Baztan ibaiak gurutzatzen du Elizondo (Nafarroa). Ez da kasualitatea. Garai batean, herriko bizimoduaren parte zen ibaia, eta hari lotuta zegoen herritarren egunerokoaren zati bat. Berdin gertatzen zen herririk gehienetan ere. Eta iragan hori gogoratzea da Errotaren Egunaren helburua. Urtero ospatzen dute festa hori Baztan-Bidasoa inguruan, txandaka. Iaz, Amaiurren (Nafarroa) egin zuten jaia, eta, aurten, Elizondok hartu du lekukoa, Etxaideko errotak.
Errota da festaren erdigunea, eta han egingo dira ekitaldi gehienak. Goizean abiatuko da egitaraua, 11:00etan. Artisau azoka txiki bat egongo da errotaren inguruan bazkalordura arte. 11:30ean, bisita gidatua egingo dute errota eta kanalean, eta, gero, Juainas Paulek hitzaldia emango du errota eta elikagaien inguruan. Xaloa telebistak egindako erreportaje bat emango dute ondoren. Eta, proiekzioa bukatzean, hurrengo urteko errotari emango diote lekukoa.
Taloak eta historia
Taloak jateko aukera izango da egun osoz errotan, eta arratsaldean, berriz ere, bisita gidatua izango da Pello Iriarte historialariaren eskutik, 17:00etan. Garai bateko bizimodua ezagutaraztea da xedea, herritarren elikaduran eta bizitzan errotek izan zuten garrantzia azaltzea.
Ez da izango etzikoa Baztanen udazkenean egingo duten festa bakarra, ordea. Datorren larunbatean, adibidez, Kirikoketa Besta ospatuko dute, eta sagardoa garai bateko modura egingo dute XVII. mendeko dolaretxe batean. Hilaren 26an, Udazkeneko Feria izango da Elizondon.
ERROTAREN EGUNA
Non. Elizondon (Nafarroa).
Noiz. Larunbatean.
Herrian errotutako errotari begira
Elizondo. Egun beteko festa antolatu dute Elizondon larunbaterako, Errotaren Eguna ospatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu