Onartu behar da gazteen lokalen sare bat egon badagoela, eta ez duela zertan txarra izan», horrela mintzo da Rafael Etxeberria Elgoibarko alkatea. Gazteak lokaletan elkartzeko joera asko zabaldu da azken urteetan, eta horrek arazo berriak ekarri ditu. Horregatik, Euskal Herriko hainbat herritan araudi berri bat jarri dutemartxan, eta horien artean daude Gernika-Lumo eta Elgoibar. Lekuan lekuko berezitasunak bildu dituzte bi horiek,baina, oro har, helburu berbera daukate: bizilagunen eta etxabeetako gazteen elkarbizitza bultzatzea.
Horretarako, Elgoibar eta Gernika-Lumon prozesu parte-hartzaileak bultzatu dituzte bizilagun, gazte, gazteen guraso eta lokalen jabeen artean. Hainbat foro eta batzar egin dituzte alde horiek guztiek, eta gazteen etxabeek bete beharreko baldintzak zehaztu dituzte: komunak eduki beharko dute, baita argia, ura, aireztapena, su-itzalgailua, kontratua, segurua edo isiltasuna. Isiltasuna izan da bizilagunen kexa, eta salaketa gehienen iturburua, horregatik gazteen lokaletan, lekuan lekuko xehetasunekin, isiltasun ordutegia ezarri dute. Hala ere, ixteko ordutegirik ez dute jarri, «zorrotzak izango bagina ez baitzen legea beteko», dio Etxeberriak.
Arau horiek betetzen ez dituztenei ateak itxiko dizkie Elgoibarko Udalak. Gernika-Lumokoak berriz, alde guztien arteko adostasuna bilatuko du, une bakoitzean ezarri beharreko zigorrak hitzartzeko.
Harremanak estutu
Gernika-Lumon arazo horren inguruan egin ziren foroei esker, «hainbat gaztek elkar ezagutu dute, eta aurrerantzean etxabeetako gazteek elkarrekin ekintzak antolatzeko konpromisoa hartu dute», dio Jesus Mari Alberdi Zerbitzu eta Ingurumen zinegotziak. Izan ere, hori da lokalen ugaritzearekin sortu den beste arazoetako bat, «ghettoak bezala dira», Alberdiren ustez. Hala ere, hori aldatu egin da Bizkaiko herri horretan, eta horren adibidea da datorren hilabeteanhainbat etxabetako gazteektortilla lehiaketa antolatuko dutela.
Elgoibarko kasua bestelakoa da. Araua onartu aurretik arkitekto bat pasatu zen etxabe guztietatik, arauaren barruan egokitzeko egin beharko zituzten lanak zeintzuk izango ziren zehazteko. Horren arabera, aurrekontu bat egin, eta udaletxeari igorri zizkion lokal bakoitzaren beharrak. Lan horiek aurrera eramateko ordea, gazteek ez daukate baliabide ekonomikorik, eta horregatik udalarentzako eta herriko elkarteentzako lan egingo dute. Bertatik irabazitako dirua lokala egokitzeko erabili beharko dute gazteek.
Balorazio positiboa
2009an elkarbizitza diagnostikoa egin baitzuten Elgoibarren, horren harira egin zuten araudia, eta joan den urtetik dago martxan. Rafael Etxeberriak esandakoaren arabera, orain arteko esperientzia «oso positiboa da», eta gainerako herrietara hedatzeko modukoa da.
Gernika-Lumoko arautegia datorren asteko osoko bilkuran onartuko dute. Soinuak zirela eta, jendea kexu zen etxabeengatik, eta hainbat salaketa jaso zituen udalak 2010. urte hasieran. Horren ondorioz jarri zuen martxan egitasmo hori. Alde guztiek sinatutako akordio horrekin egoerak hobera egingo duela ziur da Jesus Mari Alberdi.
Ezarian
Herritarren partaidetza, elkarbizitzarako giltza
Elgoibar eta Gernika-Lumoko udalek gazteak, bizilagunak, gurasoak eta lokalen jabeak elkartu dituzte, elkarbizitzarako akordioa sinatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu