Lepo. Bero. Gogotsu. Alai. Festa gosez. Andre Mari Zuriaren plazan bildutako jendetza saltoka jarri da suziria lehertu bezain pronto. 18:00etan zutitu da plaza, Zeledonen panpinari San Migelgo kanpandorretik abarkak ikusi zaizkionean. Zeledon Gasteizko zerua zeharkatzen hasi orduko, hasi dira xanpain botilak zabaltzen eta lehen puruak pizten. Xanpainaren bitsak bete du zerua laster batean, eta burbuilek eta keak berotu dute plaza. Jaia lehertu egin da Gasteizen, eta, Zeledonek gogora ekarri duenez, aurten etxea inoiz baino «berdeago» dauka.
Aspaldiko partez, jaien hasiera eguna ez da eguzkitsua izan, eta lainoek, neurri batean, mesede egin diete gasteiztarrei. Bero gehiegirik ez dute pairatu plazan bildutako milaka lagunek, etasuhiltzaileek ez dute ur zorrotadarik jaurti behar izan. Urtero legez, txupina bota baino ordubete lehenago, ehunka lagunek hartu dute lekua plazako zoruan. Gazte zein nagusi, festarako gogoz daudenak San Migelgo erlojuari begira jarri dira segituan, eta algaraka igaro dute txupina bota arteko denbora. Urduri zeuden asko, bereziki txikienak: «Nondik jaitsiko da Zeledon?», galdetu dio neskato batek aitari. «Hango dorrean ikusten duzun zapi zuri horretatik, baina oraindik asko falta da», erantzun dio aitak. Ordu erdi eskas geratzen zaio Zalduondokoari gasteiztarren aurrean agertzeko. Luze egin zaie askori itxaronaldia, bereziki adineko jendeari, xanpainaren bitsetatik nola babestu saiatzen igaro baitute denbora franko, buruan zapiak eta plastikozko poltsak jarrita.
Koloretsu dago aurten plaza: babesle den telefonia konpainiaren ohiko kapela laranjak nagusi dira, baina ikusten dira elastiko eta zapi berde batzuk ere. Hiriburu berdearen alde udalak antolatutako lehiaketan parte hartu dutenenak, hain justu. Bestelako kolorez ere jantzi da plaza, halaber: borrokan diren Ofita, Laminaciones Arregi eta Esmaltaciones enpresetako langileek zabaldu dituzte pankarta handiak, eta euskal presoak ere gogoan izan dituzte, banderola eta pankartekin.
Zoramena
18:00etako txupinarekin batera, burrunba eta algara hasi da. Gasteizko Udal Bandaren kanten doinuekin batera, dantzan jarri da plaza, kortxoak hegan hasi dira, eta denak gora begira jarri dira, Zeledonen panpinak plaza noiz zeharkatu zain. 150 metroko bidea egin du Zalduondoko gizontxoak, eta beheranzko bidea amaitu duenean, balkoira sartu, eta segundo gutxi barru agertu da Gorka Ortiz de Urbina hezur-haragizko Zeledon, aterkia eskuan. Berdea du aurten goardasola, ez beltza, hiriburu berdeari keinu egin nahian.
Hura agertu, eta zoramenahasi da: milaka lagun Zeledonen ereserkia kantatzen hasi dira. Eskuak altxatu ditu Zeledonek, eta jendetza agurtu ondotik ekin dio plaza zeharkatzeari. Azkar igaro du San Migelgo balkoira arteko bidea: lau minutu eta erdi baino ez ditu behar izan. Hamabi urte bete ditu Ortiz de Urbinak Zeledonen irudi izaten, eta esperientzia nabaritzen zaio, baina Zeledonen lagunak taldekoen laguntza ere ezinbestekoa izan du, bidea ederki egin baitiote.
Hala ere, amaigabeko sei minutu izan dira Ortiz de Urbinarentzat, arnas estuka eta izerdi patsetan iritsi baita balkoira. Jendearen aurrean agertu baino lehen, besarkadak eta musuak banatu dizkie zain zituenei.Ostean, gasteiztarrei oihu egiteko nahikoa indar gordea bazuela erakutsi du: «Gora Gasteiz! Gora Andre Mari Zuriaren jaiak!», deiadar egin du euritakoa astintzen zuela. Hiriburu berdea izan du gogoan, halaber, esaldi bitxi batekin: «Gasteizberde dagoenean halakoa bada, nolakoa izango da heltzen denean!».
Jaiei lekua utzi die Zeledonek, eta Gasteizen festa giroa zabaltzen hasi da. Ostegunera arte aspertzeko betarik ez da egongo.
Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen jaitsiera
Hiri berdean, etxe berria
Andre Mari Zuriaren plazak gainezka egin du, Gasteizko jaiei hasiera emateko. Zalduondoko bizilagunak hiriburu berdeari omen egin dio aterkiarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu