Peter Higgsek arkatz eta paperaren laguntza soila besterik ez zuen behar izan sekula ikusi gabeko partikula bat badela azaltzen duten ekuazioak idazteko. 1964. urtea zen. Egungo partikulen fisika sustengatzen duen eredu estandarrak funtzionatzeko, ezinbestekoa da partikula hori: Higgsen bosoia. Edinburgoko Unibertsitateko fisikariaren ekuazio horiek ahalbidetzen dute unibertsoko partikulek masa edukitzea; beste modu batera esateko: masa hori azaltzen dute.
Baina Higgsen bosoia teoria da. Partikula hori ez da sekula ikusi, haren aztarnak aurkitu diren arren; esaterako, quark top ezagutzen den partikula pisutsuena aurkitu zutenean, Higgsen mekanismoak aurreikusten zuen lekuan aurkitu zuten. Zientzialariek, haatik, ikusi egin nahi dute, haren ondorioak ikusi, alegia, eta Higgsen bosoiaren bila dabiltza orain CERNeko instalazioetan, Hadroien Talkagailu Handian (Large Hadron Collider).
Aste honetan egunkari generalisten lehen orrietan ikusi dira Higgsen bilaketari erreparatzen dioten aipamenak. Atlas eta CMC esperimentuen arduradunek esan dute badakitela non bilatu behar duten, mugatu egin dutela Higgsen bosoiaren bilaketa eremua. Aurrerapauso izugarria da, kontuan hartuta zientzialari askorentzat ia ezinezkoa dela hura aurkitzea. Esperimentuon emaitzak datorren urtean ezagutaraziko dituzte, 2012ko amaierarako; eta orduan erantzun bat izango dute: baliteke Higgsen bosoia aurkitu dutela esatea, edo ez dutela aurkitu, edota gerta liteke ez dagoela ondorioztatzea.
Fisika teorikoa eguneroko prentsaren lehen orrietan azaltzeak Higgs aurkitzeak izango lukeen garrantziaren maila eman dezake akaso. Oinarrizko partikula gehien-gehienek masa dute. Hala ez balitz, errealitatea ez litzateke den bezalakoa. Elektroiek masarik ez balute, ez legoke atomorik, eta atomorik gabe, ez legoke ezagutzen dugun materia, gizaki egiten gaituena. Ez legoke biologiarik, kimikarik; ez legoke gizateriarik. Masarik gabeko partikulek ez luketelako pisurik eta unibertsoan joan-etorrian ibiliko liratekeelako argiaren abiaduran ia. Baina oinarrizko partikulek masa dute, eta errealitatea den bezalakoa da. Higgsen bosoiaren teoriak azaltzen du, fisikaren eredu estandarraren oinarrizko piezak.
Ezarian. Zientzia
Higgsen bosoiaren ehizan
Partikulen Fisikaren Eredu Estandarrean aurkitu gabeko azken piezaren bila dabiltza Hadroien Talkagailu Handian (LHC), Higgsen bosoiaren bila. Atlas eta CMS saioen arduradunek diote mugatu dutela haren bilaketa eremua, hurbil egon daitekeela alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu