Txotxongiloak ez direla haurren kontua soilik erakutsi dute Helduentzako Nazioarteko Txotxongiloen Jaialdiko antolatzaileek azken hamarkadan. Izan ere, jaialdiak 11 urte bete ditu aurten. Ostegunean hasi bazen ere, asteburuan zazpi ikuskizunez gozatzeko aukera egongo da, kalean zein aretotan.
Andaluziako (Espainia) Ymedio Teatro konpainiak Sie7e ikuskizuna aurkeztuko du gaur, Munibe plazan, 12:00etatik aurrera. Lan berezia da: 7 metro koadroko agertokian, hiru aktore aritzen dira, 10 minutuz, 15 ikuslerentzat.
San Martin plazan, 19:00etan, H, o2topoz gurpil aulkien gaineko ikuskizun-salaketa aurkeztuko du Iñaki Matas sortzaileak. Elbarriek pairatzen dituzten egoerak era dibertigarrian erakusten ditu.
Merçe Gost katalanak Sota minims lana taularatuko du, Pikupe aretoan (Artekale 7.ean). Maitasunaren inguruko obra da, 15 ikuslerentzat.
Diagnóstico Hamlet pieza erakutsiko du C. Pelmanecek, 20:00etan, Zabalotegi aretoan.
Igandean, Merçe Gosten lana ikusi ahalko da berriro. Horrez gain, Markeliñek Zoozoom ikuskizuna karrikaratuko du, eta Portugalgo La Fontana konpainiak Indonesiako itzal antzerkian oinarrituriko Prometeu lana erakutsiko du.
ANTZERKIA
Noiz. Gaur eta bihar, eguerditik aurrera.
Non. Bergarako (Gipuzkoa) hainbat lekutan.
Helduentzako txotxongiloak
Hainbat ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da oraindik Bergaran, nazioarteko jaialdiko azken egunetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu