Gibeleko minbiziaren eragile nagusia da Karzinoma hepatozelularra (CHL). Gehiagotan errepikatzen den bosgarren minbizi mota da, eta hirugarrena heriotza tasari begira. Sortzen den kasuen kopurua eta sortzen duen heriotza tasa parekoak ditu. Gaixo gehienak hilabete batzuetara hiltzen direla, alegia. Tumore heterogeneoa da oso; aldagai askok dute eragina haren sorreran eta garapenean. Horregatik, zientzialariek ez dute atsedenik hartzen botika berriak garatzea ekarriko duten ikerketetan. Oraingoz, ordea, ez dago terapia eraginkorrik.
CIC bioguneko Metabolomika Unitatean, Derion (Bizkaia), karzinoma hilgarri horri aurre egiteko ikerketa itxaropentsu batean ari dira lanean. Maria Luz Martinez Chantar doktoreak (Madril, 1968) aurkikuntza esanguratsu bat egin du molekulen jokabidean. HuR esaten dioten proteina kopuru handian azaltzeak lotura dauka karzinomaren gaiztotasunarekin, minbiziarekin alegia. Hori jakiteak ikerketarako bide berriak zabaltzen ditu, betiere terapien bila, terapia eraginkorren bila. CIC Bioguneren ikerketaren berri eman du Nature Reviews Gastroenterology & Hepatology aldizkariak.
Urteak daramatza martxan ikerketa horrek, eta hitz gutxitan azaldu daiteke haren muina: NEDD8 molekulekin modifikatutako proteinak sortzen ditu nedilizazioa esaten dioten erreakzioak. Nedilizazioak dakar karzinomaren zelulak garatzea, hau da, minbiziak gibelean aurrera egitea. HuR proteina oso kopuru handian azaltzen da orduan gaixoaren gibelean. Bada, nedilizazioa oztopatuz edo HuR proteina orekatuz, kopurua txikituz, gibeleko tumoreak atzera egiten du. Hala gertatu da in vitro-ko zeluletan eta in vivo egoeran, arratoiekin. Nedilizazioa oztopatzeko botika bat bazegoen aurretik; hortaz, haren toxizitate maila ezaguna da jadanik, eta hori abantaila handia daikerketa bide honek aurrera egin dezan.
Noiz hasi zarete ikerketa bide honekin, eta zergatik?
Gibeleko minbizia ikertzen urteak daramatzagu, eta ohartu gara gibeleko karzinoman proteina batzuk daudela oso induzituak azaltzen direnak. Zergatik, ordea? Molekulen mekanismo hori ezagutu nahi izan dugu, zerk eragiten duen proteina horrek kopuru handian azaltzea.
Zein izan da emaitza?
HuR proteinan jarri dugu arreta, beste tumore mota batzuetan ezaguna delako haren gaitasuna tumoreak gaiztotzeko. Horrela, jakin dugu nedilizazioa dela HuR proteina erregulatzen duena; mekanismo molekular horren eraginez azaltzen da tumore gaiztoetan HuR hain induzitua. Prozesu hori ezaguna da aspaldian, nedilizazioa alegia. Prozesu horrek proteina bat markatzen du haren degradazioa saihesteko; babestu egiten du nolabait. NEDD8 proteina lotu egiten zaio beste proteina bati, hura babesteko, zelula sistemak hura ezabatzea saihestuz. Tumorearen zelulak hazteko eta minbiziak aurrera egiteko HuR proteinek oso induzituak egon behar dute, eta nedilizazioak dakar hori.
Beraz, nedilizazioa da saihestu behar dena?
Hori da. Guk botika baten bidez nedilizazioa esaten diogun mekanismo molekular hori oztopatu egiten dugu, saihestu, eta, ondorioz, zelula gaiztoak babesik gabe geratzen dira, eta hepatokarzinomak atzera egiten du. Millenium The Takeda Oncology Company farmazia enpresarekin ari gara elkarlanean, eta haren botika bat erabiltzen ari gara gure ikerketan, nedilizazioaren inhibitzaile bat. Lehendik ezaguna da, leuzemiaren hainbat kasutan erabiltzen delako. Haren toxizidade maila ezaguna da beraz, eta, alde horretatik, abantaila handia daukagu. Orain ikusi behar dugu gibeleko minbizian benetan eraginkorra denetz. Gure helburua da HuR proteina blokeatzea, metastasia ahalbidetzen duten geneak geratzea lor dezakegulako modu horretan. HuR proteinak erregulatzen du, besteak beste, metastasia eragiten duen mekanismoa. HuR induzitua dago nedilizazioarengatik; beraz, nedilizazioa saihestuz, HuR hain induzitua ez egotea lortzen dugu, eta, ondorioz, tumoreak atzera egitea lortzen dugu.
Zergatik da hain zaila hepatokarzinomaren aurkako botikak garatzea?
Oso minbizi heterogeneoa delako. Bular minbizia ere heterogeneoa da, baina ezin da alderatu, askoz ere mugatuagoa dago. Gibelekoan, berriz, prozesu molekular ugari daude tartean. Horregatik, ez dago modu bakar bat gaixotasunari aurre egiteko. Tumoreari aurre egiteko modu pertsonalizatuak behar dira, gaixoen neurrira eginak. Nedilizazioa blokeatzea ildo horretatik doa. Etorkizunean markatzaile batzuk izango ditugu, zeinak esango diguten gaixo bakoitzak zein mekanismo molekularren bidez garatu duen tumorea. Horren arabera, botika eta dosi zehatzak jasoko dituzte. Baina hori dena etorkizunean gertatuko da, ez luze gabe.
Izan ere, orain hasi zarete arratoiekin probak egiten, ezta?
Bai, aurretik, karzinomarekin gaixotutako pertsonen zelulekin aritu gara, in vitro. Orain, arratoiekin hasi gara. Tumorearen kontra egiten dugu botika zehatz batekin, eta ikusi dugu karzinomak atzera egiten duela. Finean, minbiziari aurre egiteko ahalezko terapia baten hasieran gaude; hori argi utzi nahiko nuke. Hepatokarzinoma minbizien artean hirugarrena da heriotza tasari begira, eta diagnostiko txarra du. Horregatik da hain garrantzitsua bide berriak zabaltzea. Kontuan hartu diagnostikoa egiten zaien %29 lehen urtean hiltzen direla eta bigarrenean %16.
Ezarian. Minbizia. Maria Luz Martinez Chantar. CIC Bioguneko ikerlaria
«Hepatokarzinomak atzera egitea lortu dugu laborategiko probetan»
Gibeleko karzinoma hilgarriari aurre egiteko ikerketa bide berri baten ikerkuntzan ari dira CIC Bioguneko Metabolomika Unitatean. Emaitza itxaropentsuak lortu dituzte laborategian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu