Asteburuko proposamenak

Hiri dantzen festa erraldoia

Gasteiz Oreka hiri dantzen lehen jaialdian koreografo entzutetsuek ikastaroak emango dituzte

Oreka Dance elkarteak antolatu du hiri dantzen lehen jaialdia. OREKA.
Ilargi Agirre.
2011ko martxoaren 24a
00:00
Entzun
Ikuskizunak eta heziketa uztartuko ditu gaurtik igandera bitartean egingo den Gasteizko Oreka hiri dantzen lehen jaialdiak.Hainbat ekitaldi antolatu ditu Oreka Dance elkarteak zale eta zale ez direnekin pentsatuz.

Wendy Garcia eta Marco Ramos dantzariek emango diote hasiera jaialdiari. Hiri dantzaren jatorria, historia eta bilakaera nolakoa izan den azalduko dute bideo eta koreografien laguntzarekin. Horretaz gain, Quick Norvegiako dantza taldeak 15 minutuko show-a egingo du. Hiri dantza egiten duten Europako talderik onenen artean dago Quick. Saioa 19:00etan da Ibaiondoko antzokian, eta sarrerak hiru euro balio du.

Izen handiko irakasleak

Ostiralean eta larunbatean nazioarteko koreografo ospetsuenetako batzuek ikastaroak emango dituzte. Hiri dantzen barruan dauden hainbat estilo jorratuko dituzte, eta bakoitzarekin koreografia bat erakutsiko dute. Ostiralean Marcos Ramos eta Dani Garrido izango dira irakasleak. Eta larunbatean, Wendy Garcia, Bilal Malik, Suleman Malik eta Nassir Shrikan —Quikeko kideak— eta Ainara Prietoren txanda izango da. San Andres egoitzara jo beharko dute ikastaroetan parte hartu nahi dutenek, ostiralean 19:30etik 21:30era eta larunbatean 11:00etatik 20:30era; bazkaltzeko ordu eta erdiko atsedenaldia izango dute. Bi egunetarako sarrerak 110 euroko kostua du, eta egun erdikoak, 50 eurokoa.

Asteburuari gogotsu ekiteko,ostiral gauean festa antolatu dute People aretoan. Gasteizko disko jartzaileek jarriko dute musika eta dantza borrokak izango dira. Bi dantzari elkarren aurrean jarri, eta inprobisatu egingo du bakoitzak. Ikusleek erabakiko dute nork irabazi duen guda, txalo zaparradaren arabera. 22:00etan hasiko da jaia, eta edonork har dezake parte dantza borroka horietan. Horretarako, festa hasi baino ordu erdi lehenagora arte egongo da izena emateko aukera.

Jaialdiari amaiera emateko, Oreka lehiaketa egingo dute igandean, Ibaiondoko antzokian, 11:00etan. Guztira 15 taldek eta 12 bikotek parte hartuko dute, Euskal Herritik eta kanpotik etorritako dantzariak izango dira. Tartean, Gasteizko Soul Flavas break dantza taldeak emanaldia eegingo du.

OREKA HIRI DANTZEN JAIALDIA

Zer. Hiri dantzen inguruko ikastaro eta ikuskizunak.

Non. Gasteizen.

Noiz. Gaur hasi eta igandera bitarte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.