 24 orduko egunarekin apenas egin baitzuen lorik. Gosaria prestatu, eta 06:00etarako hasi zuten ibilia. Vallejo aritu zen gidari, GPSa lagun. «Lainotua zegoen, eta elurra ere ari zuen, baina hego poloa bost kilometrora dagoela iragartzen duten banderatxoak ikusi ahal izan ditugu», azaldu zuen Zabalzak. Handik Amundsen-Scott baserainokoa ziztu batean osatu zuten.

1.200 kilometro aurretik

Transantartika 2011 espedizioak 44. eguna zuen atzokoa. Hilabete eta erdi da errusiarren Novolazarevskaia basetik abiatu zirela, eta hego polora iristeko 2.000 kilometrotik gorako eremu zuria zeharkatu dute. Eskiak jantzita edo oinez, 300 kiloko leratik tiraka. Haizea lagun izan dutenean, ziztu bizian; haizerik izan ez denean, kostata aurrera eginda. Basamortu izoztuan aurkitu dituzten sastrugiak —elurretan dauden irregulartasunak— eta pairatu dituzten ekaitzak oztopo izan dituzte hainbatetan. Haizea eta hotza ere izan dituzte, eta zeropetik 45 graduko tenperatura izatera iritsi dira. Eta egun horietan guztietan ez dute gizakiaren arrastorik ikusi, atzo Roald Amundsen basera iritsi eta hangoek ongietorria egin arte.

Transantartika 2011 espedizioko kideen abentura, ordea, ez da bukatu. Hego polora iristea mugarria zuten, ez helburua. Atsedena hartzeko aukera izan zuten atzoko egunez, baina berehala ekingo diote zeharkaldiaren bigarren txanpari: hego polotik Hercules Badiaraino dagoen 1.200 kilometroko basamortu zuriaren zeharkaldia dute aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.