Herria, museo bihurturik

Bergarako alde zaharrean, artelanak jarri dituzte itxita dauden denden erakusleihoetan, komertzioa biziberritzeko. Margolanak dira lan gehienak, eta herriko artistek egin dituzte guztiak.

Alde zaharraren gainbehera iraultze aldera, herriko artisten lanekin apaindu dute Bergara. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
2012ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Museo bihurtu dute Bergarako alde zaharra. Ordaindu beharrik eta ordutegirik gabeko museoa, herritar guztien eskura. Komertzioa biziberritu nahian, artelanak jarri dituzte itxitako denden erakusleihoetan. Larunbatean bistaratu zituzten lanak, eta datorren urteko udazkenera arte hara joango den edozeinek izango du arteaz gozatzeko aukera.

Iaz sortu zen ideia, Bergarako Udalean. Alde zaharraren gainbehera ikusi, eta irtenbide baten bila hasi ziren. Herrian duten artista kopurua ikusita, kaleak artez janztea bururatu zitzaien. Bi helburu bete nahi dituzte modu horretan: alde zaharrari bizia ematea eta herriko artistak ezagutaraztea.

Margolanak dira lan gehienak. Tokatu zaien erakusleihoaren neurrietara eta formara egokitu behar izan dute artistek. Dena den, horixe izan da bete behar izan duten baldintza bakarra, gaia erabat askea izan baita. Guztira, 37 margolan daude ikusgai, bakoitza margolari batek egina.

Dotoreagoa delakoan, margolanak erakusleihoen kanpoaldean jarri dituzte. Justina Elexpuru proiektuaren koordinatzaileak azaldu duenez, hasiera batean kosta egin zitzaien artistek ideia hori onartzea, baina azkenean denek eman dute baiezkoa. «Ez du zerikusirik artelan bat kanpotik ikusi edo aurrez aurre ikusi. Gainera, honek arriskatzea eskatzen du».

Zeramika, egur taila, argazkigintza eta eskultura dira gainontzeko modalitateak. Kasu ho- rietan, lanak kolektiboak dira, eta erakusleihoen barrualdean egongo dira. Herrian lantzen diren arte modalitateak erakutsi nahi izan dituzte modu horre- tan.

Ikusgai dauden artelanak saltzeko aukera ere izango dute proiektuan parte hartu duten artistek. «Eta hala bada, hobe», adierazi du Elexpuruk. Dena den, norbaitek artelan bat erosten badu, artistak erakusleiho horretarako beste lan bat egin beharko luke. Horixe da udalarekin egindako hitzarmena, erakusleihorik hutsik gera ez dadin.

Udalak sustatu du proiektua, Beart Bergarako Arte Elkartearen laguntzarekin. Herriko artistek osatzen dute elkarte hori.Eta proiektuan parte hartu du-ten guztiak ere herritarrak dira. Elexpuruk azaldu duenez, inguruko herrietako jendeak ere eman zuen izena, baina ez zuten onartu. «Herrikoekin osatzen ginen».

Artea sutara, protesta egiteko

Larunbateko San Joan sua aprobetxatuz, hainbat artistak suta-ra bota zituzten margolan batzuk, artearen balioa aldarrikatzeko. Modu sinboliko batean, «Bergaran eta halako herri txikietan arteak zein irteera gutxi dituen» salatu zuten, Elexpururen esanetan. Bide batez, artistek egiten duten esfortzua zein gutxi baloratzen den ere aldarrikatu zuten.

Dena den, Bergarako alde zaharrean antolatutako museoak harrera ona izatea espero du Elexpuruk, eta turista asko erakarriko dituelakoan dago. Ideia «berritzailea, berezia eta paregabea» iruditzen zaio. Izan ere, eurek dakitela behintzat, aurrez beste inon ez da horrelakorik egin. «Argazkiekin bai, baina artelanekin ez».

Laster izango dute izandako harreraren berri, eta herritarrek artea baloratzen duten ere agerian geratuko da; margolanak erakusleihoen kanpoaldetik egonik, artistek badakite arriskua hor dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.