Ez da mugimendu handirik ikusten kalean. Sanferminetako zoramena bukatu da, eta festazale uholdea joana da. Iruindar asko oporretan da. Taberna eta denda batzuek ere ateak itxi dituzte, eta terrazetako mahaietan inor gutxi esertzen da. Kalean bisitari gutxi ikusten da, gehienak Donejakue bidea egiten ari diren erromesak. Gainera, egunotako eguraldiak ez du laguntzen; termometroa ez da hogei gradutik pasatzen, eta udazkena dela dirudi.
Iruñea lozorroan dago. Horretaz ohartzeko, Gazteluko plazara eta Alde Zaharreko kaleetara joan besterik ez dago. Atzo, goizeko hamarretan, Gazteluko plazako terrazetan ez zegoen inor eserita. Iruñea kafetegiko zerbitzaria aulkiak eta mahaiak zuzentzen ari zen. Plazan ez dagoela mugimendu handirik onartu zuen. «Sanferminak pasatu eta gero, uztailaren bigarren hamabostaldian, jende gutxi ibiltzen da beti. Aurten, gainera, eguraldi freskoa eta tristea dugu, eta horrek ere eragiten du. Jendeak ez du terrazetan eseri nahi», zioen, etsita.
Plazan, berriz, erretiroa hartua duten bost gizon hitz-aspertuan ari ziren. Oporretan joateko aukerarik ez, eta hirian geldituko dira udan. Aukeran, gainera, nahiago dute plaza erdi hutsik ikusi jendez mukuru baino. «Sanferminetakoa gehiegizkoa da. Orain lasai ibil zaitezke, kaleak garbiak daude, eta ez dago hainbesteko zalapartarik», zioten. Alde Zaharreko zein beste auzoetako kaleetan ere txikia da mugimendua. Autoa uzteko tokia erraz aurki daiteke. Iruñean lanean gelditu direnak eta oporretara joateko dirurik ez dutenak dabiltza.
Duela astebete bukatu ziren sanferminak, eta egunotan Iruñera iristen diren kanpotarrak oso bestelakoak dira. Ez datoz parranda bila. Gehienak Donejakue bidea egiten ari diren erromesak dira. Bernie O'Shea irlandarra da horietako bat. Alde Zaharreko Jesus eta Maria aterpean lo egin eta gero, Garesko bidea hartu zuen atzo goizean. Motxila bizkarrean, lastozko txanoa buruan eta lepotik bueltan zintzilik eguzkitarako betaurrekoak zituela abiatu zen. Donibane Garazin hasi zuen bidaia, duela hiru egun. Handik Santiagoraino (Galizia) dauden 775 kilometroak hilabete batean egitea espero du. Ez da bidea egiten duen lehen aldia. Duela bi urte Iparraldeko bidea egin zuen.
Eguraldiarekin harrituta zegoen O'Shea. «Donibane Garazitik Orreagara joan nintzen egunean Irlandako neguko egun bat zirudien: hotza zegoen, euria ari zuen, eta haizea zebilen, ikaragarria izan zen».
Bide beretik baina metro batzuk urrutiago zihoazen lau gazte. Haietako bat, Nahia, bilbotarra, eta beste hirurak, Adrian, Oliver eta Alba, Tarazonakoak (Espainia). Guztiak ere ikasleak. Orreagan hasi zuten bidea, eta Logroñora arte joanen dira. «Ikasleak gara, eta bidaiatzeko modu merkea da. Gainera, norbere buruarekin aurkitzeko modua ere eskaintzen du». Goiza Alde Zaharra ikusten igaro ondoren, bideari jarraitu zioten. «Bederatzietarako aterpea utzi eta gosaldu dugu. Katedrala ikusi dugu, eta bagoaz orain».
Aterpeak beterik
Erromesen aterpeak beterik daude; hotelak, ordea, erdi hutsik daude Iruñean. Sanferminen ondoren urteko garai lasaiena izaten da hotelentzat. Jaietan, gehienak beteta egon dira, edo %90 bete dira. Orain, berriz, %40ean daude. Ez da gauza bera gertatzen Donejakue bideko aterpetxeekin. Bi daude Iruñean. Alde Zaharreko Jesus eta Marian 112 ohe dituzte, eta egunotan denak beterik egon dira. Iraitzozko etxean (Caparrosoko bideko Errota kalean) dauden 26 oheak ere hartuak zeuden.
Hiria hutsik eta goibel
Sanferminak bukatuta, Iruñea erdi hutsik gelditu da. Festazaleek alde egin dute, iruindar asko oporretan da, eta dauden bisitari apurrak Donejakue bidea egiten ari diren erromesak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu