Geroz eta hiritar gehiago mugitzen da bizikletaz batetik bestera. Aisialdi eta kirol arlotik at, bizikletari garraioaren ikuspuntutik begiratzen hasi zaio gizartea, garraiobide garbi eta osasuntsua baita. Erregaiaren prezio altuak eta bidegorri sareen hobekuntzak bizikletaren erabilera sustatu dute. Euskal Herriko hiriburuak horren adibide dira. Egunean, 12.000 mugimendu inguru egiten dira bizikletan hirietan zehar; 2011n, %26 igo zen bizikleta erabiltzaileen kopurua.
Ohitura horrek hiriko bizikleta kopuruan ere gorakada handi bat dakar. Hortaz, bizikleta lapurreta gehiago ere bai. Euskal Herriko hiriburuetako biztanle asko kexatu dira bizikleta lapurtu dietela.
2008an, Donostiako udaltzainek 714 salaketa jaso zituzten; 2011n, berriz, 947. Hala ere, salaketen kopuruak gora egin duen arren, hirian dauden bizikleten kopurua kontuan hartuta, proportzioan, salaketa gutxiago izan dira azken urtean. Lapurtutako bizikletetatik soilik 73 berreskuratu zituzten jabeek. Gainera, askotan, bizikleta, udal gordetegian egon arren, jabeak ezin izaten du etxera eraman, ezin baitu berea dela justifikatu.
Gasteizen, 1.260 lapurreta salatu zituzten Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren bulegoetan 2010eko ekainetik 2011ko ekainera; hilean, batez beste, 105 salaketa. Iruñean eta Bilbon, berriz, salaketa gutxiago jaso zituzten; 2010ean, 347 jarri zituzten Iruñean, eta 2011n, 260 Bilbon; haietako hamazazpi itzuli zizkieten jabeei.
Udal biltegiak bizikletaz beterik daude. Lapurreten gorakada eta bizikletak jabeei itzultzeko dauden arazoak direla medio, bizikleten kopurua goraka doa. Bilbon, urtebetean salaketarik ez duten aurkitutako bizikletak GKE batera bidaltzen dituzte, nolabait aprobetxatzeko.
Lapurreta kopuru horiez eta jabeek bere bizikleta berreskuratzeko zuten arazoaz jabetuta, Gasteizko, Bilboko, Iruñeko eta Donostiako udalek erregistro sistema bat jarri zuten martxan. Zerbitzu horrek hiritarrei euren bizikleta erregistratzeko aukera ematen die, horrela lapurtu edo galduz gero jabea erraz identifikatu eta bizikleta itzuli ahal izateko.
Donostia izan zen erregistro zerbitzu hori ezartzen lehena. Erregistratzea beharrezkoa izan ez arren, hiritarren erantzuna berehalakoa izan zen; lehen urtean, 1.342 bizikleta erregistratu zituzten eta, gaur egun, 2.500 bizikletatik gora daude datu basean. Gasteizen ere, 1.900etik gora dira erregistratutako bizikletak.
Erregistratzeko, beharrezkoa da, batetik, jabeak 14 urtetik gorako adina izatea; horrela ez balitz,tutore edo gurasoen izenean jarri beharko litzateke. Eta, bestetik, bizikletak bastidore zenbakia izatea. Halakorik ez badu, udalek, homologaturiko markatze sistema baten bidez, zenbaki bat jartzen diote bizikletari, horrela erregistroan izena eman ahal dezan. Bastidore zenbakia duten bizikleten kasuan ere, markatze sistema jartzeko gomendioa egiten dute udalek, segurtasuna areagotzeko. Horrez gain, Donostiako Udala inguruko herrietako udalekin harremanetan dago, elkarren arteko erregistro sistema bat sortzeko helburuarekin, segurtasuna eremu zabalago batera eramateko.
Bizikleten datu basean sartzea oso sinplea eta erraza da. Internet bidez edota mugikortasun bulegoetan egin daiteke, eta datu pertsonalekin eta bizikletaren zenbakiarekin formulario bat betetzearekin aski da. Behin formularioa beteta, postaz bidaltzen dute erregistro txartela eta bizikletan jartzeko itsasgarriak. Gainera, hirietako hainbat bizikleta dendatan, kendu ezineko iltze bat jartzen dute erregistro zenbakia txertatua duena.
Bizikleta lapurtzekotan, erabiltzaileak, ohiko salaketa egiteaz gain, bizikleten erregistro bulegoan ere ohartarazi behar du lapurretaz. Han, salaketa formalaren erreferentzia, erabiltzailearen izen-deiturak eta bastidore edo markatze zenbakia eta lapurretaren lekua, eguna eta ordua adierazi beharko ditu.
Bide batez, lapurretak saihesteko hainbat gomendio ematen dituzte udalek. Batetik, giltzarrapo on bat erabiltzea; U itxurakoa baldin bada, hobe, indartsuenak baitira. Bestetik, bizikleta uzten den tokia ondo zaintzea, ahal dela jendea dabilen lekuetan, horretarako dauden aparkalekuetan; gauean kalean ez uztea gomendatzen dute. Gainera, bizikletaren erosketa faktura gordetzea gomendatzen dute, galdu edo lapurtuz gero jabea zarela justifikatu eta itzul diezazuten.
Bizikletaren Behatokia
Hirian zehar bizikletekin zerikusia duten arazoak konpontzen laguntzeko, Donostiako Udalaren eta Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkartearen artean Donostiako Bizikletaren Behatokia sortu zuten. Behatoki horrek bizikletaren inguruan hiritarrek dituzten kexak eta iradokizunak kudeatu eta bideratzen ditu, hiri-mugikortasuna zaintzen du eta Hiriko Bizikletaren Plana betetzen den edo ez egiaztatzen du.
Ezarian
Hiriko bizikleten mundua
Bizikletek gero eta leku handiagoa hartzen dute hirietan; hiritar askok, lanera joateko, autoa edo motorra utzi eta bizikleta hartu dute, adibidez. Horrek, ordea, lapurretak areagotu ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu