Hiritarren eta arkitekturaren harremana erakusgai

'Bertan Bilbao' erakusketa estreinatu dute Alondegian, azken urteotan hiriak izan duen bilakaeraren isla

Miribilla pabiloia da Bilbon eraikitako azken eraikinetako bat. BERRIA.
Maialen Unanue
2012ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Pertsonak dira hiriari bizia ematen diotenak, baita hiri arkitekturari zentzua ematen diotenak ere. Hori erakutsi nahi du Bertan Bilbao erakusketak, ostiralaz geroztik Bilboko Alondegian ikusgai dagoenak.

Bizkaiko hiriburua du ardatz erakusketak, haren iragana, oraina eta tarteko eraldaketa ditu aztergai. Lau eremutan banatu dute erakusketa. Iñigo Bujedo argazkilariaren 30 irudik osatzen dute lehenengoa, eta Bilbok azken hamarkadan izan duen eraldaketa erakustea du helburu. Metro Bilbao ikus-entzunezkoa prestatu du Iñigo Salaberriak, eta metroa lehenengo aldiz hartu duen pertsona baten esperientzia kontatzen du. Hainbat eragileri esker osatu dute hirugarren eremua: 1983ko uholdeetatik egun hiriak dituen eraikin handietarako jauzia nolakoa izan den erakutsi nahi izan dute —Guggenheim museoa eraiki aurretik zer zegoen erakutsiz —. Euskadiko Filmategiaren laguntzaz osatu dute azken eremua: Bilbo hizpide duten XX. mendeko zenbait dokumental proiektatuko dituzte.

Hitzaldien zikloa ere antolatu dute. Bujedoren txanda izango da urriaren 10ean, eta Asier Santas arkitektoarena, urriaren 17an. Biak zuzenean jarraitzeko aukera izango da, Alondegiaren webgunetik, streaming bidez.

Heziketa proiektua

Erakusketarekin batera, Lehen Hezkuntzako irakasle eta ikasleentzako heziketa programa antolatu dute.

Imajina ezazu zure hiria tailerraren bidez, hiriari eta haren arkitekturari buruz jardungo dute. Bisita dinamizatuak ere antolatu dituzte, hiriak eta biztanleen eguneroko bizitzak jasandako bilakaera ezagutu eta horren inguruan hausnartu dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.