Hegoak ditu bizkarrean, baina ibiltaria da, batez ere, Aralarko Done Mikel goiaingeruaren irudia. Ongi ezagutzen ditu Nafarroa ipar-mendebaldeko txokoak. Kasik 300 herriri egiten die bisita urtero, eta hamaikatxotan ibili ditu bidexka eta errepideak. Urtean hiru hilabete ematen ditu horretan. Aralar mendilerroan dagoen santutegia utzi, eta herriz herri joaten da goiaingerua fededunengana, santutegiko apaizaren eta bertako laguntzailearekin batera, herritarren muxuak jasotzera. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Igandean egin zuen bere lehen irtenaldia, eta urratsez urrats dabil jadanik. Herriz herri. Ezpainez ezpain.
Erdi Arotik heldu omen da ohitura. Milaka kide zituen orduan Done Mikel Kofradiak, eta eri zirenak laguntzera heldu ahal izateko hasi omen ziren irudia herrietara eramaten. Hala sortu ziren gaur egun ere mantendu eta egiten diren ibilbideetariko asko eta asko. Orain mende franko. Indarra hartuz joan zen ohitura pixkanaka-pixkanaka gero, eta jendetza izaten zuen zain herrietan orain mende batzuk. Herritarrak hirirantz hurbiltzen joan ahala, urrituz joan da jende kopurua etxeetan, baina orain ere jendetza izaten du zain goiaingeruak.
Bost irteera egiten ditu urtean; aldiro ibilbidea moldatu egiten badute ere, ez da askorik aldatzen. Asteko egun berean jaso ohi du herri bakoitzak irudiaren bisita, ordu paretsuan. Irmo egiten ditu urratsak goiaingeruak.
Autoan egiten du orain bidearen zatirik handiena goiaingeruaren irudiak, baina ez da beti hala izan. Harekin batera egiten zuten lehen ere bisita saila Aralarko santutegiko apaizak eta laguntzaileak, eta oinez egiten zuten ibilbide osoa. Zaldi edo mandoren batekin, akaso. Orain, lehen irtenaldia baino ez dute egiten oinez. Baraibarrera egiten dutena zehazki. Pazko igandean egin zuten joan-etorri hura, eta orduan hasi zen goiaingeruaren irudiaren bidea. Salbuespena izaten da. Gero autoa hartuta egiten dituzte gainontzeko herrietarako joan-etorri guztiak.
Euri, kazkabar eta elur
Egun gutxi daramatzate oraindik bidean, baina eguraldiaren hamaika aldaera ezagutu dituzte jadanik bidean, Jesus Mari Sotil apaizak azaltzen duenez. Eguzkia izan dute egun batez, euria beste batez, kazkabarra baita elur pixka bat ere Balerdi inguruan. «Hemendik aurrera ona egingo du». Laguntzailearekin joaten da herriz herri Sotil. «Lan handiko egunak izaten dira», aitortzen du, «ohi baino goizago esnatzen gara eta herri pila bisitatzen dugu». Ez du, ordea, gustuko aldapan ari denik ezkutatzen. «Lana da, baina patxadaz egiten dugu. Herrietan bertan bazkaltzen dugu, baita maiz afaldu ere. Done Mikelen Anaidiko kideen etxean egiten dugu lo. Ezagutzen dugu elkar jadanik, eta jende jatorra da».
Hamar urte badira Sotil Done Mikel goiaingeruaren irudiarekin herriz herriko bidea egiten hasi zela. Pozgarria da, dioenez, herrietan ongietorria egitera joaten zaion jendea ikustea. «Festa bat izaten da, eta ume pila ateratzen da kaleetara». Ezagutzen du errituala, baita ohitura ere, baina ez du horrek esan nahi urtero-urtero harritzen ez denik. «Hau Erdi Aroko kontu bat da. Sekulako bazkariak eta sekulako afariak izaten dira herrietan, eta oso giro polita edukitzen dugu. Ikaragarria da ikustea ohitura hau nola mantendu den ikustea».
Gorritin, Uitzin, Arruitzen, Etxarri-Larraunen, Mugiron eta Aldatzen izan zen atzo. Gaur beste hainbat herri bisitatuko ditu: Alli, Oderitz, Astitz, Iribas, Madotz, Urritza eta Goldaratz. Bihar eta etzi, berriz, Latasa, Zarrantz, Eraso, Etxaleku, Oskotz, Muskitz, Zia, Aginaga, Gulia, Larunbe, Sarasate, Eritzegoiti, eta Uharte Arakil, besteak beste.Igandea han emango du, eta Iruñera helduko da astelehenean. Egun batzuk emango ditu han. Astebete, orotara, eliza, eskola eta beste hainbat elkarte eta erakundetan bisitak egiten.
Laikotasuna ezbaian
Nafarroako parlamentura ere egingo du bisita goiaingeruaren irudiak. Asteazkenean izango da ekitaldia. Muxu emango diote goiaingeruari ordezkari politikoek, eta argazkilari batek erretratatuko ditu orduan. Tradizioz hala egin da orain arte, eta hala egingo dute aurten ere. Tradizio bilakatze bidean da ekintza horren inguruko eztabaida ere, ordea. Erakunde publikoen laikotasuna da arrazoia. Badira urte batzuk polemika piztu zela, eta urtero berritzen da geroztik. Done Mikelek parlamentura egingo duen bisitaren aurka azaldu da Ezkerra koalizioa. Eta jarrera hori hartu duen alderdi bakarra izan da.
Erlijio ospakizuna dela argudiatuta, bisita bertan behera uzteko eskatu du Ezkerrak, baina UPNk, PSNk, NaBai-k, Bilduk eta PPNk ez dute eskaerarekin bat egin. Aurreko urteetan ere ez dute arrakasta handirik izan goiaingeruaren bisita salatzeko egindako eskariek. Oraingoan ere ekitaldian egotea ez dela beharrezkoa gogorarazi diote sozialistek Ezkerrari.
Aurreko legealdian, Nafarroa Baik, PSNk eta Nafarroako Ezker Batuak eraikin publikoetatik erlijio irudiak kentzeko eskaera egin zioten Nafarroako Gobernuari. Goiaingeruak egindako bisita ez zuten, ordea, eskaera horren barruan hartu PSNk eta NaBaik.
Hegoak dituen aingeru ibiltaria
Nafarroako ia 300 herri bisitatuko ditu hurrengo egunetan Aralarko Done Mikel goiaingeruaren irudiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu