Herriaren sorrera gogoan

Zazpiehun urte bete dira aurten Etxarri Aranatz herria sortu zela, eta hura ospatzeko, antzezlan bat prestatu dute herritarrek urriaren 5erako.

Herriko 36 aktore parte hartzen ari dira antzezlanean. BERRIA.
2012ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Zazpi mende bete dira aurten Sakanako Etxarri Aranatz (Nafarroa) herria sortu zela. Mendeurrena ospatzeko, garai hartan herriaren egoera eta herritarren egunerokoa nolakoa zen erakusten duen herri antzerki bat prestatu dute etxarriarrek. Jose Luis Erdoziak idatzi ditu lanaren bertsoak, eta, hark gidaturik, urriaren 5ean taularatuko dute; herrian, noski.

Elkarrizketak ere badituen arren, bertsotan kantatzen eta kontatzen den historia da etxarriarrak prestatzen ari direna. Jose Luis Erdoziaren zuzendaritzapean, hogeita hamasei aktorek parte hartzen dute lanean, denak ere afizionatuak eta herrikoak. Denbora franko daramate antzezlana prestatzen. Abuztuaren bukaeran hasi ziren entseguekin, baina aurretik bi ikastaro egin zituzten. Batean, antzezlanean erabiliko diren jantziak nola egiten ikasten aritu ziren hogei emakume, Nahiara Ekobaltzateren gidaritzapean. Bestean, berriz, antzerkigintzari buruzko oinarriak landu zituzten. Xabier Artieda herriko aktorea izan zuten irakasle. Urriaren 5erako dena prest egoteko, lan eta lan ari dira. Astean bitan, astearteetan eta ostegunetan, bi orduko entseguak egiten dituzte kultur etxean.

Sorrera, duela zazpi mende

Modu batean edo bestean, herritarrak buru-belarri ari dira antzezlanaren prestaketan. Haien lana ezinbestekoa izan da. «Oso giro ona dago, eta herritarren inplikaziorik gabe ezinezkoa izango zen», azpimarratu du Erdoziak. Herriko abesbatzak ere parte hartuko du lanean, Erdoziak idatzi eta Adur Goikoetxeak musikatutako Etxarriko ereserkia kantatzen. Horretaz gain, antzezlanaren hainbat zati gertatu ziren tokietan grabatu dituzte, agerraldi bakoitzak aretoan jarriko den pantaila handian bere ordaina izan dezan antzezlana taularatzen denean. Bertsotan kantatutako lana izatean lana errazten saiatu da Erdozia. «Sei doinu ezagun aukeratu ditut, eta horiekin kantatzen dituzte bertsoak».

1312an sortu zen Etxarri Aranatz herria, eta orduko gizartea eta historia dakar gogora Erdoziaren lanak. Gaztelako koroak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa konkistatu ondoren, gaizkileen muga bihurtu zen Sakanako harana. Nafarroako erregeek, herritarrak muga ondoko lurraldean gera zitezen, foru eta laguntzak eskaini zizkieten. XIII. mendearen hasieran, Antso VII.ak Arañaz lurraldeari forua eman zion, eta 1251ean, Teobaldo I.ak Etxarriko eliza eta dorrea Arañazko biztanleei utzi zien. Agurain (Araba) eta Lazkaoko (Gipuzkoa) jauntxoen lapurreta eta harrapaketaren kontrako babesleku eta defentsa moduan eraiki zen Etxarri. 1312ko irailaren 17an, Luis I. Hutin erregearen Nafarroako gobernadore Enguerrand de Villiers-ek herri karta eman zion Etxarri Aranatzi. Aranazko herritar gehienak herri berrira aldatu ziren. 1351n, erasoetatik babesteko harresia eraikitzeari ekin zioten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.