HIRIBURUETAKO PARKEAK. KRISTINA ENEA. Ingurumenarekin konprometitua

Animaliez eta landareez gain, haiek babesteko Ingurumen Baliabideen Etxea du Donostiako Kristina Enea parkeak.

NAIARA ARTEAGA IñAKI GURRUTXAGA
2008ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Donostian dagoen parke berezienetako bat da Kristina Enea izenekoa, Gladys Enea ere esaten diote. Egia auzoko parkera bertaratzen diren oinezkoek, hiriko soinutik eta estresetik urrunduta, naturarekin biltzeko eta lasaitasun apur batez gozatzeko aukera izaten dute. Baina, beste hainbat parkek ez bezala, Kristina Eneak Ingurumen Baliabideen Etxea ere badauka. Dokumentazio zentroa, ingurumenaren informazio puntua eta behin-behineko erakusketak dira parkeko jauregiak dituen elementuetako batzuk.

Kristina Eneako sarrera nagusiko harresia igaro bezain laster, zaintzailearen etxearen ondoan dagoen umeen jolastokia ikus daiteke. Hori eskuinean utzita, bi bide daude: parkearen behealdea zeharkatzen duen ibilbidea, eta urmaelera eta jauregi aldera doan oinezkoen bidea. Bietan dago zuhaitzen gerizpean ibilaldia egiteko aukera, baita inguruko usoen eta usapalen, txepetxen, txantxangorrien eta zozoen soinuak lagunduta giroarekin bateratzekoa ere.

Zuhaitzei begiratuz gero, Kristina Enean gutxienez zortzi motako zuhaitz bertako zein kanpoko daudela ohartuko da oinezkoa. Besteak beste, sekuoiak, haritzak, gereziondoak, Libanoko zedroa, Lawson altzifrea, erramuak, Ginkoa, eta Tibeteko zuhaitz sakratua. Horiei berri batzuk gehitzen dizkiete, aldika zuhaitz gehiago landatzen baitituzte.

Bide laua hartuta, parkearen beheko aldea zeharkatzen da, eskuinean harrizko hesia, Mundaiz aldera doan errepidea eta trenbidea dituela. Parkearen beste aldean dago Kristina Eneara sartzeko bigarren sarrera, Mundaizkoa. Sarrera horren ondoan goraka doan aldapa dago, jauregira doana. Hortik gora jarraituta dago Kristina Eneako hirugarren sarrera, guztietan berriena. Amarako oinzubia da, Urumea ibaiaren ondoan dagoen dorre batetik igotzeko aukera ematen duena. Adin guztietako lagunak dorrera igo ahal izateko, eskailerak eta igogailua daude eraikinean.

Aldapan dagoen bidea hartuz gero, parkearen erdialdean dagoen urmaeleraino doa oinezkoen bidea. Urmaelean bost ahate eta bi zisne daude, eta horien ondoan paumak egoten dira. Oihane Lopetegi Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxeko dokumentazio zentroko langilearen hitzetan, iraganean oreinak eta tximu bat zeuden, eta askotan jendeak utzitako dortokak topatzen zituzten urmaelean. Handik kendu behar izaten zituzten orduan, bestela dortokek gainontzeko animaliak jaten zituztelako. Oihane Lopetegik azaldu duenez, urmaeleko bioaniztasuna mantentzeko kaltegarria da kanpokoa den edozein espezie sartzea.



PARKEAREN SORRERA.Fermin de Lasala y Collado Mandasko Dukeak (1832-1917) udako jauregi eta lorategi gisa eraiki zuen Kristina Enea, eta izen hori bere emazte izandako Cristina Brunettiren omenez jarri zion. Kristina Enea eraikitzeko, Mandasko Dukeak Olazabal sendiaren Mundaiz etxea eta inguruko beste lur batzuk erosi zituen 1863an. Guztira, Kristina Eneak 78.979 metro koadroko zabalera zuen, eta horietatik 993 metro koadro osatzen zituzten jauregiak, sukaldeak, kaperak, atariak, sarrerako etxeak eta begiralekuak.

Jauregia 1890. urtean eraiki zuen Jose Osinaldek, eta parkearen gainean ipini zuen, urmaeletik gertu. Hiru solairukoa egin zuen: beheko solairuan nobleziaren gunea, lehenengoan dukeen gelak, komunak, bulegoa eta otoitz egiteko gela, eta azken solairuan etxeko langileen bizilekua. Beheko solairuak ezkerreko aldean egongela nagusia eta bi txikiago zituen, eta eskuinean jangela eta liburutegia.

Mandasko dukeak ez zuen oinordekorik izan, eta 1926an parkea Donostiako Udalarena izatera pasatu zen. Horren aurretik, ordea, testamentuan etxea Ines Brunetti koinatarentzat izango zela ebatzi zuen. Hura hiltzean, Jose Brunetti koinatuarentzat izango zen, eta ondoren Berenguela Collado y de Alcazar ilobarentzat. Ines Brunetti hiltzean oinordekoek eskubideari uko egin, eta Donostiako Udalak eskuratu zuen Kristina Enea.

Hala ere, Donostiako Udalak hainbat baldintza bete behar izan zituen etxearen jabetza eskuratzeko. Nahitaezkoa izan zen Kristina Enea izenari eustea, baita pasealeku moduan erabiltzea ere. Jolastoki edo bazkaltzeko leku modura erabiltzea debekatu zuen, eta gauez itxia egon behar zuen ezinbestez. Donostiako Udalak eskaera gehienak errespetatu zituen, eta egun debekatua dago bertan jan edo edatea. Era berean, goizeko zortzietan ireki eta arratsaldean itxi egiten dute, neguan zazpietan eta udan bederatzietan. Baina udalak ez ditu beste baldintza batzuk errespetatu, egun parkean umeentzat jolastokia baitago.

Horrez gain, Mandasko Dukeak obrak egiteko debekua ere ezarri zuen, baina Donostiako Udalak parkea hobetzeko hainbat obra egin izan ditu. Azkena iaz izan zen, eta, besteak beste, asfaltoa berritu eta begiraleku berria egin zuten. Begiralearen etxean ere egin izan dituzte berrikuntza lanak.



KRISTINA ENEAKO JARDUERAK. Jauregian aldi baterako hainbat erakusketa egoten dira. Egunotan, maiatzaren 14ra arte, Entzungor izeneko erakusketa dago ikusgai. Soinuak aitzakiatzat hartuta, gizakiak ingurumenarekin duen erlazioa aztertzen da erakusketan: animalien eta fenomeno atmosferikoen soinuak eta gizakiak era artifizialean sortutakoak uztartzen ditu.

Horren ondoren, Lanbroak eta Nubes (Hodeiak) izeneko bi erakusketa egongo dira ikusgai, maiatzaren 15etik ekainaren 3ra. Biak zeruarekin erlazionatuak dauden arren, bakoitzak alderdi batetik jorratzen du gaia. Gure bazterrak poema argazkien bitartez irudikatzea du xede Lanbroa erakusketak. Nubes erakusketak, berriz, meteoro atmosferikoen azterketa eta azalpen zientifikoa ditu helburu.

Erakusketez gain, Kristina Eneako Jauregian hitzaldiak eskaintzen dituzte. Besteak beste, ekainaren 2an goizeko bederatzietatik arratsaldeko seietara kirola eta ingurumena uztartzen dituztenak egongo dira. Klima aldaketaz ere hitz egingo dute ekainaren 5ean arratsaldeko seietan antolatutako hizketaldi informalean. Kostako herri eta klima aldaketa gaietan adituek egingo dute hitzaldia.

Ingurumena jorratzen duten filmak ere ematen dituzte Kristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Ekainaren 2an, arratsaldeko seietan izango da horietan lehenengoa, Paisajes transformados (Paisaia eraldatuak) izenekoa. Filmean gizakiak ingurumenean sortzen duen eragina ikus daiteke, Txinan gertatzen ari den naturaren ustiapena eta kutsadura adibidetzat hartuta.

Bestalde, jauregian naturarekin lotuak dauden hainbat irteera antolatzen dituzte. Horien artean, asteburu metereologiko bat. Maiatzaren 31n eta ekainaren 1ean, goiz eta arratsaldez, lainoak aztertu eta fenologian sakonduko dute hara biltzen direnek.

Behin-behineko jarduerez gain, beste hainbat zerbitzu ere zabalik daude urte osoan. Besteak beste, dokumentazio zentroa eta ingurumen informazio puntua, ikastetxeei zuzendutako ingurumen hezkuntza eta goi mailako ingurumen ikasketak. Horiek guztiek osatzen dute liburutegi, heziketa edo ingurumenari buruzko kontsulta zerbitzua.



KrIsTIna EneaKo GIDa

Izena: Kristina Enea. Gladys Enea izenez ere ezaguna da.

Nolaailegatu: Donostiako Egia auzoan dago. Renfeko tren geltokia Mandasko Dukea pasealekuko sarrera nagusitik berrehun metro eskasera dago. Amarako Euskotren geltokia ere gertu dago.

Parkearen sarbideak: Hiru sarrera ditu. Nagusia Egia auzoan dago. Mundaizko sarbidea eta Amara auzoko oinzubia dira besteak.

Datuak: 1863. urtean hasi zen Mandasko Dukea Kristina Enea parkeko lurrak erosten, udako jauregia eta lorategi handi bat eraiki asmoz. 94.960 metro koadro ditu egun parkeak.

Landaredia: Bertako nahiz kanpoko espezie ugari daude. Lizarra, urritza, astigar zorrotza, astigar zuria, gorostia, zumarra, astigarra, erramua, ezkia, artea, haritza, pagoa, xarma, zedroa, ginkoa eta platanoa, besteren artean.

Hegazti fauna autoktonoa: Mikak, zozoak, birigarroak, txantxangorriak, kaskabeltzak, amilotx urdinak, karnabak, ubarroiak, kaio hauskarak, kaio beltzak, eta buztanikara zuriak ikus daitezke.

Erabilera baldintzak: Oinez eta korrika ibil daiteke. Bizikleta eta patin gurpildunetan ibiltzea debekatua dago, baita motordun ibilgailuetan ere. Otordurik ezin da egin bertan, eta edatea galarazita dago.

Parkearen jabetza: Mandasko Dukearen oinordekoek parkearen eskubideei uko egin, eta 1926ko ekainaren 6an Donostiako Udalaren esku geratu zen.

Ordutegia: Asteguna izan nahiz asteburua izan, 08:00etan zabaltzen dituzte parkeko arteak. Itxi berriz, garaiaren arabera; neguan 19:00 arte dago zabalik, eta udan, 21:00 arte.

Ingurumen baliabideen etxea: Astelehenetik larunbatera 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 20:00etara dago zabalik. Igande eta jai egunetan 10:00etatik 13:30era.

Informazio osagarria:www.cristinaenea.org webgunea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.