Esti Iragorrik urte asko daramatza Oiartzungo Jai Batzordean. Goizero-goizero bere txokolategia ireki ohi du, parranda amaitu ostean hara bilduei tripa berotzeko txokolatea eta jatekoak eskainiz. Oiartzunen pertsona ezaguna da Iragorri, Garmendia txokolategiko jabea eta Jai Batzordeko kidea. Xanistebanetan, goizero ireki ohi du txokolategia, eta herriko gazteak kontrolpean mantentzen ditu horrela. Larunbateko arkume jatearen antolatzaileetako bat ere bada. Orain lau urte jarri zuten bazkari hori, eta urtetik urtera gero eta jende gehiago biltzen du; aurten 660 lagun izango dira bazkaltzen.
Zer-nolako jaiak dira xanistebanak?
Oso onak. Denetarik izaten dugu herrian. Oso giro polita sortzen da, herrikoa; gehienbat bertako jendea elkartzen denez, ezinezkoa da giro txarrik sortzea. Atzo bezpera eguna izan zen, eta gaur San Eztebe eguna; atzokoa beroketa eta gaurkoa egun handia da. Herritarrak kalera irten eta ondo pasatzeko egunak dira hauek. Ez dago umore txarrentzako lekurik.
Ze garrantzi du arkumearen erretzeak eta ondorengo bazkariak oiartzuarrentzat?
Momentu batean adin tarte bateko herritarrak lekurik gabe geratu ginen. Haurrek bere lekua dute jaietan, haien ekitaldiekin; gazteek ere badute berea, eta erretiroa hartutakoek ere bazkaria egiten dute haiei eskaintzen zaien egunean. Orduan, tarteko adinekoentzat zerbait antolatu beharra zegoela ikusi genuen. Hasiera batean, nahiko mugatua zen arkumearen erretzea eta bazkaria, baina pixkanaka laguntza elkartuz, handituz joan da. Aurreko urtean 500 lagun inguruk bazkaldu zuten, eta aurten 660 izango dira. Oso gustura dago jendea, oso bazkari herrikoia izaten da, denon artean egiten da egin beharrekoa.
Parranda bukatutakoan, txokolategira joan ohi dira parrandero guztiak. Nola moldatzen zara haiekin?
Primeran! Txokolategira biltzen dena, oraindik zutik dagoelako iristen da. Oso giro polita sortzen da. Denetarik egiten du jendeak: batzuetan, bertsotan aritzen dira; besteetan, txisteak kontatzen… Barrez algaraka aritzen dira denak. Dantzan aritzeko musikarik ez dutenez, txokolategi kanpoan elkartu ohi da jendea, parrandan zehar gertatutako gorabeherak gogoratuz. Inoiz ez dut arazorik izan, giroa bikaina izaten da .
Jaietan ateratako argazkiak zintzilikatzen omen dituzu txokolategian. Nola izaten da hori?
Arropa zintzilikatzeko pintzekin, txokolategian zehar soketatik zintzilikatzen ditut egunean osoan ateratako argazkiak. Oso polita izaten da; agertzen diren argazkiren baten bila eta barrezka aritzen dira goizean iristen direnak. Askotan, argazkia etxera eramateko eskatu ohi didate, eta nik eman egiten dizkiet. Izaten da baimenik eskatu gabe argazkia eramaten duenik ere; kar-kar! Asko gustatzen zait argazkietako protagonistei aurpegiak ikustea.
Esti Iragorri. Jai Batzordeko kidea
«Herritarrak kalera irten eta ondo pasatzeko egunak dira»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu