Baserritar arropa soinean jantzi eta aterkia eskuan hartua zutela bildu ziren atzo haur ugari Bilboko Moiua plazara. Olentzero, Mari Domingi eta galtzagorriak zetozen bisitan, eta umeen aurpegietan urduritasuna ikus zitekeen. «Guretzat opariak ekartzeko jaitsi da menditik Olentzero», esaten zuten haurrek irribarrea ahoan zutela. Aurten ere, eta ohiturari jarraituz, Moiuatik irten eta Kale Nagusian barrena egin zuten Arriaga arteko ibilbidea. Jaitsiera alaitzeko ardura joaldunek, erraldoiek eta musikariek izan zuten. 2011ko Eguberrietako berritasunak, berriz, bi izan ziren. Bata, basajaun pertsonaia mitologikoa, eta Maridomingiren gona bestea. Aurrenekoa, Bilbon lehen aldiz izan delako. Bigarrena, urtero-urtero Euskal Herriko umeek egindako eskaera bete duelako: soineko berria erosi, eta soinean jantzita etorri da Bizkaiko hiriburura.
19:00ak puntu-puntuan zirela iritsi ziren oinez Olentzero eta Maridomingi Moiuara. Ordurako basajaun triziklo gainean zain zeukaten. Ibilgailuaren atzeko saskian haurrentzako opari mordoa zeramatzan. Plazan zeudela ikazkina bere pottokara igo zen. Maridomingi antzara gainera, ordea. Arropa berriekin dotore zegoen Olentzeroren laguna. Soineko morea zeraman soinean, baita beroki zuri eta luzea ere. Arriaga arteko ibilbide guztia haurrak agurtuz eta haien aldarriak entzunez pasa zuten. «Onak ala gaiztoak izan zarete?» eta «idatzi al duzue gutuna? Oraindik bidali ez badiguzue, gure lagun galtzagorriei eman», aholkatu zieten umeei. Haurrek txintxoak izan direla eta mesedez opariak ez ahazteko esanez erantzuten zieten.
Ordu erdiren buruan ibilbidearen bukaeran ziren, Arriagan. Han zain zeuden abeslari eta haurrek kantuka hartu zituzten. Aurrena, Hator hator; ondoren etorri ziren Maridomingi eta Olentzeroren abestiak. Ikazkinak eta laguntzaileak mezu bat irakurri zuten ondoren. Eginkizunari bukaera emateko eta urteroko ohiturari eutsiz, Bilboko alkate Iñaki Azkunarekin makila trukatu zuten.
Atzoko eguna ez zen izan Olentzerok Bilbon igaro zuen bakarra. Gaur goizean ere, ikazkina haurrekin biltzekoa da Bizkaiko hiriburuan. 10:00etatik 14:00etara arte Arriagan egongo da, umeek zer oparieskatzen dituzten adi-adi entzunez. Hiru txandatan antolatuta, 1.500 lagunek Olentzerori gutuna emateko aukera edukiko dute. Eguerditik hurrengo eguna iritsi arte, Euskal Herriko haurren artean irrika izango da nagusi, opariak ireki eta euren desioa bete den ikusi arte.
Hiriburuan, dagoeneko
Bilboko Moiua plazan haur ugarik eman dio ongietorria Olentzerori. Gaur eguerdi arte Bizkaiko hiriburuan egongo da gaztetxoen gutunak jasotzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu