Jaiak. Sanmigelak Oñatin

Herritarrak protagonista izango dira

Lazarraga jauregiko lorategia zabalduko dute gaur, Oñatiko Udal Musika Bandaren kontzertuarekin

Herriko kuadrillak mozorrotuta aterako dira Errosaixo Bixamon Egunean, urriaren 8an. OÑATIKO UDALA.
Joxi Ubeda Goikoetxea.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Oñatiko sanmigelak hasi dira jadanik. Txantxikuaren jaitsiera eta danborrada atzo izan ziren, giro ederrean.

Gaur, berriz, San Migel Eguna ospatuko dute. Oñatiko Udal Musika Bandak Lazarraga jauregiko lorategietan kontzertua egingo du, 13:00etan. Oñatiko plazan dago jauregi hori. XV. mendekoa da, eta orain arte itxita egon da. «Carlos Martinez de Irujo jabearekin akordio bat lortu da lorategiek erabilpen publiko bat edukitzeko, hau da, herriarentzat izateko», Manu Egaña Oñatiko Kultura zinegotziaren hitzetan. Oñatiko Udal Musika Bandaren kontzertuaren bitartez inauguratuko dira Lazarraga jauregiko lorategiak. Euria egiten badu, Errosaixo Egunean izango da kontzertua, urriaren 7an.

Arratsaldean, Oñatz dantza taldeak Euskal Herria Dantzan jaialdia egingo du, plazan. Gauean, rock kontzertua izango da, txosnetan. Gas, Gaur Ez, Akatz eta Kop taldeek joko dute.«Talde guztiak dira onak, baina ezagunenak Kop katalanak dira».

Iazko sanmigeletatik aurtengo sanmigeletara arte jaio diren haurrei ongi etorri egingo diete bihar eguerdian, plazan. «Lehenengo urtez egingo da. Garai bateko tradizioa da. Komunitateak edo herriak ongi etorri egiten die jaioberriei, eta konpromisoa hartzen du ume horiek hazi eta hezteko, denon artean»,

Arratsaldean, zezenak kalean gora eta kalean behera ibiliko dira. Sokamuturra izango da plazan, Kale Barrian eta Atzeko Kalean. «Orain dela 16-17 urte arte egiten zen, baina gero plazan bakarrik egitea erabaki zen; aurten, proba moduan, zezenak kalean gora eta kalean behera berriz ere ibiltzea erabaki da», azaldu du Egañak.

«Lehen, horrek xarma zeukan. Esaterako, jendea poteatzen ari zela, taberna batetik bestera joateko, agian zezentxo bat agertzen zitzaion. Oso dibertigarria zen».

Mariatxi talde batek igandean bertan egingo duen saioa ere aipagarria da. Soria Fausto y los Charros de Jalisco talde mexikarrak iluntzean joko du, plazan.

Urriaren bosta, Egun Morea

«Talde horrekin bezala, beste denarekin ere saiatu gara emakumearen rola benetan bermatzen egitarauan. Jaiak antolatzeko orduan, eredu guztiz maskulinizatua topatu dugu. Oholtza gainean aritzen zen jendea beti mutilak ziren. Berdintasunari buruz-eta askotan hitz egiten da, baina gero protagonistak, edo bistaratzen direnak behintzat, mutilak izaten dira».

Urriaren 5a Egun Morea edo Emakumeen Eguna izango da, eta hainbat ekitalditan emakumea izango da protagonista. Besteak beste, Trasmaribollo kalejira egingo dute arratsaldean, txosnek antolatuta, eta ondoren Las Culebras talde iruindarrak Atzeko Kalean joko du.

Halaber, bazkaria eta Olinpiada Moreak izango dira txosnetan, Batzorde Feministak antolatuta.

Jose Azpiazuren omenez, kantu eta gitarra errezitaldia izango da Bidaurretako elizan, haren jaiotzaren mendeurrena dela eta. «Haren alaba etorriko da, eta Amaia Azpiazu Oñatiko abeslaria ere ariko da, Xabier Ugarterekin». Gauean, Soinu Berbak jaialdia egingo dute Zubikoa kiroldegian, eta bertsoa eta trikitia uztartuko dituzte.

Biharamunean, urriaren 6an, Herri Eguna ospatuko dute. «Egun jendetsuena izaten da. Berrikuntza moduan, herri bazkaria herriko produktuekin egingo da, eta platerak, edalontziak eta beste guztia berrerabilgarriak izango dira».

Urriaren 7an, Errosaixo Egunean, zezenak goizean eta arratsaldean izango dira, eta gauean, musika, piroteknia eta argi ikuskizun bat izango da, plazan.

Jaiak hurrengo egunean amaituko dira, urriaren 8an, Errosaixo Bixamon Egunarekin. Kuadrillak mozorrotuta aterako dira, eta giroa aparta egongo da Oñatiko kaleetan. «Egia esan, egun horretarako ez da ia ezer antolatu behar. Herriak egiten du dena».

Herritarren parte hartzea azpimarragarria baita Oñatiko sanmigeletan. «Garrantzitsuena da jendea etortzea eta jendea izatea protagonista. Horretarako egina dago egitaraua, oñatiarrak eta kanpotik datozenak benetan eurak izateko jaietako protagonistak, eta denon artean kale giroa suspertzeko», azpimarratu du Manu Egaña Kultura zinegotziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.