Erromatar garaitik egon da urari lotuta Iruñearen bizimodua. Arga ibaiari, batez ere, eta hiriaren izena izan daiteke horren froga. Zenbait teoriaren arabera, Arga ibaitik dator Nafarroako hiriburuaren izena, Arga ibaiaren izen zaharretik, hain zuzen ere: Runa izenetik. Lehen biztanleetatik hasi, eta harresi artean bizi zen XX. mende hasierako Iruñearentzat ezinbestekoa izan zen ibai hura. Baita XX. mendeko bigarren erdialdeko hiriarentzat ere. Ordea, bereziki kaltegarri bilakatu zen orduan Argarentzat iruindarrekin zuen harremana. Industrializazioarekin hondakin biltoki bilakatu zen ibaia, etaurrundu egin zen ibaitik, nolabait ere, hiria. 60ko eta 80ko hamarkadetako kontzientziazio lanak bultzatuta, egoera horri buelta emateko asmoz sortu zen Argaren Plan Integrala 1996an, hiria berriz ibairatzeko, eta prozesu horren nondik norakoak azaltzen dituen liburua argitaratu du orain Iruñeko Udalak.
Dohainik banatzen du liburua Udalak, Proiektu Estrategikoen Sailaren egoitzan, Armadaren Etorbideko 2. eraikineko 9. solairuan. Jendeari egindako lanaren berri ematea da helburua. Horregatik debalde banatuko ditu Iruñeko Ibai Parkea izeneko liburuaren 2.000 aleak. Argazkiz eta ibaiaren biziberritzeari buruzko testuz osatutako liburuaren bidez, hiritarrak ibaiaren errealitatea gertuagotik ezagutzea da xedea.
Ibaiari bizkar ematetik, hiriaren bizkar hezurraren parte egitera pasatzea. Hori izan da Argaren Plan Integralaren asmoa, eta, zatirik handienean, Europako Batasunetik heldutako diruarekin egin dute lan hori.
Ez da itzalik gabeko prozesua izan, ordea. Kritikoen hitzetan, gauzak ez dira behar bezala egin. Hainbat alorretan, gainera. Zenbait herritar, talde ekologista eta historialarik salatu dutenez, paisaia, ingurumena eta hiriaren iraganari kasurik egin gabe egin dira moldaketak. Ibaiaren aurka. Ibaien aurka, Argaz gain Elorz eta Sadar ibaiek ere gurutzatzen baitute Nafarroako hiriburua.
Arga da, dena dela, hiriaren historiarekin estuen loturiko ibaia, eta baita biziberritze prozesuaren ardatz nagusi izan dena ere. Urak badu historiarik, izan ere, eta asko dira Arga, Elorz eta Sadarrekin loturiko iruindarren oroitzapenak. Baita ibai horien inguruan iragan denborez mintzo diren eraikinak ere. Zubiak, adibidez. Hor daude Miluze izenekoa eta Santa Engrazia delakoa, esaterako. Erromatar garaiaz geroztik dira biak zutik. Hamaika erreforma izan dituzte mendeetan, baina kalte handiak izan dituzte urteak joan eta urteak etorri, eta, azkenerako, oso egoera txarrean ziren, eta berritu egin ditu, horregatik, Iruñeko Udalak.
Historiari bizkarra
Polemika handiagoa piztu du Caparrosoko errotarekin egin duten lanak. Iruñearen gune estrategikoetariko bat izan da beti errota hori. Hura kontrolatzen zuenak hiriaren irina kontrolatzen zuelako, eta gerra orotan izan da gudarosteen helburu militarretariko bat. Udalak berritu egin du, baina jende askori ez zaio eman dion erabilera gustatu. Piraguismo eskola kokatu du garai bateko errota hartan. Historiari bizkarra eman izana da, horregatik, ahotsik kritikoenek Udalari aurpegiratzen diotena.
Industriaren eta hiriaren garapenarekin hiriaren muga bilakatu zen Arga, eta bitan banatu zuen. Haren alde batera gelditu zen hiriaren alde zaharra, eta beste aldera, aldiz, alde berria. Hori aldatzea izan da ibaia biziberritzeko planaren beste helburuetako bat, eta ibaiaren ertz batetik bestera pasatu ahal izatea da horri aurre egiteko hartu duten neurrietako bat. Zubiak eraiki dituzte, pasabideak... Muga zena, elementu integratzaile bilakatzea zen helburua, Udalaren hitzetan.
Mugak ez ziren ibaiaren alde batetik besterakoak soilik, ordea. Baziren trabak ibaiaren ertzetako ibilbidean ere, eta horiek kentzea izan da Iruñeko eta Arga inguruko beste herrietako Udalen asmoa. Horretarako, kendu egin dituzte ibaiaren parean ibili ahal izatea eragozten duten oztopoak, eta paseo luzeak sortu dira horren ondorioz. 11 kilometrokoa Argaren ertzetan, eta sei kilometrokoak, biak elkartuta, Elorz eta Sadarren ertzetan. Aisia sustatzea izan da xedea.
Ikuspegi orokorrik gabe
Lurra izeneko talde ekologistak salatu izan duenez, baina, eraldaketa hori ez da behar bezala egin. Ez dira ingurumenaren beharrak kontuan hartu.
Lurrako kideen ustez, Argaren kasuan ikuspegi orokorra falta da hura biziberritzeko planean. Hainbat zatitan banatu du Udalak ibaiaren ibilbidea, gunez gune egoeraren arabera moldatu ahal izateko, baina Lurrakoen hitzetan, zati batean eta bestean irizpide kontrajarriak hartzera bultzatu ditu horrek agintariak. Ibai ertzeko paseoak eraikitzeko egin diren zuhaitz mozketak ere behin baino gehiagotan salatu ditu elkarte ekologistak. Curtidores aldapa ingurukoa izan da kasurik larriena, 160 zuhaitz moztu baitzituen Iruñeko Udalak bertan, paseoa eraiki ahal izateko.
Ibaiari ibai izaten utzi ez izana ere kritikatu diote Arga inguruko Udalei ekologistek, ibaiak urak handitzean behar dituen lurrak libre ez utzi izanagatik. Horren ordez, zenbaitetan hormak eraiki dituzte ibai ertzetan Udaleko langileek, eta onuragarri beharrean, kaltegarria da hori, Lurra taldekoen hitzetan. Diotenez, ez da uholdeen arazoa konpontzen, lekualdatu egiten da soilik. Ibaian behera bidaltzen da. Iruñeko Udalak dioenez, ibaiarenak diren lekuak ibaiari utzi zaizkio zenbait lekutan, baina kritikoen hitzetan, hirigintzak ez du esparru hori behar bezala errespetatu. Hori da Arrotxapeako hainbat eraikinen kasua.
Oraindik martxan den prozesua da Iruñeko ibaiaren biziberritzearena, eta oraindik idazketa fasean dagoen Aranzadiko parkeko proiektua da emango den hurrengo urratsa. Hiria ibaira gerturatzen saiatzeko hurrengo neurria; Iruñea Runa zahar harekin berriz lotzeko hurrengo saiakera.
Hiria ibairatuz
Iruñeko ibaien biziberritze prozesua azaltzen duen liburua argitaratu du Iruñeko UdalakArgaren plan integralaren asmoa ibaia hiriaren bizkarrezurra bihurtzea da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu